euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Koronabirusak eragindako egoera eta sentimentuez bertso berriak, Idahoko Boisetik Todor Azurtza Sorrondegik jarriak

2020/05/11

Todor Azurtza Boiseko Euzkaldunak euskal etxeko Zuzendaritzakoa da eta bertako berripaperean eman ditu argitara bertsook
Todor Azurtza Boiseko Euzkaldunak euskal etxeko Zuzendaritzakoa da eta bertako berripaperean eman ditu argitara bertsook

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Azkeneko egunetan argitara eman ditugu bi bideo eta kantu bat Covid-19k munduko euskal diasporan bizi diren euskaldunek egindakoak. Gaur laugarren bertso sorta. Aurretik joan dira Rock Springs-eko (Wyoming) Martin Goicoechea eta Renoko (Nevada) Jexux Goñiri kendutako bi bideo; eta Chinoko (Kalifornia) Begoña Echeverriak egindako hitzekin Mattin Lerissak egindako kantua. Gaurkoan, Boisetik (Idaho) Todor Azurtzak egindakoak bildu ditugu, Lael Uberuaga koordinatzaile duen Euzkaldunak Euskal Etxearen maiatzeko berripaperan argitara emanak.

(Venezuelako Caracasen sortu euskalduna da Todor, Diasporako Azurtza-Sorrondegi familiako seme, sei urterekin Donostiara aldatu zen bere familia eta bertan hazi zen hogei urteak arte; eta ondotik Londresen bizi, Parisen zenbait urtez, bidaia frango harat-hunat munduan barrena, azkeneko urteetan Estatu Batuetan kokatzeko, lehenik New Yorken eta hondarreko lau urteetan Boisen, bere bikotea Idahoko euskalduna baita, Geneva Ayarra, aitatxi Nafarroako eaurtarra eta amatxi Marie urepeldarra. Han eta hemen bizi izandakoa, Donostian hazia, baina 'Diasporako euskalduna' sentitzen da gehienbat)

Hauek dira bere bertsoak:

Boisera ere iritsi zaigu koronabirus maltzurra
eta etxetan sartuta gaude ezin atera muturra
baina hau ere pasatuko da gaindituko guk gailurra
ta bitartean zuek guztiak jaso gaur nire agurra

Nahiago nuke oraintxe bertan frontoian palan jokatu
edo musean aritu eta baita gustora dantzatu
baina gehiena nahiko nukena behar dizuet kontatu
Donostian den nire amatxo nahiko nuke besarkatu

Pazko igandea gaur dugu eta aberriaren eguna
zoritxarrez guk elkarrekin gaur ezin ospatu duguna
aurki berriro izango gara elkar euskaldun laguna
ta bitartean gora bihotzak zaitu zuen osasuna.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia