euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzero hasi da munduko euskal etxeetako umeei opariak banatzen: Londres, Washington, Chivilcoy...

2012/12/20

Washington-eko Euskal Etxeko txikiei opariak ekarri zizkien Olentzerok (argazkia WashingtonEE)
Washington-eko Euskal Etxeko txikiei opariak ekarri zizkien Olentzerok (argazkia WashingtonEE)

PUBLIZITATEA

Gabonak bertan dira eta euskal tradizioan Olentzero Gabon gauean etortzen bada ere, Diasporako zenbait euskal etxetara goiztiar heldu da. Londresen, adibidez, Mari Domingirekin batera azaldu zen euskal kondairetako ikazkin ezaguna, opariak banatuz London Basque Society elkarteko umeen artean. Washington-eko Euskal Etxearen Eguberri festan ere izan zen Olentzero, urtero legez, eta handik Argentinako Chivilcoy herrira bidaia egin zuen. Asko dira munduan euskal ikazkinaren bisita aurreratua jaso dutenak Estatu Batuetan, Argentinan, Uruguain, Espainian, Venezuelan, Kanadan, Australian... Hona adibide batzuk.

Donostia-San Sebastián. Munduko hainbat euskal etxek Eguberri festak aurreratu egin dituzte, ahalik eta bazkide gehien bildu ahal izateko, familia eta senitartekoekiko hitzorduak hasi baino lehen. Hori dela eta Olentzero, eta zenbait kasuetan bere lagun Mari Domingi ere, goiztiar azaldu dira euskal etxe hauetara, opariak banatuz elkarteetako txikienei.

Londresen, adibidez, abenduaren 15ean egin zen Eguberro Jaia, Oxford House-eko egoitzan. Lagun eta bazkide asko bildu ziren bertara bazkaltzera, eta bazkalostean Olentzero eta Mari Domingi agertu ziren, umeen zoramena piztuz. Elkarteak Facebook orrian argitaratu ditu eguneko hainbat argazki, eta gainera, bideo hau sareratu du: 

  

Munduko beste hamaika lekuren artean, Argentinan ere ibili da Olentzero, eta besteak beste, Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxearen Eguberri festan izan zen. Bertan mahaitik mahaira ibili zen, elkarteko neska-mutilen artean opariak banatzen, jai giro ederrean. Euskal etxeak sarean jarri du une hori jasotzen duen bideoa:

Jauzi geografikoa emanez, Estatu Batuetan urtero Olentzeroren bisita jasotzen du Washingtongo Euskal Etxeak, eta aurten ere hortxe izan zen ikazkina, elkarte gazte honetako haurrentzako opariekin. Gurasoek ere ederki gozatu zuten egunaz, eta euren seme-alabak euskal pertsonaia honekin liluratuta ikusteaz. Elkarteak Picasa sarean jarri ditu argazkiak. Bilduma osoa ikusteko, jo hona.

Aldiz, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en ez zen Olentzerorik izan, baina elkartearen Eguberri festan neska-mutilek Belengo jaiotza egin zuten. Aurten, Santa Klaus izan zen opariak banatzeko arduraduna, beste inoiz Olentzeroren laguntza izan badu ere. Eguneko argazki sorta ederra ikusteko, jo hona.

-Olentzerok zure euskal etxera egindako bisitako argazki, bideo edo informaziorik baduzu, ez zaitez lotsa eta bidal iezaguzu info@euskalkultura.com-era



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia