euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alboka kontzertua Argentinan, Gure Txokoa Cordobako EEko Baietz talde euskal-argentinarraren eskutik

2009/07/07

Baietz taldea alboka kontzertuan
Baietz taldea alboka kontzertuan

PUBLIZITATEA

Alboka izan zen joan den uztailaren 3an Gure Txokoa-ko Euskal Etxekoek antolatutako kontzertuko protagonista. Cordobako euskal egoitzak 70 bat lagun bildu zituen, tartean Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeko lehendakariorde Domingo Aguirre, errepertorio tradizional eta berriko obrak entzuteko, jolea Gaspar Jaurena albokaria Baietz taldearekin. Saioarekin musikariek urteko lehenengo seihilabeteko kontzertu zikloa bukatu zuten eta hasi dira dagoeneko prestatzen abuztutik aurrera egingo dituzten aurkezpenak. Ziklo berrian, euskal herrialde bakoitzeko musika joko dute saio bakoitzean eta hasteko, Gipuzkoakoarekin hasita. Bitartean, txalaparta, alboka, euskal flautak (txistua, xirula), eta oro har euskal tresnei buruzko tailerrak segitzen dituzte.

Córdoba, Argentina. Baietz taldea euskal tresna tradizionalak jotzen dituen 'ensamblea' da, Gure Txokoa euskal etxe cordobatarrean sortua. Partaideak Noé Fernández Brizuela, Agustín Alonso, Franco Seghesso, Fernando Zabalza eta Gaspar Jaurena dira. Euskal etxeko arduradunek heiei buruz azaldutakoari kasu eginda, 'mutil hauek musikariak ez ezik, ikertzaileak ere badira. Guztiek Unibertsitatean ikasi dute musika eta dokumentu eta partitura zaharretan bilatuz eta miatuz hasi ziren euskal tresnak jotzen eta egiten'.

Taldeko kideak buru belarri ari dira Euskal Herriko musika aztertzen eta, horrekin batera, Cordobako komunitateari erakusten dizkiote lan horren emaitzak. Urte hasieratik hona lau kontzertu eman dituzte, bakoitzean musika tresna berezi bat gailentzen. Apirilekoan, lehendabizikoa izan zenez, tresna guztiak aurkeztu zituzten; maiatzekoan, euskal flautak izan ziren protagonistak; ekainekoan, txalaparta, eta honakoan, uztailekoan hain zuzen, alboka.

Alboka kontzertu osoa Argentinan lehenbizikoz

Oraingo emanaldian, tradizio handiko piezak eta aldi berean lan modernoagoak ere entzun ahal ziren: Ibon Koteronen 'Odolaren Boza', Leon Bilbaoren 'Leonen Jota' eta Joan Mari Beltranen 'Alboka Zortzikoa', batzuk aipatzearren. Carolina Aguerrido, Noé Fernández Brizuela eta Fernando Zabalzaren ahotsez ere gozatu ahal izan zuten euskal etxera bertaratutako 70 laguneko ikuslegoak. Aipatzekoa, hautatutako abestien artean Jaurenak berak egindako kanta bat ere jo zutela Baietz taldekoek. Abesti honek 'Oinez' du izena eta autoreak horrela izendatu du, 'musikak, bere etxetik euskal etxerainoko bidaia ekartzen diolako gogora', adierazi dio EuskalKulturari Gure Txokoa-ko lehendakari ordea den Elba Mocoroak.

Kontzertu honekin taldeak bukatutzat eman du urteko lehenengo zikloa, abuztuan beste serie batekin hasteko. Serie berrian, Euskal Herriko musika herrialdeka aurkeztuko dute baietz-ekoek, Gipuzkoakoarekin hasita.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia