euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Norma Etcheverry argentinarra, 'Aspaldiko' poema-liburuaren egilea: “Munduan bada toki bat betidanik berea nauena”

2021/07/20

Norma Etcheverry, Irunen
Norma Etcheverry, Irunen

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Inork ez du zalantzan jartzen euskal etxeek euskal kultura zabaltzen egiten duten lan ikaragarria. Are gehiago erakunde eta gizataldearen mugak gainditzen dituztenean; zer esanik ez hizkuntzaren mugak desegiten dituztenean. Norma Etcheverryren izena La Platako Euzko Etxearen Eguzkia aldizkarian agertu da azken hilabete hauetan. Bere testuak Kritika Literarioen atalean agertzen dira eta bereziki aldizkariak 2020ko abenduan argitaratutako ‘Poesía de la diáspora’ izeneko olerki gehigarrian.

Norma Etcheverry Buenos Aires probintziako Ranchos herrixkan jaio zen. Txikitan etxean euskara entzun zuen. Entzundakoa ez zen nahikoa izan, akaso, euskara ikas zezan baina bai hizkuntza haren oihartzunen bila abiatu eta lehen aldiz bidaiatzeko Euskal Herrira, Iparraldera hain zuzen, “uste nuelako bertan zeudela nire arbasoen sustraiak”, azaldu digu idazleak.

“Ez dut nire familiari buruzko informazio osoa… Badakit Esteban Etcheverry birraitona 16 urterekin iritsi zela Argentinara, 1888an, Bordeleko portutik atera zen ‘Orenoque’ izeneko itsasontzi batean. Gero Patricia Igarzarekin ezkondu zen, eta birramona bai, badakigu Iparraldekoa zela”.

Euskal Herrira egindako bidaia hartan, geroago Aspaldiko poesia liburua izango zenaren ‘hazia’ landatu zuen idazleak. Eta nahiz eta testuak gaztelaniaz egon, olerkiek euskal gaiak jorratzen zituzten.

Ureztatzen diren bitartean haziek jarraitzen dute euren fruituak ematen eta Aspaldiko liburuak bereak ematen segitzen du: La Platako EEko Eguzkia aldizkariak 2020ko abenduan argitaratu zuen ‘Poesía de la diáspora’ izeneko olerki bilduman, Aspaldiko liburuko zenbait olerki daude, gaztelaniazko jatorrizko bertsioan baina alboan euskaratutako bertsioa duela. Itzulpenak Etcheverryren lagunek egin dituzte, Euskal Herrikoek eta baita Argentinan euskaraz ikasten dutenek ere (irakur hemen, 7. orrialdetik aurrera)

“Jakinmin handiko pertsona naiz, gai asko interesatzen zaizkit eta horregatik ezin diot nire denbora osoa ikasgai bakar bati eman. Adibidez, euskara urtebetez ikasi nuen, Euzko Etxean, baina gero utzi behar izan nuen”, azaltzen digu Máscaras del tiempo eta La ojera de las vanidades liburuen egilea den idazleak. “Hala ere, beti nago eta egongo naiz euskal munduan eta euskararekin kontaktuan; eta La Platako Euskal Etxearekin, aldizkariarekin eta Matxin Burdin Liburutegiarekin, noski”, adierazi digu Etcheverryk.

Norma Etcheverry-ren Aspaldiko liburuko olerki bat, gaztelaniaz eta euskaraz

I
Defenderé la casa de mi padre
Gabriel Aresti (*)
Ahora que estoy lejos
ahora que ya estoy aquí
siento
que hay un lugar en el mundo
adonde pertenezco desde siempre
desde el origen de la sangre
y es
la casa del padre
que fue padre del mío
la casa de la que alguna vez
partí hacia el futuro
para saber quien soy:
lluvia
bandera
amor equivocado
mal rayo
tierra
esto que late.
(*) Gabriel Aresti. Poeta nacido en Bilbao, Bizkaia. (1933-1975)

I
Nire aitaren etxea, defendituko dut
Gabriel Aresti
Orain, urrun nagoenean,
orain, nire lekuan nagoenean,
sentitzen dut
munduan badela toki bat betidanik berea nauena:
aitaren etxea da
nire aitaren aitarena.
Etxe horrexetatik abiatu nintzen behin
etorkizunerantz,
nor naizen jakiteko:
euria,
bandera,
okertutako maitasuna
tximista gaiztoa,
lurra,
taupaka dabilen hau.

-Etcheverryren euskaratutako olerki gehiago, Euzko Etxearen Eguzkia aldizkariaren 2020ko Poesia de la Diáspora
-Etcheverryren Patria (Fernando Aramburu) eleberriaren kritika literarioa, Eguzkiaren 13. zenbakian



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia