euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean bukatuko da Jaurlaritzak Diasporaren Egunari buruzko proposamenak bidaltzeko zabaldu zuen epea

2017/12/26

"Diasporizatu" izan zen azkeneko Mundu-Batzarraren leloa, eta horixe litzateke 'Diasporaren Eguna'ren helburua ere
"Diasporizatu" izan zen azkeneko Mundu-Batzarraren leloa, eta horixe litzateke 'Diasporaren Eguna'ren helburua ere

PUBLIZITATEA

Abenduaren 31an, datorren igande gauerdian, bukatuko da Eusko Jaurlaritzak Diasporaren Egunari buruz zabaldutako inkesta edo proposamen bilketara iradokizunak aurkezteko epea. Gogora dezagun, lehenengo fase honetan datari buruzko proposamenak eskatu direla, urteko zein datan egin daitekeen, eta data horretan ospatzeko arrazoiak. Emailak datorren igande gauerdiaren aurretik bidali behar zaizkio Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari, euskaletxeak@euskadi.eus helbidera.

Vitoria-Gasteiz. Proposamenak, esan bezala, arrazoituak behar dute izan, eta jasotako iritzi guztiak irakurri eta gogoan hartu ondoren Jaurlaritzak erabakia hartuko du, Diasporatik aspaldian eskatzen ari diren ospatze/aldarrikatze/ezagutarazte eguna antolatzen hasteko lehenengo harria ipiniz.

Data baten inguruko proposamenen bat badaukazu, ez zazu azken egunerako utzi eta idatzi gaur bertan euskaletxeak@euskadi.eus helbidera, zeure ideiak zeintzuk diren azalduz, egiten duzun proposamenaren aldeko bururatzen zaizkizun argudio guztiak emanez.

Lau urtean behin antolatuta munduko euskal etxe eta federazioen bilgune den Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarretan maiz atera den gaia eta eskakizuna da "Euskal Diasporaren Eguna" antolatu eta ospatzearena, gehienbat Euskal Herriko biztanle eta lagunei zuzendutako zerbait bezala: Euskal Herrian bizi diren herritar arruntei munduan zeharreko beste Euskal Herri horren berri emateko eta "hangoa" "hemen" erakusteko, euskal diasporaren errealitatea aldarrikatuz, munduko euskaldunen emaitza harro erakutsi eta euskal partaidetza sentimentu hori suspertu eta areagotzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia