euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lapridako EEak bere XX. urteurrena ospatuko du asteburuan hitzaldi batekin eta beste ekitaldiekin

2009/03/12

Elkartearen 18. urteurreneko lehiaketako irabazleak
Elkartearen 18. urteurreneko lehiaketako irabazleak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Laprida hiriko Lagunen Etxea euskal elkarteak hogei urte bete zituen joan den abenduaren 3an, baina urteurreneko ekitaldiak asteburu honetan izango dira. Ekitaldiotan parte hartuko du Arturo Campion Euskal Ikasketetarako Zentruak, izan ere elkarte honetako kideak asteburuan Lapridan bertan egingo dute urteroko bilkura. Horrela, bihar lan bilera egingo dute Arturo Campionekoek eta gauean bi elkarteetako kideak bildu eta afaria egingo dute. Igandean ekitaldi gehiago izango dira.

Laprida, Argentina. Bihar bertan hasiko dira Lagunen Etxea euskal elkarteko XX. urteurreneko ekitaldiak eta bertan elkarte honen babespean sortu zen Arturo Campion Euskal Ikasgaietako Zentruak parte hartze nabaria izango du. Urteurrenaren aitzakiarekin, Arturo Campioneko kideak Lapridan bildu eta urteroko bilkura orokorra egingo dute, aurtengo ekimenak aztertu eta prestatzeko, Lagunen Etxea-ko kultur arduradun den María Ester Arrondok azaltzen duenez.

Ekimenak goizean goiz hasiko dira, Arturo Campioneko kideei egingo zaien harrerarekin. Ondoren elkarteko kideak euren ikerketa eta ekimenei buruz mintzatuko dira herriko irratsaio batean. Eguerdian bazkaria izango dute euskal etxean eta arratsaldean aipatu lan bilera egingo dute. Bertan, besteak beste, aurten elkarteak Argentinako euskal etxeetan zehar eskainiko dituen mintzaldiak aukeratuko dituzte eta abian diren ikerketei buruz ere mintzatuko dira.

Iparraldea mintzagai

Arratsaldean, 21:00etan, Carlos Arturo Martinezek Iparraldeari buruzko hitzaldi bat eskainiko du. Izenburua 'Iparralde, de la Revolución Francesa a la Actualidad' izango da. Gauean, 22:00etatik aurrera, Lagunen Etxea eta Arturo Campioneko kideak bildu eta afari batekin ospatuko dute elkartearen 20. urteurrena.

Igandean eguna 10:00etan hasiko da, eskertza meza batekin. Ondoren parte hartzaileak Euskal Etxean bilduko dira eta eguerdian 'Gure Etxea' jatetxera joango dira bertan bazkari legea egiteko. Bazkari honekin bukatuko dira XX. urteurreneko ekitaldiak.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia