euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mundu osoko euskal etxe eta elkarteek gure diasporaren aldarria egingo dute igandean, Euskal Diasporaren Egunean (ikus zerrenda)

2019/09/06

2019ko Euskal Diasporaren Eguneko programa munduan
2019ko Euskal Diasporaren Eguneko programa munduan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. 2018ko irailaren 8an ospatu zen lehendabizikoz Euskal Diasporaren Eguna, ospakizuna urteroko hitzordu bihurtzeko asmotan. Datari dagokionez, Juan Sebastian Elcano getariarra munduari lehengo bira eman ondoren itzuli zen eguneko urteurrena da eta Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Euskal Gizataldeetako Aholku Batzordeak hautatu zuen, munduko euskal etxeek bertan dauzkaten hiru kideen aldeko botoak ere bilduz..

Jaurlaritzan Gorka Alvarez buru duen Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak iaz egindako Euskal Diasporaren Egunaren deialdia arrakastatsuagoa izan zen oso, mundu osoan eta aurten ez ildo beretik partaidetza zabaltzea espero dute antolatzaileek zein munduko euskal etxeek. Euskadin, ekitaldi ofiziala Bizkaiko Ispasterren izango da, irailaren 8an bertan. Urkullu lehendakariarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Josu Erkoreka, Iñaki Arriola, Nekane Murga, Estefanía Beltrán de Heredia eta Mª Jesús San José sailburuak eta euskal erakunde- eta gizarte- ordezkariok bertaratuko dira; bertan egingo diren saioen artean antzerkia, musika eta dantza izango dira eta ekitaldian Ispasterko biztanleek parte hartuko dute. Eta mundu osoan, ospakizunek mapa osoa zeharkatuko dute, Australiatik Andeetara, Kanadatik Londres edo Berlineraino.

Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi gehienak egun berean, irailaren 8an, igandea, izango dira; bada, ordea, ospakizuna aurreratu eta atzeratu duten hainbat elkarte ere. Orotara hamarnaka hitzordu izan daitezke, beraz guztiak hona ezin ekarririk, lagun adierazgarri bat ekarri dugu datozen lerroetara, zuzenean idatzi diguten hitzorduak bilduta. Ohi bezala, zeure euskal etxeko ekitaldiak bertan ikusten ez badituzu, idatz iezaguzu info@euskalkultura.com helbidera, gehi ditzagun. Aukera baliatzen dugu munduko euskaldun guztiei zorionak emateko data berezi honetan. Ondo ospatu eguna!

OSTEGUNA, IRAILAREN5eko HITZORDUAK

-Habanako Euskal Etxea (Asociación Vasco Navarra de Beneficencia) Herrialdearen Aldeko Elkarte Ekonomikoko kide den Fidel Vascos doktorearen hitzaldia Habanako Elkarte Katalanean, eta Urteroko Futbol Kopa ospakizunari dedikatua.

OSTIRALA, IRAILAREN 6ko HITZORDUAK

-Buenos Airesko Euskaltzaleak Susana Etchegoyenen ‘Tiempo y Temporalidad en la Cultura Vasca’ hitzaldira gonbidatzen du. Hitzordua iluntzeko 8:30etan izango da. Hitzaldiaren ostean, topaketa. Informazio gehiago, hemen.
-Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak Hernan Sorhuet kazetariaren ‘¿Por qué tantos vascos emigraron a Uruguay y qué improntas dejaron?’ izenburuko hitzaldira gonbidatzen du. Hitzordua arratsaldeko 7:30etan da. Ondoren ohorezko ardoa eskainiko dute etxekoek.
-Saladilloko Itxaropen Euskal Etxean, Mus txapelketa gaueko 9etan. 

LARUNBATA, IRAILAREN 7ko HITZORDUAK

ARGENTINA

-Buenos Airesko Laurak Bat-ek Euskal eta Ukraniar diasporen topaketa egingo du ospatzeko. Arratsaldeko 7etatik aurrera, bi nazioen dantzak, musika, janari tipikoak, ohiturak… Informazio gehiago, hemen.
-Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak Euskal Taberna egingo du bere egoitzan, gaueko 9:30etatik aurrera. Janari tipikoak, euskal dantzak eta erromeria.
-La Platako Euzko Etxeak bi ekintza antolatu ditu larunbaterako: goizean itsuen futbol txapelketa Las Banderitas-eko kirol zelaian. Gauean, Diasporaren Eguneko afaria, Euskal Etxean. Informazioa, hemen.
-Necocheako Euzko Etxean, Sagardotegi Gaua antolatuko du bertako Eneko Sagardotegiak. Informazio gehiago, hemen.
-Macachingo Euzko Alkartasunak Gure Ametza taldeko garai guztietako dantzariak bilduko du afari batean. Informazio gehiago, hemen.
-Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak Diasporaren Eguneko Kontzertua antolatu du. Gustavo Aristiaran buru duen laukotearen errezitalaren ondoren, afaria. Informazio gehiago, hemen.
-Neuquengo Baskos de la Confluencia Euskal Etxeak, Neuquengo Pelota Paleta Elkarteak eta Neuquengo kirol azpi idazkaritzak Emakumeen Pelota Paleta Txapelketa antolatu dute. Lehiaketa irailaren 7an eta 8an izango da, Plottier Klubean eta Elkarte espainiarreko egoitzan. Informazio gehiago, hemen.
-Pergaminoko Lagun Onak-ek programa hau garatuko du: 18:30etan, omenaldia euskal jatorrizko jendeari Merced Plazan dagoen haritzaren aurrean. 19:30etan, Hernan Digiliok '849 metros' izenburuko ipunin laburra eta 'Aquellos enormes ojos vascos' ipuina aurkeztuko ditu Euskal Etxean; 20:30etan Lagun Onak-en euskal diasporaren maparen aurkezpena; 21etan, Goizeko Izarra dantza taldearen emanaldia eta gastronomia. Informazio gehiago, hemen.

TXILE

-Santiagoko Euzko Etxeak egun osoko ekitaldi bat egingo du programa honekin: arratsaldeko 3:30etan, Esku Pilota erakustaldia; Euskal Diasporaren Egunari buruzko hitzak, gaztelaniaz eta euskaraz; Santiagoko Abesbatzaren emanaldia; euskal kantak eta  abesti txiletarrak Maria Angelica Carrasco eta Ignacio Bastarricarekin. “Itxaropen Gaztea” dantza taldearen emanaldia; “Renacer Cordillerano" taldearen emanaldia. Euskal eta txiletar dantzak. Informazio gehiago, hemen.

URUGUAI

-Saltoko Euskaldunen Taldeak Euskal Etxearen egoitzaren aurrean dagoenXVIII de julio’ delako Merkatu Zaharrean ospatuko du afari batekin: euskal sukaldaritza, Saltoko Abesbatzaren errezitala, Herriko abesbatza eta musika bandaren emanaldia. ‘Baskos 33’ futbol taldearen aurkezpena ere egingo dute.

VENEZUELA

-Caraboboko Euskal Etxeak larunbatean bilduko ditu kide eta lagunak ospatzeko.

IGANDEA, IRAILAREN 8ko HITZORDUAK

ARGENTINA

-Azulgo Gure Txokoak 18etan bilduko ditu kide eta lagunak. Programa, Euskal Etxearen historia kontatzea, kide sortzaileei omenaldia egitea eta Maria del Rosario Barberenaren ‘Historia de familia’ ipuina irakurtzea. Euskal jatorriko bi lagunen artean elkarrizketa bat ere prestatu du Euskal Etxeak eta ekitaldiarekin bukatzeko, euskal dantzak eta brindisa. Informazioa, hemen
-Barilocheko Mendiko Eusko Etxeak txikiei begirako ekintza bat egingo du.
-Buenos Airesko Eusketxen arratsaldeko 5etan bilduko dira lagunak programa hau garatzeko: agurrak, “Gernika desde el Arte: Proyección desde la obra de Picasso a la mirada de otros artistas” ikus-entzunezkoaren aurkezpena, ikasleen lanen aurkezpena, ekintzak buldutako jendearekin, dantzak eta pintxoak. Programa osoa, hemen.
-Chivilcoyko Beti Aurrerak zine emanaldi batera gonbidatzen du. Euskal Zinema Ibiltariaren eskutik, Patxo Telleriaren ‘Igelak’ eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendarien ‘Renovable’ laburmetraia proiektatuko ditu Euskal Etxeak arratsaldeko 6etan.
-Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak Mikel Ezkerroren bisita jasoko du Diasporaren Egunean. Izen handiko irakasleak ‘Sentimiento, conocimiento y compromiso con lo vasco en Argentina’ izenburuko hitzaldia eskainiko du Euskal Etxearen egoitzan, arratsaldeko 7:30etan, Alsina kaleko 446. zenbakian. Informazio gehiago, hemen.
-Concordiako Ibaiko Izarrak Immigranteen XXVI. Jai Probintzialaren baitan ospatuko du. Jaia asteburu osoan izango bada ere, igandean hartuko du parte Euskal Etxeak desfilean eta dantza ikuskizunean. Kultur Standean, Egunari buruzko informazioa zabalduko dute Etxeko lagunek.
Cordobako Gure Txokoak bazkari bat egingo du bere egoitzan, eguerdiko ordu batean. Informazio gehiago, hemen
-El Bolson-en, Eusko Sustraiak Elkarte Euskal-Argentinarra antolatzaile, 'Ama Lur' filmaren emanaldia 18:30etan, Casa del Bicentenarion (Roca 644), sarrera doanik
-Gral. Belgranoko Gure Etxeak bazkari-ikuskizuna antolatuko du: Euskal Etxeko dantzari eta folklore dantzarien emanaldiak eta euskara eta frantsesa ikasleen partaidetza. Informazio gehiago, hemen.
-Neuquengo Baskos de la Confluenciak egun osoko ekitaldia egingo du Plottier herriko egoitzan: goizeko 11etatik Aurrera, pintxoak, txistorra, sagardoa, ikus-entzunezkoak, paleta, Pedro Aranaren ‘Txalaparta, cosa de vascos’ liburuaren aurkezpena… Informazio gehiago, hemen.
-Olavarriako Gure Etxe Maiteak Meza eta Bazkaria egingo ditu. Informazio gehiago, hemen.
-Urrundik Euskal Etxea, Paraná-n 11:00etatik aurrera Urquizaren Monumentutik, Bajada de los Vascos ondoan,  'Presencia Vasca' irratsaioa zuzenean, euskararen stand-a, dantzak eta bestelako ekitaldiak. Informazio gehiago, hemen
-Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak goizeko 10:30etatik aurrera, meza, dantza emanaldi eta Diasporaren Eguneko Paellara gonbidatzen du. Bazkaria Etxeko egoitzan izango da, 12:30etan. Informazio gehiago, hemen.
-Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeak bazkari batera gonbidatzen du. Informazioa, hemen. Irailaren 4an bertako prentsan elkarrizketa argitaratu dute Jesús Daniel Los Arcos Vidaurreta nafarrarekin, Euskal Diasporaren Eguna aipatuz eta Santa Rosako, General Achako Euzko Txokoa eta Macachingo Euzko Alkartasuna bilduz
-Tres Arroyoseko Hiru Errekak hiriko Sukaldaritza Gunean ospatuko du. Ekitaldia Nekazaritza Elkartean izango da, irailaren 6an, 7an eta 8an.
-Viedma eta Carmen de Patagones-ko Aberri Etxeak aurkezpenak: "Emakume Euskalduna Patagonian, Ipar Patagonian famili-memoria genero ikuspuntuz berreskuratzeko programa" eta "Immigrante euskaldunak, kontadazu historia"ren II. edizioaren erakusketa eta sari-ematea, euskal zaporeen buffet bat lagun, Euskal Diasporaren Egunarekin bat eginik
-Villa Mariako Euzko Etxeak zeremonia bat egingo du Centenario Plazan, goizeko 11etan, eta 12:30etan bazkaria Euskal Etxeko Euskal Herria aretoan. Informazio gehiago, hemen.

ESTATU BATUAK (AEB)

-Utah-ko Euskal Etxea Zikiro Besta Euskal Diasporaren Egunarekin bat eginik, 12:00etan Bywater Park Pavilion-en. Informazio gehiago, hemen

BELGIKA

-Bruselako Euskal Etxeak EWuskal Diasporaren Eguna ospatzeko bazkari batera gonbidatzen zaitu, 13:00etan Casa Miguel-en, Place des Gueux. Lekukotasunak, kantuak...

BRASIL

-Sao Pauloko Eusko Alkartasunak bazkari batera gonbidatzen du Carmen La Loca jatetxean. Hitzordua eguerdi ordu 1ean da. Informazio gehiago, hemen.

ESPAINIA

-Madrilgo Euskal Etxeak eguerdiko 12:30etan bilduko ditu lagunak Villarosa Parkean dagoen Gernikako kimuaren ondoan. Bertako zeremonia bukatu eta gero, Zerain Jatetxean bazkalduko dute lagunek. Informazio gehiago, hemen.

FRANTZIA

-Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxeak antolatuta, 17:00etan, hitzaldia Tolosako Jean-Baptiste Hiriart-Urruty-k emana Antoine d'Abbadie-z

INGALATERRA

-London Basque Society-Euskal Elkarteak bazkari bat egingo du. Menua munduko plater ezberdinek osatuko dute, gonbidatuek prestaturik. Beckers Community Hallen izango da, Rectory Road, N16 7QT, 2:30etan hasita. Zuen janaria badakarzue edo bertan sukaldatzeko asmoa baduzue, etorri lehenago, 12ak- 12 ta erdiak han izango gara. Laguntzeko prest bazaudete ere etorri ordu biak orduko. Musika, dantza eta animazioa.

KUBA

-Habanako Euskal Etxea (Asociación Vasco Navarra de Beneficencia) bazkari eta elkarretaratzea Elkarte Balearrean, Vedadon, 11:00etatik aurrera, elkarteko neska dantzariekin, kantari lagunekin...

MEXIKO

-Mexiko Hiriko Euskal Etxean egun osoko programa, 11:00etatik aurrera: hasteko, aperitibo eta pintxoak; gero esku pilota partida; segidan, Aurresku eta herri kirolak, eta bukatzeko askaria eta erromeria. Informazio gehiago, hemen.

PARAGUAI

-Asuncion-eko Euskal Etxeak zeremonia bat egingo du ‘País Vasco’ izeneko kalean, Gernikaren omenezko monumentuaren aurrean. Bertan euskal jendea bilduko da eta diasporari buruzko hitz batzuk irakurriko dira. Hitzordua goizeko 9:30etan da. Informazio gehiago, hemen.

PERU

-Limako Euskal Etxean: lore eskaintza San Franciscoko Nuestra Señora de Arantzazu Basilikako mahai santuan; Euskara Klasea: eskolako gai nagusia oroimena izango da; Euskal Dantzak; Lima hiriko euskal aztarnak lotzen dituen ‘Ruta Vasca’ delako ibilbidearen aurkezpena; bazkaria eta abesbatzaren emanaldia. Informazio gehiago, hemen.

TXILE

-Viña del Mar eta Valparaisoko Euzko Etxeak ongi-etorria emango die Euskal Herritik Txilera etorritako truke ikasleei. Programa hauxe izango da: eguerdiko ordu 1ean, Ongietorria Aurresku eta Cueca delako dantzekin; bazkaria; ‘Euskal ensanblearen’ emanaldia eta dantzak. Karaoke eta ‘Dúo Lusitania’ren kantak. Pintxo-potea. Informazio gehiago, hemen.

URUGUAI

-Haize Hegoa Euskal Etxeak ibilbide bat egingo du Montevideon, euskal gizataldearentzat adierazgarriak diren lekuak bisitatuz: Jose de Arechavaletaren oroitarria, Oribe Aduana eta Pocitos auzoan ‘Montevideo’ hitza dagoen lekua. Bertan talde argazkia egingo dute bildutakoek. Geldialdi guztietan, gainera, dantzariek dantza egingo dute. Txangoa bukatuta, bazkaria Euskal Etxean. Autobusa Euskal Etxetik aterako da goizeko 10:30etan. Gastronomia Inklusiboaren Azokan ere hartuko du parte Euskal Etxeak kultur stand batekin.
-San Joseko Euskaldunen Taldeak bazkari bat egingo du eta bazkalostean, mahai-jokoak, abestiak, dantzak...

Irailaren 8aren ondoko ekintzak

-Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak eta Euskal Zinema ibiltariak Julio Medem-en ‘El árbol de la Sangre’ eta Kote Camachoren ‘Don Miguel’ laburmetraia proiektatuko dituzte. Zine saioa irailaren 28an izango da, arratsaldeko 7etan.
-Cordobako Gerorak María Aparicio artista eta arte irakaslearen “Chillida y el espacio. Del Texto a la Obra” hitzaldira gonbidatzen du. Hitzaldia irailaren 11an, asteazkena, izango da, arratsaldeko 6etan, UNC-eko Hizkuntzak Fakultatean. Informazio gehiago, hemen.
-Australiako Gure Txokon irailaren 15ean bilduko dira Euskal Diasporaren Eguneko bazkaria egiteko.

Eusko Jaurlaritzak munduan Euskal Diasporaren Eguna ospatuko den munduko hainbat hitzordu biltzen dituen zerrenda banatu du, hauxe (pdf)



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia