euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Korrika martxoaren 31etik apirilaren 10era ibiliko da EHan barrena, jakin nahi duzu non eta noiz ibiliko den Diasporan?

2022/03/18

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Hemen da bere 22. edizioan bi urtetik bi urtera egin ohi den Korrika. Helduei euskara irakasten diharduen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sostengatzea eta euskararen aldarrikapena modu jolaskor eta libertigarrian plazaratzea Euskal Herriko zazpi probintziak batzen dituen ibilbide bat korrika eginez, hori da Korrika. Beste hainbat euskal ekimenetan bezala, Pirineoetako Euskal Herriarekin batera, Diaspora eta Diasporako euskaldunak ere partaide eta bultzatzaile ditu. Ikus dezagun aurtengoan nola.


Pariseko Korrika martxoaren 12an egin zuten, Sacré Couer Basilikatik abiatu eta Euskal Etxeraino


2022ko Korrikaren kantu ofizial azpititulatua, Gabi de la Mazaren lankidetza baliatuz

Lehenik gogora dezagun, ordea, aurten, hizkuntza gutxiagotuak ardatz plazaratuko dela Korrika, izan ere helburua ezarri du 22. korrikaren mezua ahalik eta hizkuntza gutxiagotu gehiagotara itzultzea, “guk geure lekua aldarrikatzen dugu, bai eta besteentzat ere”, esan dute. Diasporari dagokionez, Etxepare Euskal Institutua eta erakunde honek munduan barrena dituen irakurletzak eta ikasle-irakasleak aliatu ditu aurten ere. Ikus antolatu duten Korrika Munduan bideo lehiaketa, eta eman zeure bozka bideo onenari!

Hona lerro hauek idatzi arte gure eskuetara iritsi diren Korrikaren hitzorduak munduko euskal etxeen eta Etxepareren unibertsitate irakurletzen eskutik (zeurea ikusten ez baduzu, bidali mesedez informazioa info@euskalkultura.eus helbidera). Xehetasunak alda daitezke, interesatuek bidalitako datuez osatutako informazioa da.

La Plata, Argentina

Eguna: Apirilaren 2an
Elkarrekin antolatu dute UNLPko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak eta Euzko Etxeak, ikasle, irakasle eta publiko orokorra bertaratzera gonbidatuz
Programa: 16.30etan abiatuko da 19 eta 51 kaleen bidegurutzetik, Plaza Islas Malvinas-tik (hitz batzuk esango dira bertan Malbinetako Heroiak gogoratzeko, egun horretan bertan gogoratzen baita irlen berreskuratzea).Ibilbidea,19 y 51, 51 kaleko 'rambla'tik 14erauni, hitzak eta kantua Plaza Moreno-ko (14 eta 53) Gernikako Arbolaren pean, Euzko Etxeraino segituz 14. kaletik 57 eta 58raino, bertan, Lagun Artean txokoan pintxoak eta edariak partekatzeko 

Brusela, Belgika

Eguna: Martxoaren 20an
Korrika jai-giro familiar eta euskaldunean antolatzen du Bruselako Euskal Etxeak.
Lekua: Brusela, Warendepark, Royal Park-eko musika kioskoan (Centraal geltokitik 5 bat minutura)
Programa: 13etan hasiko, petoak salgai, Arabako Mendialdean erositako kilometroa korrituko dute. 14etan, pintxo-pote euskalduna. Lortzen den dirua Araban erositako Korrikako kilometroa ordaintzeko izango da.15:30ak aldera, Vlaams Huis-era mugituko dira, Royal Park-etik 10 bat minutura dagoen Vlaams Huis-en Korrika jaia jarraitzeko. Helbidea: Drukperstraat 20

Berlin, Alemania

Eguna: Apirilaren 2an
Freie Universität Berlin Unibertsitateko Etxepareren Irakurletzako ikasleek, Euskal Etxeko ikasleek, Berlingo euskaldunek eta euskaltzaleek eta beste hizkuntza gutxitu batzuetako irakasle eta ikasleek hartuko dute parte
Egitaraua: Berlingo kaleetan Etxepareren Irakurletza eta Euskal Etxea antolatzaile. Oberbaumbrücke zubian hasi (May Ayim Ufer ondoan) eta Zielona Gora proiekturaino korrika. Helmugan janari goxo-goxoa eta edariak eta Positiv Hardcore taldearen kontzertua.
Korrikaren aldeko kontzertua egingo da apirilaren 8an, Euskal Herritik etorritako hiru talderekin: Tatxers (Iruñea), La Rekba (Donostia eta Zubieta) eta Txakurrak (Arrasate)

Mallorca, Illes Balears

Eguna: Apirilaren 2an
Mallorcako Artea Euskal Etxearen eskutik
Programa: Korrikaren ibilbidea Son Rapinyako pilotalekuaren barrualde eta inguruetan.

Boise, Estatu Batuak

Eguna: Apirilaren 2an
Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxearen eskutik, Euskal Etxea eta BSUko irakurletza lankide
Programa: Goizeko 11etan Basque Block-en. Xehetasunak, hemen. Izena emateko, hemen

Valladolid, Espainia

Eguna: Apirilaren 3an
Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxea antolatzaile
Programa: Euskal Etxearen egoitzan elkartu eta ibilbidea egingo dute, ondoren hamaiketakoa hartzeko EEan

Valentzia hiria

Eguna: Apirilaren 2an
Antolatzaile, Laurak Bat Euskal Etxea
Egitaraua: 11:30etan pintxopotea, 12etan euskal dantzen tailerra, 13etan, Korrikaren ibilbide, 14etan herri bazkaria 120 lagunentzat, 17etan bi kontzertu bertako musika eta euskal musikarekin, bukatzeko 20:00etan euskal musika jaia Euskal Etxearen egoitzan DJ Soinu Gorriak-ekin

Montreal, Quebec

Eguna: Apirilaren 2an
Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxearen eskutik
Larunbat arratsaldean, Korrikaren ibilbidea Montrealeko karriketan, bost kilometroz eta hiru pasalekurekin. Ondoren, besta tipia Euskal Etxearen egoitzan, mezuaren irakurketa, eta besta tipia, musika zuzenean, dantza...

Mexiko Hiria, Mexiko

Mexiko Hirian bi lasterraldi egingo dira aurten UNAMen bata, ENALLTen euskara ikasten dabiltzan unibertsitarioek egingo dutena apirilaren 1ean; eta Euskal Etxean, Polancon bestea, apirilaren 3an, Euskal Etxearen egoitzan festa giroan amaituko dena guztiok elkarrekin.

Eguna: Apirilaren 1ean
UNAM Etxepareren Irakurletza antolatzaile
Programa: Korrika fisikoa eta Korrika birtual bat Gather plataforman modu sinbolikoan. EEak antolatutako egitarauarekin ere bat eginez

Eguna: Apirilaren 3an
Mexiko Hiriko Euskal Etxearen eskutik
Programa: Korrika egin Euskal Etxean amaitzeko eta ondoren ekitaldia eta herri bazkaria

Sydney, Australia

Eguna: Apirilaren 2an
Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxearen eskutik
Programa: EE inguruko taberna batzuetatik pasatuko da eta bertako jendearekin hitz egingo da Korrika zer den azalduz. Ondoren bazkaria Gure Txokon

Helsinki, Finlandia

Eguna: Apirilaren 1ean
Antolatzailea, Etxepareren irakurletza - Helsingin Yliopisto
Programa: Korrika llabur bat gauzatuko da eta ondoren pikoteo euskalduna

Varsovia, Polonia

Eguna: Apirilaren 7an, baieztatzeke
Antolatzailea, Etxepareren Irakurletza - Varsoviako Unibertsitatea
Partaideak, Varsoviako Unibertsitateko euskara eta euskal kultura ikasleak eta Euskal Herriko Erasmus ikasleak.
Programa: Korrika eta euskal festa. Varsoviako Unibertsitateko campus nagusitik abiatuta Varsoviako Krakowskie Przedmiescie kale nagusian zehar. Ibilbidearen ostean bertso eta euskal dantzen tailerra Euskal Herriko ikasle eta poloniar ikasleen artean

Bartzelona, Katalunia

Eguna: Apirilaren 2an
Bartzelonako Euskal Etxeko eta hiriko unibertsitate eta Hizkuntz Eskolako euskara ikasle eta euskaltzaleak
Programa: 10.30etan: Korrika txikia (Passeig del Born-en), 11etan: Korrikaren ibilbidea (Passeig del Born-en), 14.30etan: bazkaria (Can Battlo), 19etan: kontzertuak (Can Battlo). Ikus

New York, Estatu Batuak

Eguna: Apirilaren 2an
Antolatzaile, Euzko Etxea of New York, Euskal Ordezkaritza lankide
Parte hartzeko baieztatu mesedez  nyeuzkoetxea2013@gmail.com helbidera martxoaren 31a baino lehen
Programa: 12:00etan hasteko Korrikaren ibilbidea Central Parken. Elkargunea, Doris C. Freedman Plaza, Central Park (5th Avenue eta E 60th St bidegurutzean, ipar-mendebaldeko izkinan)

Madril, Espainia

Eguna: Apirilaren 2an
Duela urte batzuk "Korrika Txulapoa" izena hartzen du eta Unibertsitate Konplutensea izango du abiapuntu
Antolatzailekide dira Madrilgo Euskal Etxea, Hizkuntza Eskola Ofizialeko Euskara Departamentua eta Unibertsitate Complutenseko Euskal Ikasketen Saila
Ibilbidea: 10:00: Unibertsitate Complutenseko Filologia Fakultateko A eraikina, Menéndez y Pelayo plaza (ohorezko aurreskua eta irteera) - Avenida Complutense. - Ciudad Universitaria metroa. - Arco de la Victoria etorbidea - Moncloa plaza - Isaac Peral - San Francisco de Sales - Guzmán el Bueno - Juan Vigón - Jesús Maestro - Jesús Maestro Hizkuntza Eskola Ofiziala - Islas Filipinas - Bravo Murillo - Quevedo plaza - Fuencarral - Gran Vía 70 (“Gernikako Arbola” kantatuko da) - Puerta del Sol (argazkia egingo dugu hartzaren eta gurbitzaren ondoan) - Alcalá - Cedaceros - Los Madrazo - 12:00etan (gutxi-gorabehera) Euskal Etxera iristeko (Jovellanos). Bertan Euskal Etxeko dantza taldearen ongi-etorria. Umeen Korrika. Korrikaren adierazpenaren irakurketa.

Munduan barrena Korrikari lotutako beste hainbat hitzordu egingo dira, gehienbat Euskal Etxeak eta Etxepareren Irakurletzak antolatzaile, hala nola Londresen, Necochean, La Platan, Medellinen, Tokyon, Txileko Santiagon, San Frantziskon, Cork-en, Leipzig-en, Bremen-en...Informazioa jasotzen joan ahala joango gara argitaratzen.


Korrika 22ren omenaldia Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoei joan den urtarrilean

-Korrika 22 dosierra



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia