euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olavarriako Gure Etxe Maitea euskal etxea hiriari buruz filmatzen ari den dokumentalean partaide

2013/02/21

Olavarria hiriari buruzko dokumentalean parte hartu zuen taldea (argazkiaEE)
Olavarria hiriari buruzko dokumentalean parte hartu zuen taldea (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Udalak sustatzen duen proiektuak Olavarriako alderdi nabarmenak erakustea du helburu nagusi, tartean herriaren historian zehar gizataldeek izandako eragina. Kari horretara, eta dokumentalaren arduradunek deituta, eszena batzuk antzeztu zituzten Gure Etxe Maitea-ko kideek euskal giroa islatzeko. Baina beste ohar batzuk ere iritsi zaizkigu azken egunetan Olavarriatik: Olentzero karrozaren saria, euskal etxeko futbol taldearen sorrera eta, 2013ko ikasturteari begira, eskolako materialak biltzeko kanpaina. Hona guztien berri.

Olavarria, Argentina. "Dokumentala Jose M. Eseverri alkatearen ekimena da eta ez dauka aurrekaririk gure herrian. Olavarriako ezaugarri nagusiak aurkeztu nahi ditu, tartean hemengo nekazaritza, abeltzaintza, meatzaritza, industria eta merkataritza. Eta nola ez, gizataldeen hiriarekiko ekarpena. Ostiralean, 13an, grabatu ziren gure eszenak eta beste zenbaitekin batera –kolektibitate portugaldar, libanoar, italiar, boliviar, eta Argentina bertako jatorri-herrien ordezkariekin–  gizartean dagoen kultur aniztasuna irudikatu genuen”, azaldu dio erakundeko lehendakari Marisu Mendizabalek EuskalKultura.com-i.

“Denon artean otordu bat antzeztu genuen, herri bakoitzeko ohiko janariak eskainiz. Euskaldunen kasuan, pintxoak eraman genituen eta mus partida bat inprobisatu. Horrez gain, material osagarria ere jarri genuen, besteak beste txapelak, ikurrinak eta liburuak”, adierazi du Mendizabal-ek. Dokumentala ekoizpen prozesuan dago eta lantaldean herriko zine ikasle batzuk ere badaude.

Laguntzeko kanpaina

Baina berri gehiago helarazi dizkigute Olavarriako euskal etxetik gure irakurleekin partekatzeko. Laster hasiko da, esaterako, ikasturte berria eta Gure Etxe Maitea-ko kideak eskolako materiala biltzeko kanpaina bat ari dira bultzatzen. Liburuak, tresnak, oinetakoak eta oro har, erabiltzeko moduko arropa eman ditzaketenak euskal etxeko arduradunekin jarri behar dute kontaktuan 0228 15531715 edo 0228 15454232 telefono zenbakietan. Bildutako materiala miseria gorrian bizi den jendearen artean banatuko da.

Karroza eta futbola

Mugimendu handiko otsaila izan da hau Olavarria aldean, batez ere hiriko euskal kolektibitatearentzat. Urtarrilaren 13tik otsailaren 12ra luzatu ziren inauterietan, partaidetza handia ez ezik, sari bat ere lortu zuten euskal etxeko kideek ‘El Olentzero’ izeneko karrozarekin. “Karrozaren egitura hiriko Parke Industrialean egin genuen, hain baitzen handia… Diseinua Txiki Eyherabidek eta biok egin genuen eta gero, denon artean gauzatu. Bigarren urtez jarraian lortu dugu sari bat eta beraz poz-pozik gaude”, azaldu digu euskal etxeko lehendakariak.

olavarriako inauteriak 2013 01

[2013ko inauterietan aurkeztutako karroza eta standa (argazkiakEE)]

Pozik eta proiektuz gainezka dabiltza euskal erakundeko lagunak. Berrienetako bat, futbol taldea da. “Gure Etxe Maitea izena du eta 20 eta 35 urte arteko gazteentzat dago zuzenduta. Dagoeneko 27 jokalari dauzkagu baina ongietorriak izango dira bildu nahi duten guztiak”, gonbidatu dute euskal etxetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia