euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Poliki-poliki Anaitasuna ere ari da itzultzen ‘normaltasunera' eta euskal standa muntatu du Maipuko Garagardo Patioan

2021/10/18

Egunabar Taldea Maipuko 2021eko Euskal Diasporaren Egunean (argazkia EE)
Egunabar Taldea Maipuko 2021eko Euskal Diasporaren Egunean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Maipu, Argentina. Pandemiak sortutako itxialdia eta isolamendua bukaerara iristen ari dira Argentinan. Euskal etxeak gogoz ari dira egoera ‘berri’ hau bizitzen eta udalek antolatzen dituzten aire zabaleko ekitaldietan hartzen dute parte, geldirik pasatu behar izan dituzten hilabeteak gogoan. Hori da, besteak beste, Anaitasuna Euskal Etxearen kasua eta testuinguru honetan euskal txoko eta stand bat prestatu zuten bertako bazkide eta lagunek hiriko ‘Garagardo Patioa’ jaialdian euskal partaidetza bermatzearren.

Baina ez da hori izan aste hauetan Anaitasunako lagunek eta Egunabar taldean bildutako etxeko dantzariek prestatutako euskal txoko bakarra. Iraileko azken asteburuan, hiriaren urteurren ospakizunetan ere hartu zuen parte Euskal Etxeak, Maipuko beste hainbat elkarte eta erakunderekin bat egin baitzuen Anaitasunak San Martin Plazan, beti ere euskal stand baten atzean.

Bi jaialdietan, euskal standean Euskal Herriari eta Euskal Etxeari buruzko informazioa ez ezik, pintxoak eta euskal tartak ere eskaini zitzaizkien bisitariei.

Diasporaren Eguna Maipun

Udalak luzatutako gonbiteak onartzeaz gain, eta beti ere kanpoan –eta artean indarrean zeuden neurriak errespetatzen–, pasa den irailean Euskal Diasporaren Eguna ere ospatu zuen Anaitasunak, Hilaren 11an. Zeremonia San Martin Plazan egin zen, herriko Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan eta, hasteko Alicia Ithurrat lehendakariak hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei.

Dantza emanaldia Egunabar taldeko kideen eskutik etorri zen eta amaieran, ‘Alunelun’ dantzatu zuten batera publikoak eta antolatzaileek. Diasporaren Eguneko argazki gehiago, hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia