euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABOko Biltzar Nagusiak lehendakari berria hautatu du: Jean Flesherrek lekukoa hartu dio Philippe Acheritogaray-ri

2023/05/22

Erdian, bonetaduna, Jean Flesher NABOko lehendakari berria, Philippe Acheritogarai orain artekoarekin. Ezkerrean, Mayi Petracek NABOko diruzaina, eta eskuinean Kate Camino, idazkaria, biek segituko dute
Erdian, bonetaduna, Jean Flesher NABOko lehendakari berria, Philippe Acheritogarai orain artekoarekin. Ezkerrean, Mayi Petracek NABOko diruzaina, eta eskuinean Kate Camino, idazkaria, biek segituko dute

PUBLIZITATEA

Los Banos, Kalifornia, AEB. Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Federazioak (NABO, North American Basque Organizations elkarteak) bere 2023ko 'Convention' edo Biltzar Nagusia egin du joan den ostiralean Kaliforniako Los Banosen, bertako Euskal Etxea antolatzaile izan duen hiru eguneko euskal programa baten barnean, maiatzaren 19tik 21era, ostiralean NABO Biltzarra izanik eta larunbat eta igandez Los Banoseko urteroko piknik edo euskal besta, normalean egun bakarrekoa dena, NABOren karietara, asteburu osokoa bilakatuz..

Izan ere, hitzordu berezia aurtengoa, Ipar Ameriketako [AEBko, Kanadako eta Saint Pierre eta Mikeluneko EEak biltzen baititu] euskal erakundeen bilgarri den federazioa bere 50. urteurrena betetzen ari baita 2023an, eta horretarako esker-emate eta ohoratze zeremonia berezi bat antolatu baitzuen larunbatean Los Banosen. Ekitaldi horien aurretik, ordea, NABOren Biltzar Nagusiak eman zion hasiera ostiralean programari.

Jean Flesher NABOko lehendakari berria

NABOren Biltzar Nagusian bildutakoek hartutako erabakien artean, erakundearen buruzagitzan egindako aldaketa dago, elkarteak azkeneko bost urteotan lehendakari izan duen Philippe Acheritogaray sanfrantziskotarrak iragarria baitzuen ez zela berriz aurkeztuko. Hautagaitza bakarra zegoen, Jean Flesher utah-tarrarena, oso ibilbide luzeko pertsona NABOn bertan, delegatu moduan, eta oso pertsona ezaguna Estatu Batuetako euskal komunitateetan, baita azken aldian Diaspora osoan ere, duela 2019ko Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrak Euskal Etxeen hiru ordezkarietako bat hautatu baitzuen Lehendakariaren Diasporarako Aholku-Batzordean. Horrez gain, musikari gisa —'Amerikanuak' bandako buru— eta euskal sukaldari eta eskola-emaile gisa ere pertsona ezaguna da, bizitza zibilean etxegilea den Jean Flesher.

EuskalKultura.eus-ekin hizketan, euskara, ingelesa, frantsesa eta espainola mintzo dituen Flesher-ek eskerrak eman dizkie delegatuei beregan ipinitako konfiantzagatik, eta esker bereziak orain arteko lehendakari eta orain lehendakariorde izatera pasatu den Philippe Acheritogaray-ri. Lehendakari berriak esan digu bere lana ez dela izango hainbeste oraingo euskal komunitateko helduen edo orain gazte direnen alde, "geure bilobak gogoan harturik baizik". Harremanak azkartu eta sendotu nahi ditu Euskal Herriarekin, eta kontaktuak ugaldu, itsasoaren bi aldeetako ezagutza eta lankideta eta traturako aukerak landuz.

Zorionak eta 'ongi etorri' edo agian 'ongi segi' esatea egokiago, Jean Flesherri; eta eskerrik asko handi bat Philippe Acheritogarayri egin duen lan dedikatu eta nekaezinagatik. Bere kasuan ere badakigu lan ederra egiten segituko duela, orain lehendakariorde gisa eta, ohi bezala, San Frantziskoko euskal etxeetatik.

LOS BANOSeko berri
Datozen egunetan, aste honetan zehar, artikulu sorta bat argitaratuko dugu, Los Banoseko NABOko BIltzar Nagusi eta Euskal Bestan hiru eguneko euskal asteburuan gertatutakoez, argazki eta bideo bidezko kronika grafikoa ere eskainiz


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia