euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laiotz eta Aukeran Euskal Herriko talde gonbidatu izango dira azaroan Argentinan Necocheako 2023ko Euskal Astean

2023/07/21

Ezk.esk., Necocheako Euzko Etxeko lagunak, Laiotz Taldea kontzertuan, Aukeran Dantza Konpainia, Euzko Etxeko Eneko Sagardotegia
Ezk.esk., Necocheako Euzko Etxeko lagunak, Laiotz Taldea kontzertuan, Aukeran Dantza Konpainia, Euzko Etxeko Eneko Sagardotegia

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Hiru hilabete pasexe falta dira Argentinako euskal diasporaren urteroko hitzordu nagusirako eta Necochean euskal etxe anfitrioia buru belarri dabil prestakizunetan, guztia garaiz eta egoki egon dadin. Euskal etxe necocheatarreko bazkide, zuzendaritzakide eta bolondresak oro har jardun gogorrean ari dira apurka gauzak zehaztu eta programa biribiltzen, azaroaren 6tik 12ra egingo den 2023 Euskal Aste Nazionalerako eta baieztatu diote EuskalKultura.eus-i bertan parte hartzeko gonbidatu berezi etorriko direla Euskal Herritik Laiotz musika talde hernaniarra eta Aukeran dantza konpainia.

Laiotz eta Aukeran

Laiotz, duela 30 urte baino gehiago Hernani eta Astigarraga (Gipuzkoa) arteko Oialume auzoan sortutako ibilbide oparoko taldea da. Aste Nazionaleko asteburuko erromerietan jotaz, jauziz, fandangoz eta dantzatzeko erritmoz hornituko du jaia. Xabier Barrenetxea (bateria), Manex Torrealdai (trikitixa), Beñat Kamio (piano eta tronpeta), Itsaso Treku (ahotsa), Joseba Irizar (baxua) eta Gorka Txakartegi(gitarra) dauzka partaide, eta lehenbizikoz datoz Argentinara. “Espero dugu dantza ta kantu asko egitea denok, bertako euskal kultura ezagutzea eta nola ez, ondo jan eta edatea, zaleak gara eta!”, adierazi dio Xabierrek, taldeko beteranoak, EuskalKultura.eus-i, bidaiaz galdetuta.

Ostiraleko gaualdiak, berriz, Aukeran Dantza Konpainiaren ekarria erautsi ahal izango du. 15 artistarekin necochearatuko da, Eduardo Muruamendiaraz dantzari, koreografo eta konpainiaren sortzailea zuzendari. Ez da hau izango konpainiak Argentina bisitatuko duen lehen aldia. 2011eko Euskal Astean ere aritu ziren, aldi hartan “Gernika, mihise gaineko dantza” lanarekin. Oraingoan, euren ikuskizun berria besapean datoz, “Migratzaileak”. Lanak “mugimenduari irekitzeko ariketa bat proposatzen die ikusentzuleei. Zer da migratzaile izatea, ez bada, funtsean, mugitzea: gorputz bat lekuz aldatzeko prest egotea, eta leku berri horretan norbera den gorputza berriro deskubritzea”, diote.

Voucherrak lolekurik gabe izango dira aurten: otortuetarako eta ikuskizunetarako balioko dute, baina EZ lolekua lortzeko, hori norberak kudeatu beharko du. Gogoan izan, eta egin zure erreserbak lehenbailehen

Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillagak adierazi digunez, “Buru-belarri ari gara, lan handia egiten, aurrera egiten ari gara etxeko berritze eta programazio lanetan, eta jende asko ari gara horretan. Necocheako Euskal Etxean lan egiteko borondateak batzen gaitu. Laiotz eta Aukeran hartzeaz gain, dantza talde guztietako dantzarien zain egongo gara larunbateko gaualdirako, eta, halaber, euskal etxeetako abesbatza eta danborrada guztiak ere etortzea espero dugu”.

Ekitaldi guztiak Euskal Etxearen egoitzan egingo dira, ostiral eta larunbateko gaualdiak izan ezik. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan ostatua ez da Euskal Aste Nazionalaren antolakuntzak eskainiko duen voucherrean sartuko, eta zuzenean kudeatu beharko du bertaratzen den pertsona edo talde bakoitzak, zerbitzu hori eskaintzen duten hotel eta espazioekin. Beraz, Euskal Aste Nazionalaren antolakuntzatik, erreserben lehenbailehen egitea gomendatzen dute, azken orduko konplikazioak saihestearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia