euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Katedralean meza eta folklore erakustaldia Txileko Santiagon Iñaki Deuna ospatzeko

2010/07/30

San Inazio Loiolakoaren edo Iñaki Deuna omentzeko antolatu den mezaren afixa
San Inazio Loiolakoaren edo Iñaki Deuna omentzeko antolatu den mezaren afixa

PUBLIZITATEA

Santiagoko Euzko Etxeak datorren igandean hiriburu txiletarrean ospatuko den ekitaldirako gonbidapena luzatu dio bertako euskal komunitateari. San Inazio Loiolakoaren jaieguna ospatuko dute, Diasporako leku batzuetan, tartean Txilen, 'Iñaki Deuna' bezala ezagutzen den festa. Katedral Metropolitarrean eskainiko den mezarekin ekingo zaio egunari, Santiagoko Euzko Etxeko Euskal Abesbatza partaide. Folklore erakustaldi bat ere antolatu da Arma Plazan, ostean Vicuña MacKennako egoitzan bazkari batek eta bestjai giroko beste zenbait ekitalditan parte hartzeko aukerarekin.

Santiago, Txile. Txileko euskal egutegian nabarmendu behar den eguna da Iñaki Deuna, abuztuaren 31a. Aurten berez larunbata izan arren, igandean ospatuko da, abuztuaren 1ean, ekitaldi berezi askoren inguruan. Txileko euskal komunitatea eguerdian bilduko da Santiagoko Katedralean, bertan, Euskal Abesbatzaren laguntza jasoko duen meza ikusteko. 

Mezaren ostean, Euzko Etxeko enbaxada artistikoak Txileko eliza nagusiaren ondoan erakustaldia eskainiko du, Santiagoko Arma Plazan. Erakustaldiak Euskal Koruaren eta Itxaropen Gaztea dantza taldearen partehartzea izango du, bertako jendearen arreta erakarri eta euskal kultura zein folklorearen adierazle izateko asmoarekin. Segidan, Vicuña Mackenna 547an, Santa Isabel metro geltokiaren ondoan dagoen Euzko Etxean, bazkaria antolatu dute, arratsaldea dantzaldi batekin biribiltzeko. 

Euzko Etxetik luatu den egunpasa proposamena hauxe da: Euzko Etxe bertatik katedralera metroz abiatzea eta modu berdinean itzultzea, Santiago erdialdian aparkatzeko dauden arazoak saihesteko. "Txileko euskaldun guztiak gonbidatu nahi ditugu egun handi hau familia giroan ospatzera, euskal jantziak soinean jarri eta bazkarirako erreserba aldez aurretik eginez, bertan parte hartzera" diote Santiagoko euskal elkarte honetatik.

Irteeera Euzko Etxetik 11:15etan, eta bazkaria 14:30etarako antolatu da. 

 




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia