euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ohorezko Lauaxeta Saria eman diote Bizkaian Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeari: Jose Gabriel Anituak jaso du Bilbon

2022/12/05

Bilboko Elkarte Filarmonikoan “Lauaxeta Ohorezko Saria” jaso zuen Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxearen izenean bere Lehendakari José Gabriel Anituak
Bilboko Elkarte Filarmonikoan “Lauaxeta Ohorezko Saria” jaso zuen Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxearen izenean bere Lehendakari José Gabriel Anituak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Bizkaiko Foru Aldundiak “Lauaxeta Ohorezko Saria” eman dio Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeari euskara Euskal Herritik kanpo mantentzen eta iraunarazten egindako ibilbideagatik. Pasa den ostiralean, abenduaren 2an, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbaok, 2022ko Lauaxeta Sariak banatu zituzten Bilboko Elkarte Filarmonikoan egin zen ekitaldian. Sariek poesia eta sormeneko alor nagusia daukate, eta ohorezkoa ere, eta hor izan da saritua hiriburu argentinarrean 1877an jaiotako munduko euskal etxeetan dekanoa den erakundea.

Euskal Etxearen ordezkari gisa elkarteko lehendakari Jose Gabriel Anituak jaso zuen saria. Eta honela azaldu dio Euskalkultura.eus-i: “Sorpresa izan zen Lauaxeta saria. Izan ere, Aldundiko epaimahai berezi batek aukeratzen ditu irabazleak, eta erakunde asko ebaluatzen dituzte. Lauaxeta Saria jasotzea ohore eta ardura handia da Laurak Batentzat. Fereka bat da gurea bezalako erakunde batentzat, eta 145 urtez euskara eta euskal kultura zabaltzen egindako lanaren aintzatespena”, aitortu du.


Lauaxeta 2022 sari-emate ekitaldi osoa. Kukairen ondoren, Laurak Bat-en zatia 44' 19''an hasten da

Nazioartean euskararen ezagutzaren eta erabileraren hedapenean ibilbide luze eta emankorra egin duten pertsona eta erakundeei ematen zaie Ohorezko Lauaxeta Saria. Laurak Bat Euskal Etxeaz gain, 18. edizio honetan Rafael Yuste izan ere izan da saritua, komunitate zientifikoan, Columbiako Unibertsitatean hain zuzen ere, euskarari prestigioa ematen egindako lanagatik. Hirugarren saritua Hanna Lantto finlandiarra izan da, unibertsitateetan irakurletza programen bidez euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik.

Zorionak eta aurrera!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia