euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oreka TX taldeak txalaparta Nomadak TX filmarekin uztartuko du AEBetan ostiralean hasiko duen biran

2010/09/15

Nomadak TX Live ikuskizunaren irudi bat (argazkia Oreka TX)
Nomadak TX Live ikuskizunaren irudi bat (argazkia Oreka TX)

PUBLIZITATEA

Ostiral honetan Oreka TX taldeko txalapartariek AEBetan barrena egingo duten biraren lehen emanaldia eskainiko dute, zuzeneko musika Nomadak TX dokumentalarekin batzen duen ikuskizun berria aurkeztuz. Kontzertuak Indiana, Minnesota, Maryland eta New Mexicoko musika jaialdietan, San Franciscoko eta Chinoko (Kalifornia) euskal etxeetan eta Chicagoko Cervantes institutuan gauzatuko dira, besteak beste.

Donostia-San Sebastian. Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek AEBetan barrena eramango dituen birari ekingo diote ostiral honetan, 'Nomadak TX' filmarekin hasi zuten proiektua maila berri batera jasoz. Txalapartariek zuzenean jo eta pantaila erraldoi batean filmaren irudiak eskainiko dituzte, soinu eta irudietan bidaia eginez.

2007an aurkeztu zuten 'Nomadak' filmeak, taldeak 2004ean munduan zehar egin zuen bidaia jasotzen du. Mongoliatik Saharara eta Laponiatik Indiaraino, Oreka TX-eko kideek kultura desberdineko musikariekin jo zuten, lekuan lekuko materialak erabiliz txalapartak egiteko. Mongolian, elur oreinen artzaina den kantari batekin batera jo zuten antzinako euskal musika tresna, Argelian errefuxiatu sahararrekin, Indian adivasi musikariekin eta Laponian suomiekin izotzezko txalaparta bat egin zuten. Bidaia hartan beste kulturetako musikariekin musikaren bitartez komunikatzea lortzea ez ezik, euren musikarekin harremana ere aldatu egin zutela diote txalapartariek. 

Orain, emanaldietan filmearen irudiak erabiliz, Oreka TX-eko kideek entzuleei bidaia hartan parte hartzeko gonbitea egiten diete, euren esperientzia zinearen bidez bizi eta zuzenean jotzen duten musika nondik sortzen den sentitzeko aukera aparta emanez. Taulagainean txalapartariek eskarmentu handiko musikari taldea izango dute lagun: Iñigo Egia (perkusioa), Juanjo Otxandorena (bouzouki), Ritxi Salaberria (baxua) eta Michel Ducau (alboka, ttun ttuna, saxoa).

Emanaldien agenda ostiral honetan abiatuko da Bloomingtongo (Indiana) Lotus World Music & Arts Festival-en egingo duten kontzertuarekin (larunbatean beste emanaldi bat izango da). Igandean Maryland-eko Takoma Park hiriko Montgomery College-n izango dira eta asteazkenean Minneapoliseko (Minnesota) Global Roots Festival jaialdain. Ostegunean, irailaren 23an, Nomadak TX Live ikuskizuna San Franciscoko Basque Cultural Center-era eramango dute eta ostiralean Chinoko Euskal Etxera. Larunbatean, irailaren 25ean Globalquerque jaialdian izango dira (Alburquerque, New Mexico). Asteazkenean Chicagoko Cervantes Institutan ariko dira (19:00tan) eta ostegunean Chicago Cultural Center-en (22:15tan).

Ikuskizunaren nondik norakoak ikusteko:

 

-Nomadak TX Live bira eta Oreka TX taldeari buruzko informazio gehiago: hemen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia