euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesek EH ospagai 2020: edizio online, arrakastatsua, berritzailea eta "aurrekaria gainerako kolektibitateentzat"

2020/05/11

2020ko BAC digitalaren azken Fandangoa
2020ko BAC digitalaren azken Fandangoa

PUBLIZITATEA

Internet eta sare sozialen bidezko sei orduko emanaldi jarraituak lortutako oihartzun zabalarekin euskal gizataldeak gauzatutako proposamenak gainditu ahal izan zituen atzo koronabirusak ezarritako baldintzak. Argentinako eta Euskal Herriko hamaika kultur eragile, artista, politikari, sukaldari eta kirolariren atxikimenduarekin arrakastaz burutu zen "Buenos Airesek Euskal Herria ospagai” 2020. Laurak Bat Euskal Etxe antolatzaileko kideek balantze baikorra egin dute eta edizioa “mugarria” izango dela adierazi dute.

Buenos Aires, Argentina. Urtero kaleko bertsioan eskaintzen dituen eduki berberak eskaini zituen Laurak Bat-ek aurtengo BAC digitalean. Alegia, BACen 10. edizioa betiko aurkezleekin hasi zen eta ondoren, aurreko ediziotan bezalaxe, agintarien agurrak, musika eta dantza saioak, sukaldaritza, euskara, genealogia, kirolak, txikientzako ekintzak, musa… etorri ziren, online formatuan.

Sare sozialek Mayo Etorbideko standak, agertokiak eta topaguneak ordezkatu zituzten. Desabantailak?: nabarmenena seguruenik lagunei besarkadak emateko aukera ez izatea. Abantailak? Bizpahiru ere aurki ditzakegu, tartean, hamar urte hauetan distantziagatik parte hartu ahal izan ez duten euskal etxe batzuek –Barilocheko Mendiko Eusko Etxeak edo Txileko Santiagoko Euzko Etxeak kasu– parte hartu ahal izana. Are gehiago, esan ere esan dezakegu “globala”-edo izan dela jaialdia, Argentina osotik ez ezik, Euskal Herritik eta beste hainbat herrialdetatik ere jarraitu ahal izan baitute ikusleek saioa, Internet bidez.

Laurak Bateko lehendakari Arantxa Anituak, festa bukatu eta egindako lehenengo balorazioan, “zalantzarik gabe, mugarria izan da gaurkoa", adieraz zuen. "Horrekin ez dut esan nahi inondik inora ekintza birtualek ordezkatuko dituztela aurrez aurreko topaketak; esan nahi dudana da gaurkotzea ezinbestekoa dela eta agian bide birtualak lagun dezakeela hobetzen hain handia den gurea bezalako herrialde batek partaidetzarako dituen arazoetako batzuk”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i.

“Gaurko BACi buruz, zalantzarik ez da bizi-bizia izan dela; lanean ari ginenontzat neketsua, baina erabat atsegina. Izan ere oso atsegina da jakitea euskaldunok BAC digitala egin duen lehenengo kolektibitatea izan garela eta hiriko Gobernua oso-oso pozik dagoela emaitzekin. Goiz da zenbakiei buruz hitz egiteko baina bai esan dezaket gure kontuetako jarraitzaileen kopurua bikoiztu egin dela. Arratsaldean zehar mota askotako galderak egin dizkigute, oso giro eta jarrera interesdunean. Eta badakigu indar hori aprobetxatuko dugula”.

“Antolakuntzari barrurik begiratuta, prozesua oso polita izan da. Jende berria gehitu zaigu, betiko jendea erraz moldatu da eginbehar berriekin… esker oneko hitza baino ez ditut lagundu duten guztientzat”, azpimarratu du Anituak.

Zenbakiei buruz emango dira datozen egunetan datu zehatzat, –Instagram eta Facebook kontuetan argitalpen bakoitzeko ‘atsegin dut’en kopuruak gorako joera garbia erakusten ari da igandea iluntzean– bai ikus daitezke artikulu hau idazten dugun bitartean, nola biderkatzen diren Laurak Bat jasotzen ari den zorion agurrak.

Mezu horiek ikusteko Euskal Etxearen Facebook edota Instagram kontuetan sartu baino ez da egin behar. Bertan, gainera, arratsaldean zehar igo diren edukiak (agintarien agurrak, artista ospetsuen mezuak, errezetak, dantzak…) ere ikusgai daude.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia