euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Normaltasunera itzultzeko eta festetan biltzeko irrika nabaria izan da asteburuan Elko eta SCBCeko euskal jaietan

2021/07/08

Southern California Basque Club-eko (SCBC) piknika joan den igandean Chinon
Southern California Basque Club-eko (SCBC) piknika joan den igandean Chinon

PUBLIZITATEA

Elko, Nevada / Chino, Kalifornia, AEB. Ez dira ohiko urteetan bezain jendetsuak izan baina aski jende bildu zen eta giroa lortu zen joan den asteburuan Nevadako Elko herrian --Elko Basque Club antolatzaile-- eta Hego Kaliforniako Chinon --SCBCen, Southern California Basque Club eskutik-- urtero Uztailaren 4arekin batera antolatu ohi diren euskal jai eta bestetan. Iazko edizioa COVID-19agatik bertan beheratu ondotik, Elkon aspalditik iragarria zuten aurten jaiak egin egingo zituztela. SCBCen kasuan, berriz, hasieran bertan behera utzi baina ondoren atzera deitu zituzten.

Elkon, jai programaren gertalekua Elkoko Euskal Etxea eta honen patio edo aire libreko esparrua izan zen; baita ere, herri erdigunean, euskal jatetxe eta ostatuak, bereziki Star euskal hotel-jatetxe historikoa eta Ogi Deli euskal taberna/pintxotegia. Normalean hiru eguneko jai programa egiten bada, aurten bi izan dira egunak, baina tabernetako euskal jai erritmoak kalea ere jantzi zuten, eta ederra izan zen ostiralean Ogi Deli kanpoaldean egindako festa eta dantza, Amerikanuak bandarekin, baina tabernako nagusi diren Mikel eta Anamarie (Sarratea) Lopategui euskal nevadatarrak ere pandero eta soinu jotzaile.


Amerikanuak banda Ogi taberna kanpoan, tabernagusi Mikel eta Anamarie ere musikari (bideoa Mercedes Mendive)

Partaide gehienak Elko ingurukoak, baina izan ziren Idaho, Kalifornia eta Utah-tik etorritakoak, tartean musikari eta pilotariak ere, azken hauek herriko udal parkeko kantxan aritzeko. Mikroa eskuetan ekitaldiak bere etengabeko jarioarekin ingelesez eta euskaraz aurkezten, Boisetik hurreratutako John Ysursa. Ez zuten hutsegin artzain-ogigileek, herri-kirolek, Elko Ariñak-eko dantzariek edota jota/fandango eta irrintzi txapelketek. Horretan ez zuen alderik izan aurreko urteetako edizioekin, festa jende andana baten lankidetzaren emaitza izan baitzen.

75 urte eta SCBCeko euskal piknika

Southern California Basque Club-en piknika, berriz, elkarretaratzea egun bakarrekoa izan zen, urtero bezala uztailaren 4etik hurbileneko igandean: aurten, uztailaren 4an bertan. Hemen ere normalean baino jende gutxiagorekin. Ohi bezala, Chino hiriko Fairgrounds edo azoketarako esparruan. Normalean Jean Flesher-en banda izaten dute berbenako jotzaile, baina Elkon zelarik aurten Denise Duhart eta Charlo Aguerre izan ziren musikari. Hemen ere igandea meza batekin hasi zen, dantzariak, banderariak eta klika partaide. Eta egunean zehar euskal dantza saioak Gauden Bat eta dantzari tipien eskutik, bazkari herrikoia, kantu tradizionalak kantinan eta giro ona nagusi.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia