euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABO Kantari & Bertso Eguna gaur Kaliforniako Lincoln-en, Iparreko Ibarra Euskal Etxeak bere bestarekin bat antolatua

2022/10/08

Klika Rocklingo Euskal Etxearen Euskal Festako aurreko edizio batean partaide
Klika Rocklingo Euskal Etxearen Euskal Festako aurreko edizio batean partaide

PUBLIZITATEA

Lincoln, Kalifornia, AEB. Estatu Batuetako euskal kantu eta bertsoa maite dutenek euren egun handia dute gaur Kalifornian, Iparreko Ibarra Euskal Etxea antolatzaile Lincoln-en egingo baita 2022ko Euskal Kantari Eguna, aurtengoan ahalegin berezia eginik, kantuekin batera, bertsolaritzari ere partaidetza eta presentzia handiagoa ematen, NABOk hala deliberaturik, Rock Spring-eko Martin Goicoechea buru eta Boiseko Todor Azurtza laguntzaile handi daukaten bertsolaritza sustatzeko egitasmo berriaren baitan.

Lan ederra egiten dute urtero Rocklingo Iparreko Ibarrak-en euskal piknika prestatzen, mus txapelketa barne, eta bi urtetarik behin NABO Euskal Kantari Eguna ere bildutik, aurtengoan bezala. Ekitaldia McBean Hall-en egingo da, eta eguna Mus Txapelketarako izena ematen hasiko da, goizeko 8etan. Pilotariek ere izanen dute aukera aritzeko. Musaren ondotik etorriko da bazkaria, eta ohorezko esker-emate sari batzuk ere banatuko dira.

Kantuak eta 4 bertsolari

Bazkaldu ondotik, 13:30etan hasiko dira Kantari Eguneko saioak, kantuak batetik eta lehen aipatu bertso saioak ere bestetik, azken hauek Martin Goicoechea eta Todor Azurtzarekin, eta baita Jesus Goñi eta Johnny Kurutxet-ere, gai-jartzaile batekin, esan digute, eta Joxe Mallea-Olaetxe izango delakoan gaude.

Segidan dantzariak arituko dira, bertako Iparreko Ibarra-koak, eta San Frantziskotik etorririk Zazpiak Bat Basque dancers-eko taldea. Herri kirol batzuk, hala nola txinga eramatea ere egongo dira ikusgai eta 18:00etan barbakoa gisako afaria zerbitzatuko da.

Erromeria edo dantzaldi publikoarekin bururatuko da eguna, Iñaki Retaren akordeoiarekin. Zozketa batzuk ere gingo dira, guztia Rocklingo Euskal Etxeak dakien giro eta antolaketa ederrarekin. Zorionak!

PROGRAMA

—8:00 Mus, izena ematea
—9:00 Mus Txapelketaren hasiera
—12:00 - 13:00 Bazkaria
—13:15 - 13:30 Esker-emate ohoratzen bereziak
—13:30 - 15:00 Kantari Eguneko saioak: kantari eta bertsolariak
—15:00 - 17:00 Dantza erakustaldia
—17:00 - 18:00 Txinga eramate txapelketa
—18:00 Barbakoa afaria Bildoski eta Oilaskoarekin, Zozketak
—20:00 Erromeria, dantzaldi publikoa, Iñaki Reta musikariarekin



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia