euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Luciano Etcheparek Marcelo Couturen lekukoa hartu du Argentinako Euskal Liburutegien koordinatzaile karguan

2007/07/13

Luciano Etchepare, Argentinako Euskal Liburutegien Sarearen koordinatzaile berria
Luciano Etchepare, Argentinako Euskal Liburutegien Sarearen koordinatzaile berria

PUBLIZITATEA

Azken bi urteetan Argentinako Euskal Liburutegien Sarearen koordinazio ardura izan ondoren, Marcelo Couture de Troismoints liburuzainak kargua utzi zuen joan den ekainaren 30ean. Bere lekukoa Luciano Etcheparek hartu du uztailaren 2az geroztik. Etcheparek datozen bi urteetan zehar burutuko du bere lana, ekimenaren buru José Orbaiceta eta María Fernanda Astigarragarekin lankidetzan.
Txandaketa izan da Argentinako Euskal Liburutegien Sarearen koordinazioan. Marcelo Couturek bi urte beteak zituen postuan eta orain Luciano Etcheparek hartu du lekukoa. Bi urte hauetako lorpenak asko eta garrantzitsuak izan dira. Horien artean aipagarriak dira, besteak beste, Liburutegi Sarearen Katalogoa internet bidez eskuragarri jarri izana, 'Euskal Liburutegiak Sarean' buletin digitalaren 1. eta 2. aleen argitalpena, edota Deweyren sailkapen taula Sarearen beharretara moldatu izana. Beste lorpen batzuk honokoak izan dira: materiala katalogoan sartzeko arauak sortzea; liburutegi arduradunentzako trebakuntza ikastaroak egitea; FEVAren liburutegia antolatzea; La Plata, Necochea eta Cordobako Euskal Asteetako Liburutegien Topaketetan parte hartzea eta euskal etxeetako liburutegiei laguntza eta aholkularitza ematea.

Luciano Etchepare, sarearen koordinatzaile eta FEVAren liburuzain berria, Azulen jaioa da, Buenos Aires probintzian. Bibliotekonomia ikasketak egin zituen La Platako Unibertsitate Nazionalean. Duela urte batzuk hurbildu zen Etchepare La Platako Euskal Etxera, elkarteko liburuzainak, Gladys Medinak deituta. Medinak liburutegiaren katalogoa automatizatzeko proposamena egin zion.

Egun Euskal Liburutegien Sarearen koordinatzaile karguan izango dituen ardura eta helburu nagusiak azaldu dizkio Etcheparek BasqueHeritage.com-i: sareko liburutegietako arduradunei informazio eta trebakuntza eman, Pergamo Programa erabiltzen erakutsi, sarearen datu basearen kalitatea zaindu, FEVAren liburutegia kudeatu eta sareko liburutegiei aholku eman. Guztiak betetzeko Etcheparek ekimenaren arduradunak diren José Orbaiceta eta María Fernanda Astigarragaren laguntza izango du. Laguntza edo informazioa behar duenarentzat koordinatzaile berria FEVAren egoitzan (Lavalle 1718 5º D, Capital Federal) izango da, asteartetik ostiralera 8:00tatik 12:00tara.


Lotura interesgarriak

FEVAren web gunea
www.fevaonline.org.ar

Kolektibitateen Liburutegien 2. Topaketa, La Platan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia