euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kultur lehiaketa eta urteurren afaria Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxearen 20. urtebetetzea ospatzeko

2009/11/11

Ma. Esther Arrondo Eusko Txokoa-ko arduradunak 'Guregandik' aldizkariaren azken alea eman zion Nerea Grassiri Euskal Asteko liburutegien bileran (argazkia EuskalKultura.com)
Ma. Esther Arrondo Eusko Txokoa-ko arduradunak 'Guregandik' aldizkariaren azken alea eman zion Nerea Grassiri Euskal Asteko liburutegien bileran (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bi hamarkada daramatzate Lapridako euskaldunek Euskal Herriko kultura zabaltzen Buenos Aires hiriburutik ia 500 kilometrora dagoen hiri honetan. Urtean zehar, hitzaldiak, topaketak, dantzaldiak, kultur lehiaketak… mota askotako ekimenak antolatzen dituzte 'Lagunen Etxea'-koek euskaldunen historia eta ohiturak hedatzen. Aurreko urteetan bezala, aurten ere kultur lehiaketa batean parte hartzeko gonbitea luzatzen dute euskal etxeko kideek, Eusko Txokoa liburutegien arduradunekin batera. Horretaz gain, urtemuga berezi hau ospatzeko, esker emate elizkizuna eta afari berezi bat egingo dute azaroaren 28an.

Laprida, Argentina. Aurtengoa Kultur Lehiaketaren zazpigarren edizioa izango da eta, aurreko urteetako ildoari jarraituz, nerabe eta gazteei dago zuzenduta. Lehiaketa euskal gaien ingurukoa da eta parte hartzeko, artikulu honen amaierara ekarri dugun galdetegiari erantzun behar zaio. Hilaren 28a baino lehen bidali behar dira erantzunak, e-mailez, mearrondo@laprida.net edota cvlagunenetxea@laprida.net; edo ohiko postaz helbide honetara: Pedro Pereyra kalea 1418 (7414), Laprida, Buenos Aires Probintzia. Helbide hauetan zalantzak argitu eta informazio osagarria ere emango dute. Parte-hartzaileak hiru multzotan sailkatuko dira, adinaren arabera, eta sariak liburuak izango dira.

Beste alde batetik, Lapridako euskaldunak lehenengoz ekintza batean parte hartzeko elkartu zirenetik hogei urte joan direnean, eta data garrantzitsu hori ospatzeko egitarau berezia antolatu da datorren Azaroaren 28rako: esker emate elizkizun bat egingo da arratsaldeko 8etan eta jarraian, Centro Educativo Complementario izeneko aretoan urteurren afaria emango zaie euskal etxeko kide eta lagunei. Dantzariek euren ikuskizuna oparituko diote bildutako jendeari eta gero guztiek izango dute dantza egiteko aukera afal ondoko erromerian. Txartelak $35 balio ditu.

HAMAR GALDERAK (lehiaketa)

1) Zer dela eta eta noiz ikusi ahal izan zen lehendabizikoz Lapridako euskal kolektibitatea?

2) Zein da 'Lagunen Etxea' euskal etxearen patroia? (uztailaren 31ean ospatzen da)

3) Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentruko aldizkariaren izena.

4) Nola da Lapridako dantza taldearen izena, 'Siempre joven' euskaraz?

5) Zenbat mus txapelketa irabazi ditu Lapridako euskal etxeak?

6) Nola zuen izena 2005 eta 2007 urteen artean indarrean egon zen Ingurugiro Hezkuntzari buruzko programak?

7) Buenos Aires probintziako federakuntzan, zein kategoriatan jokatzen dute Lapridako bi bikotek, paleta pilotan?

8) Tripakiekin egiten den euskal janari tipiko bat.

9) Nola esaten da gaztelaniaz 'Eusko Txokoa', liburutegiaren izena?

10) Zenbat urte beteko ditu Lapridako euskal etxeak datorren abenduaren 3an?

Lotura interesgarriak

Lapridako Arturo Campion Euskal Ikasgunea
www.arturocampion.com.ar

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia