euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ehunda berrogeita hamar bat lagun bildu zituen 'Kotoiaren Lurra' EEak San Juan gaueko giro magikoaz gozatzeko

2007/07/04

San Juan gauera --Donibane Gaua--  bildutako lagunak EEko dantzariekin batera dantza biribilean
San Juan gauera --Donibane Gaua-- bildutako lagunak EEko dantzariekin batera dantza biribilean

PUBLIZITATEA

Berez San Juan gaua izan zenetik hamar bat egun pasatu badira ere, munduan barrena piztutako suen garrak iristen ari dira oraindik EuskalKultura.com-en erredakziora. Argentinako El Chaco probintzian, besta handia antolatzen dute urtero karia hortara. Ehunda berrogeita hamar bat lagun bildu dira aurten solstizioa ospatu eta heien gurari, agiantza eta nahiak bete zitezen. Langintza horretan, bedeinkazioa eskatu diete laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik dabiltzan euskaldunon arbasoei. Urteko gaurik magikoena izanik, Chacoko Euskal Etxeak erein du beste behin etorkizun oparoaz gozatzeko hazia.
Lan bikaina egin zuten Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko 'Eguzkilore' Dantza Taldeko eta 'Barregura' Txiki Taldeko kideek urtero sasoin honetan antolatzen den San Juan Tarberna eratu eta gauzatzen. Zuzendaritza Batzordeko lagunen lankidetza eta sostenguarekin, ehunda berrogeita hamar bat jende bildu ziren jokoez, dantzaz eta ikuskizunaz gozatzeko, misterioak bustirik agertu ohi den gau hitzordu berezi eta ekidinezin honetan.

Alderdi gastronomikoan ere nabaria izan zen Chacoko Euskal Etxeko kideek egin zuten ahalegina. Maria Rosa Grandes eta Hilda Müller sukaldari buru, oilaskoa txilindron erara izan da aurten bertan zerbitzatzeko aukeratutako plater nagusia. Horrekin batera, mahaiburuko andana polita, euskal torta eta errezeta ugariz, Marta Ciruelo, Yanina Zuazquita, Amanda Manfrini eta María Jesús Benítez-en ekarpen baliotsuari esker.

Indarrez beteak, eta eskuetan erratz hegalariak zeramatzatelarik, txikiek sorgin eta azti dantzak interpretatu zituzten, baita akelarrea antzeztu ere. Beroketa lanek arin-arinetara, fandagoetara eta zenbait dantza berrietara eraman zituzten. Txistuaren doinuekin esnaraziak, Chacoko erraldoi eta kilikiak kalejiran atera ziren. Azpimarratu beharra dago, dantzari txiki batzuen debuta izan zela San Juan gauekoa, errez ahaztuko ez duten une magiko horietakoa, alegia. [Goiko aldeko irudian, haur dantzariak, tartean Milagros, Sofia Q., Valentina, Yaquelin, Delfina, Sofia P., Renata, Cecilia, Benjamín eta Joaquin, akelarre batean baleude]

Bi taldeok, bestalde, Luis Quirozek dantzariontzat propio egindako estandarteak estreinatu zituzten. Eta dantza ekitaldiari urrezko bukaera emateko, arin-arin dotorea dantzatu zuten dantzarien zuzendariak eta Mauro Matheu-k, berez arrecifestarra eta Buenos Aires probintziako euskal etxe hartako kidea izanik, gaur egun Chacora bizitzera etorria den gaztea.

Desio, gurari eta agiantzak aireratzeko unea

Gauerdia heldurik, San Juan egunari ongi etorria emateko, su handia piztu eta bertako sugarretara bota zuten 'Kotoiaren Lurra'koek Federico Rosciani artistak eta Euskal Etxeko txikienek egindako txotxongilo alegorikoa. Orduan deialdira bildutako jendeek bengalak piztu eta sutara bota ziotuzten paperetan idatzitako desioak. Gaua luzeago jo zuen, jolas, zozketa eta dantzak tarteko, publikoa eta Euskal Etxeko dantzariak elkarrekin dantzari. Guztiak sinesten zuten halako gauean zernahi gerta zitekeela. Izan ere, San Juan bezperan, su garbitzaileari txarra eramateko eta ona ekartzeko eskatzen zaio.


Lotura interesgarriak

San Juan gaua Castelliko Euskal Etxean
BasqueHeritage.com-en 2007ko ekainaren 27an argitara emana

Iazko San Juan gaua Chacon
EuskalKultura.com-en 2006ko uztailaren 8an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia