euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paraná: gustu eta adin guztietakoentzako tailerrak eskainiz eta omenaldi bat eginez sartu da Urrundik 2024 ikasturtean

2024/03/14

Rocío Pereyra eta Renzo Villanueva dira neska-mutikoei zuzendutako doako euskal jolas eta dantza tailerraren arduradunak
Rocío Pereyra eta Renzo Villanueva dira neska-mutikoei zuzendutako doako euskal jolas eta dantza tailerraren arduradunak

PUBLIZITATEA

Paraná, Argentina. 24 urte betetzeko egun gutxi falta zaizkiola, Paranako Urrundik Euskal Elkarteak publiko guztiari zuzendutako kultur tailerren hasieraren berri eman du. Dantza, musika, antzerkia, kung-fu, xakea eta tangoa dira 2024rako adin guztietarako proposamenen zerrenda luzea osatzen dutenetako batzuk. Udako hilabeteetako lasaitasuna behin betiko atzean utzita, tailerretako batzuk martxan daude jadanik, beste batzuk laster hasiko dira, eta Espainia kaleko egoitzan, haur, gazte eta helduen joan-etorria nabari da berriro, bizitza instituzionalaren seinale.

Abian jarritako lehenetako bat haurrentzako euskal jolas eta dantzen tailerra izan da, Rocío Pereyra eta Renzo Villanuevaren eskutik. Lehenengo bilera joan den ostiralean, martxoaren 8an, egin bazuten ere, izena emateko epeak zabalik dirau oraindik. Beraz, interesa dutenek datorren ostiralean 17etatik 18:30etara egoitzara bertaratuz gero, parte hartu ahal izango dute. Gazteek ere izan dute aurtengo aurreneko euskal kultura saioa eta, urtean zehar, entseguak ostegunetan izango dira, 20:30etan. Helduek, euren aldetik, iragan astelehenean, martxoaren 4an, ekin diote berriro jarduerari. Ignazio Borrásek zuzendua, bat egin nahi duen oro astelehenetan, 20:30etan, egoitzara hurbiltzera gonbidatzen dute.

Astelehenetan, 16:30etatik 18:30etara, xake tailerraren txanda. Astelehenetan eta asteazkenetan, 19etatik 20etara, Kung-fu; eta astearte eta ostegunetan, 17etatik 19etara, gitarra tailerra. Gainera, apiriletik aurrera, urtero bezala, larunbatetan haur eta gazteentzako xake tailerra eskainiko dute, eta asteazkenetan, 20:30etik 22etara, tangoari eskainitako unea izango da.

Tailerrei buruzko edozein kontsulta egiteko, urrundik@gigared.com helbidera edo 343-4632295 telefonora dei daiteke.

Gizataldeetako emakumeei omenaldia


Urrundik-eko Dana Del Valle Villanueva omendu zuten Emakumeen Nazioarteko Eguneko Ekitaldian, egindako lan guztiagatik

Gaztea izan arren, Dana Del Valle Villanueva aspaldi ezaguna da Urrundik Elkartean. Dantzari taldeko kide ohia, txikien dantzari taldearen arduraduna izan zen, haurrekin lan txalogarri eta konprometitua betez. Urte asko daramatza Euskal Etxean modu aktiboan lanean, eta joan den astelehenean, martxoaren 11n, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, omendu wgin zuten “Bere dedikazio, parte-hartze eta esfortzuagatik gizataldeen tradizioen zaintzan». Entre Ríoseko Unión de Colectividadesek antolatua, gizataldeetako emakumeak saritzeko ekitaldi hunkigarria Sala de Mayo aretoan izan zen.

Zorionak, Dana!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia