euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko 'Laurak Bat' Euskal Etxeak webgunea berritu du bere 145. urteurrena ospatzearekin batera

2022/03/17

Euskal etxearen historia, ekimenak, euskara ikastaroak eta dantza taldea aurkituko ditugu webgune berrituan
Euskal etxearen historia, ekimenak, euskara ikastaroak eta dantza taldea aurkituko ditugu webgune berrituan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Ospatu berria du joan den igandean, martxoaren 13an, Buenos Airesko 'Laurak Bat' Euskal Etxeak --Argentinan eta nazioartean sorreratik lanean segitzen duen euskal etxerik zaharrena denak-- bere 145. urteurrena. Eta ze bide hainbeste urte ospatzeko urrats berria ematea baizik. Izan ere, ohi bezain aktibo, euskal elkarteak bere webgunea berritu du egun hauxetan, erakundearen online presentzia sendotuz.

Webguneak, euskal etxearen historiari buruzko atalean, elkarteak historian zehar izandako aldaketen eta gaur egungo garaien berri ematen du, argazkiekin eta testu laburrekin. Badago Zuzendaritza Batzordearen gune instituzionala eta baita ere efemerideak eta hurrengo ekitaldiak eta gertaera berriak aipatzen dituzten atalak.

Webgunea gaztelaniaz dago eta erlaitz batean euskara aipatzen digu. Hor iragartzen da 2022ko ikastaroak ere birtualak izango direla, apirilean abiatuta. Hasierako maila Sebastian Amaya irakaslearen esku egongo da eta tartekoa, berriz, Villa Mariako Euzko Etxeko Florencia Deniz irakaslearen ardurapean.

Trinketeak, dantzek eta kulturak beren erlaitz propioak dituzte, eta bertan klik eginez urtean zehar egiten diren jardueren gaineko informazioa lor daiteke, alor honetako emaitzez eguneratuta egon nahi dutenentzat. Txateatzeko, posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzeko eta euskal etxeko sare sozialetan sartzeko aukera ere ematen du webgune berrituak.

Zorionak 'Laurak Bat'i bere 145. urteurrenean!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia