euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Karten historia, Kubako Habanan Fournier etxe arabarreko Rufino Oyarzabalen eskutik azaldua

2009/05/14

Rufino Oyarzabalen hitzaldia Habanako Karten Museoan (argazkia Josemi Arrugaeta)
Rufino Oyarzabalen hitzaldia Habanako Karten Museoan (argazkia Josemi Arrugaeta)

PUBLIZITATEA

Karten eta kartajokoen historia ezagutzeko interesak, gaia ongi asko ezagutzen duen Fournier etxe gasteiztarreko aditu ikertzaile baten ikuspuntutik azaldua, jende multzo polita erakarri zuen hilabete hastapen honetan Habana hiriburuko Karten Museora (Museo del Naipe), Rufino Oyarzabal babazorroaren hitzaldia medio. Urte luzeak enpresa kartagilean pasatutako Oyarzabalek, historia errepasatzen zuten power-pointeko irudien laguntzaz, publikoa bereganatu zuen, kartak eta kartei buruzko azalpenak biltzen zituzten Museoko horma irakasleen artean.

Habana, Kuba. Rufino Oyarzabal ingeniariak bere lan-bizitza ia osoa arabar hiriburuko Fournier fabrika ezagunean eman du. Hainbat herrialderen bizitza eta kulturetan toki propioa irabakia duten kartoizko lauki tindatu horiek ekoitzi eta banatzeaz gain, urteetan kartekin izandako harreman berezi horrek besterik ere eragin dio, kartekiko interesa eta gertutasuna, oro har karten historian aditu eta dibulgatzaile bilakatu arte. Ezagutza eta interes horretatik dator Habana Zaharreko Museo del Naipe-rekiko (Karten Museoa) bere harremana. Bertan, publiko orokorrarentzat hain ezezaguna den gai honi buruzko hitzaldia eman zuen miatzaren 2an.

Bi orduko hitzaldia izan zen. Entzuleek --tartean gaiaz interesatutako jendea, euskal jatorriko kubatarrak eta bertan bizi diren euskaldunak--, harretaz segitu zuten bi ordu iraun zituen hitzaldia, tartean aipaturik karta eta kartajokoen jatorri eta garapena, eta nola egokitzen diren errealitate bakoitzera, azpimarratuz azkeneko partean zer nolako garrantzis izan duen honetan guztian Gasteizko Heraclio Fournier fabrikak, duela mende t'erdi Gasteizen sortua eta aspalditik munduko bere espezialitateko hiru garrantzitsuenen artean kokatua dena.

Mus partida bat karta klasikoarekin --Fournier batekin, doaike-- jokatzeak diferentzia ezartzen du. Rufino Oyarzabalek asmatu zuen azaltzen zer dagoen itxuraz xinplea den kartajoko baten atzean.

Lotura interesgarriak

Habanako Karten Museoa
http://www.ohch.cu/_menu_1/info.php?cat=Museos+y+casas+museos&iditem=59&id_Cat=2



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia