euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Osasuntsu bete ditu ehun urte Entre Ríos-en Concordiako “Club Vasco Argentino” pilota eta kirol elkarteak

2021/07/19

Lagun artean pilota eta kirolaren inguruan elkartzeko topalekua izan da Concordiako Centro Vasco Argentino (arg ElHeraldo.com.ar)
Lagun artean pilota eta kirolaren inguruan elkartzeko topalekua izan da Concordiako Centro Vasco Argentino (arg ElHeraldo.com.ar)

PUBLIZITATEA

Concondia, Argentina. Concordiako “Club Vasco Argentino” elkarteak 100 urte bete ditu ekainaren 21ean. 1921 urtea zen eta Concordian bizi zen euskaldun talde batek, tartean pilotazale sutsuak ziren Juan Arthagnanek eta Juan Gonzálezek, hasieran "Club de Amigos Vascos" bezala ezagutzen zena sortu zuen. Euren lehenengo kantxa Pellegrini kalean egon zen. Geroago, ahalegin handiz, Beñatena antzokiaren instalazioak erosi zituzten, gaur egungo egoitzak segitzen duen lekuan. Kluba laster bihurtu zen Argentina barnealdean paleta pilota praktikatzeko ezinbesteko erreferentzia eta herrialde osoko kirolari garrantzitsuak bertatik igaroko ziren txapelketa ahaztezinetan partaide.

Berrikuntza-lanak egin dituzte urte hasieran eta otsailean kantxa berritua inauguratu zuten. Frontoiaren berrestreinatze ekitaldira Concordiako alkatea, prentsa, elkarteko agintariak, bazkideak eta lagunak bildu ziren, eta emozioz beteriko inaugurazio partida segitu ahal izan zuten.


Adiskidetasuna eta kirola elkarren bilgarri Concordiako Centro Vasco Argentinon

Paleta partida eta txapelketak antolatu eta jokatu, eta eskolak emateaz gain, “Club Vasco Argentino” elkartea lagunarteko topaleku izan da historian eta izaten jarraitzen du, elkarteko leloak berak islatzen duenez: “Donde hay un pelotari, hay un amigo para toda la vida” (Pilotaria dagoen lekuan, bizitza osorako laguna dago). Rudy Elliot Grieve klubeko presidenteak kontatu dio Euskalkultura.eus-i pandemia aurretik, ohikoa zela euskal kolektibitateak jaiak bertan egitea. Egun, eta osasun-egoera medio, kirol-jarduerak bakarrik egin daitezke.

Mendeurrena ospatzeko, edukiera murriztuko protokolo-ekitaldi bat egin zuten ekainaren 28an. Oroitzapen-plakak jarri zituzten, omenaldi sinbolikoa eginez kluba handitu duten gizon-emakume, bazkide eta buruzagiei. Euren historiako mugarri nagusiak gogora ekarri zituzten. Izan ere, ehun urterekin, erakunde gaztea daukatela azpimarratzen du Grievek, gazte asko dauzkatelako euren historia idazten, esan digu klubeko presidenteak.

Zorionak eta mendeurren on!



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia