euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kaiku euskal esne-enpresak faktoria zabaldu du joan den igandean Argentinako Santa Fe probintzian

2009/06/18

Ezkerretik hasita lehenengo lerroan, Luis Herrera, Eduardo Urrutia, Anartz Mujika eta Juan Jose Bertero, Kaikuren Santa Fe probintziako San Martin de las Escobas herriko instalazio berriak inauguratzerakoan 2009ko ekainaren 14an
Ezkerretik hasita lehenengo lerroan, Luis Herrera, Eduardo Urrutia, Anartz Mujika eta Juan Jose Bertero, Kaikuren Santa Fe probintziako San Martin de las Escobas herriko instalazio berriak inauguratzerakoan 2009ko ekainaren 14an

PUBLIZITATEA

Kaiku taldeko lehenengo faktoria argentinarra zabaldu du euskal esne-enpresak joan den igandean Santa Fe probintziako San Marín de las Escobas herrian. Tinas del Sur S.A. izenarekin ari da ekoizten eta merkaturatzen esnekiak euskal enpresa eta urte osoan 4.200 tona gazta ekoiztuko dituela aurreikusten du aurten, orotara 13,2 milioi dolarreko fakturarekin. Kaikuk 64 langile dauzka Argentinan, horietarik 58 inauguratu berria den Santa Feko lantegian.

San Martin de las Escobas, Argentina. Inaugurazio ekitaldia joan den igandean egin zen Santa Fe-ko San Martin de las Escobas herrian eta, enpresaren aldetik, Eduardo Urrutia, 'Kaiku Corporación Alimentaria'ko presidentea, izan zen buru. Berarekin batera bertaratu ziren enpresako akziodun eta kideak eta Kaiku-Argentinako presidentea, Anartz Mujika; Santa Fe probintziako Ekoizpen ministroa, Juan Jose Bertero; San Martin de las Escobas-eko alkate Luis Herrera; Argentinako Euskadiko Ordezkaritzako kideak eta bestelako ordezkari eta tokiko agintariak.

Argentinako bere enpresan eginiko aldaketa, gaurkotze eta berritze lanen ondotik --inauguratutako instalazioak adibide-- Kaiku-Tinas del Sur taldeko erreferentzia bilakatu da esportatzeko kalitate altuko produktuei dagokienean. Azken urratsen ostean, Santa Feko faktoria 30 herrialdetara esportatzeko dago homologatua, eta 4,6 milioi kilo gazta ekoiztu ditzake. Egun gazta mota ugari merkaturatu eta banatzen ditu eta bere produktuak Argentinako supermerkatuetan  "Kaiku Gurea" eta "RT" markekin topa daitezke, gazta bigun, erdibigun, gogor eta bereziak sailetan.

Kaiku Korporazioaren jatorrizko elkartearen egoitza Euskal Herrian dago kokatua, erreferentziazko akziodunak abelzain kooperatibak, finantza entitateak, teknologia elkarteak eta garapen elkarteak dituela. Hego Ameriketan , Kaiku Korporazioak, 'Lácteos Surlat'-ekin elkartuta, ekoizpen faktoriak dauzka Txilen 2001etatik. 2008an 245 milioi euroko negozio bolumena --2007an baino %14 gehiago-- izan zuen euskal enpresa hau Euskal Herriko eta Espainiako estatuko merkatuan daukan egoera sendotzen dabil, Ameriketara ere zabaldu nahi duelarik bere pario innobatzailea.

 


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia