euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maitasunak batu zituen Arrecifes eta Chacoko euskal etxeak, 1.500 kilometrotako distantzia gaindituz

2009/01/30

Chaco eta Arrecifeseko dantzriek ohorezko arkua egin zieten ezkonberriei elizatik ateratzerakoan (argazkia Chaco EE)
Chaco eta Arrecifeseko dantzriek ohorezko arkua egin zieten ezkonberriei elizatik ateratzerakoan (argazkia Chaco EE)

PUBLIZITATEA

Chaco probintziako Resistencia hiri argentinarra izan zen joan den urtarrilaren 10ean Mariangeles Rosciani Grandes Igarategui eta Mauro Matheu gazte euskal argentinarren ezkontzaren agertokia. Mariangeles Chacoko Euskal Etxeko dantzaria da eta Mauro Arrecifeseko Euskal Etxeko dantza taldeko kidea eta euskara irakaslea. Bi gazteen maitasunak 1.500 kilometrotara dauden elkarteak batu zituen eta elizkizunaren ostean bi euskal etxeetako dantzariek aurreskua dantzatu eta ohorezkoa arkua egin zieten. Zorionak ezkonberriei!

Resistencia, Argentina. Chacoko Euskal Etxeko presidenteak, Jose Cristian Echavarriak, harro harro helarazi digu Mariangeles Rosciani Grandes Igarategui eta Mauro Matheu gazteen ezkontzaren berri. Ezkontzak berez pozgarriak badira, honek gainera esangura oso berezia izan zuen euskal komunitatearentzat, bi gazteen familia eta lagunak batzeaz gain, bakoitzaren euskal etxeen arteko lotura indartsua sortu zuelako. Zer axola dio Chaco eta Arrecifes artean 1.500 kilometro egotea, tartean maitasuna eta adiskidetasuna baldin badaude!

Senar-emazte berriak euren euskal etxeetako dantzari ezagunak dira. Mariangeles Chacoko txikien dantza taldeko zuzendaria izan da orain gutxi arte, eta 2002az geroztik elkarteko dantza taldeko kidea da. Dantzari bezala Argentinako hainbat Euskal Astetan parte hartu du: Necochea 2005, Cordoba 2006 eta Rosario 2007. 2002an gainera, Euskal Herrian izan zen Gaztemundu programarekin. Mauro, bestalde, euskara irakaslea da eta Arrecifeseko dantza taldeko kidea izan da urtetan. Bi gazteek lan asko egin dute euren euskal etxeen alde eta harremana hasi zutenetik bi elkarteak profitatu dira euren ekarpenaz. 2006ean, adibidez, Maurok fandango eta arin-arin tailerra eman zuen Chacoko Euskal Etxean.

Llega la novia

[Mariangeles Rosciani elizan sartzen bere ezkon-aitabitxiaren besotik (argazkia ChacoEE)]

Arrecifeseko ordezkaritza zabala

Espero zitekeenez, ezkontza egunean Arrecifeseko ordezkaritza zabal bat izan zen Chacon, ezkongaiekin egun berezi hau bizitzeko gogoz. Mauroren guraso eta anaia batekin batera euskal etxeko zuzendaritza batzordeko kideak, lagunak eta dantzariak izan ziren bertan.

Eguneko une hunkigarrienetako bat elizkizunaren ostean gertatu zen: Arrecifeseko eta Chacoko dantzariek senar-emazte berriei ohorezko arku bat egin zieten elizatik irteterakoan eta Aurreskua dantzatu zuten beraientzako. 'Munduko zorion guztia Mariangeles eta Maurorentzat! Eta Jaungoikoak bedeinkatu eta argitu ditzala bi euskal gazte hauek!', desiatzen die gure buletinaren bidez Resistenciatik Echavarria Chacoko Euskal Etxeko presidenteak. EuskalKultura.com-etik ere 'Zorionak bikote!'

Los novios

[Maurok eta Mariangelesek irribarretsu argazkiak atera zituzten senitarteko eta lagunekin ezkontza ostean, tartean Jose Cristian Echavarria Chacoko EEko presidentearekin (argazkia ChacoEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia