euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Legarreta: 'Kennedy presidentearen semeari nik erakutsi nion itsasoan ibiltzen'

2010/09/14

Juan Legarreta bere emazte eta alabarekin Mungian (argazkia Gaur8.info)
Juan Legarreta bere emazte eta alabarekin Mungian (argazkia Gaur8.info)

PUBLIZITATEA

Juan Legarreta mungiarrak munduko negozio gizon aberatsenen zerbitzuan eman ditu bere bizitzako urte gehienak. Egungo nagusia hain da aberatsa ezin duela bere izenik eman, bakarrik arrasto bat: enkantean inoiz saldu den margorik garestiena berak erosi du. Filmea egiteko emango lukeen bizitzari errepasoa eman dio Legarretak Joxean Agirre kazetariak Gaur8.info aldizkarian egin dion elkarrizketa honetan.

Joxean Agirre/Gaur8.info. Mungiako baserri batean jaio zen hamabi senideko familia batean, baina Benjamin Rothschildi edo Kennedytarrei buruz familiakoak balira bezala hitz egiten du. Ondo daki, beraz, munduak bi aurpegi dituena eta biak ezagutu ditu, jende arruntaren mundua eta aberatsena.

New Yorken bizi da, eta, 68 urte dituen arren, lanean jarraitzen du. Norekin? Diskrezioagatik ezin du bere gaurko etxekoandrearen edo nagusiaren izenik ere eman. Zertzelada bat bakarrik aipatzen du: otsailean Londresko Sotheby’s etxeak Giacomettiren “L’Homme qui marche I” eskultura enkantera atera zuenean bere nagusiak edo etxekoandreak erosi zuen. 74 milioi euro ordaindu zituen, artearen historian inoiz pieza bategatik ordaindu den diru kopururik handiena, aurretik marka hori zeukan Picassoren “Mutila piparekin” margolaren prezioa gaindituz.

Baina, esan bezala, gaurko bere nagusiei buruz ezin du hitz egin, kontratuak horretara behartzen baitu. Hori bai, horretaz hitz egin gabe ere, badu Juan Legarretak ze kontaturik, bere bizitzak asko baitu abenturatik ere. Mungian etxea du eta bertan egon da oporretan alabarekin. Azken astea pasatzera etorri zaio emaztea ere.

-Mungiako baserri batean jaio zinen.

Mungiako Elgezabal auzoan jaio nintzen, Mantxane baserrian. Hamabi senide ginen umetan. Hiru umetan hil ziren. 17 urterekin atera nintzen etxetik Areetako txalet batean lorezain laguntzaile bezala lan egiteko, baina ordurako etxekoei laguntzeko era askotako lanak egindakoa nintzen, nahiz eta baserri handia genuen eta horrek asko laguntzen zuen. Beste lan txar askoren artean berun meategi bat ere probatu nuen. Areetako familia dirudun hori Saiz Agirre sendia zen. Alaba bat Aznar ontzigilearekin ezkonduta zuten eta beste bat Etxebarria fabrikako semearekin. Lorategia zaintzeaz gainera beste lan batzuk ere egiten genituen: festak antolatzen zituztenean autoak garbitzen nituen, eta, beharra zegoenean, mahaiak zerbitzatzen ere laguntzen nuen. Niretzako beste mundu bat ezagutzeko aukera  izan zen, munduaren beste aurpegia ezagutzeko aukera.

-Soldaduska egin eta Ramon de la Sotarekin hasi zinen lanean, Biarritzen.

Soldaduska Saharako basamortuan egin nuen, baina ez dugu horretaz hitz egingo. Handik bueltan jakin nuen Ramon de la Sota auto gidari baten bila zebilela. Amari esan zion eta ni bezalako bat inoiz ez zutela hartuko esan zidan, amarentzako Ramon de la Sota Jainkoa baitzen. Ramon de la Sota erbestean bizi izan zen 1975era arte, baina beti langile euskaldunak nahi izaten zituen. Biarritzen hasi nintzen lanean. Mundu mailan mugitzen zen familia bat zen. Ez zirela, esan nahi dut, aberastu berriak. Aitari, Ramon de la Sota y Llanori, esate baterako, sir titulua eman zioten Britainia Handian. Londresen bulegoak zituzten, bandera ingelesa zeramaten ontzi asko zituztelako. Bilboko ontzigintza lantegia ere Sota eta Aznar zen. New Yorken eta Argentinan ere bazituzten bulegoak. Lauzpabost herrialdetan negozioak eramateko bulegoak dituen familia bat oinarri ekonomiko sendoak dituen familia bat da. Bilbon bakarrik bost eraikuntza zituen, horien artean Ibaigane jauregia, familiaren egoitza nagusia. Gerra garaian galdu egin zituzten etxe horiek. Biarritzen ere lehendik zuten egoitza bat. Jakina denez, Biarritz 1912ra bitartean munduko aristokraziaren bilgune izan zen mende bat baino gehiagoz. Hiru urte eman nituen Biarritzen Sotatarrekin Parisera joan baino lehen.

-Zer harreman zuen txoferrak autoan zihoazenekin? Zertaz hitz egiten zenuten?

Nik munduko jenderik aberatsenekin egin dut lan bizitza osoan, baina aldi berean oso jende arrunta izan da tratuan, oso jende azkarra. Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin hizketan egon eta handik ordu erdi batera txoferrarekin ere berriketan jardutera egokitzeko gaitasuna behar da eta horri inteligentzia deitzen zaio. Adibide bat jarriko dizut: nik AEBetan hamabost urtez gizon oso aberats batekin egin nuen lan. Bere birraitona gaur Bill Gates den baino aberatsagoa zen 1800 urterako. Jaun horren ilobarentzat egin nuen nik lan eta iloba hori gure ezkontzara etorri zen, lehenik New Yorken eta ondoren Begoñan ezkondu baikinen, ama edadean aurrera zihoalako. Nire aitapontekoa izan zen. Nik harreman oso estua izan dut, ikusten duzuenez, gizon horrekin.

-Ramon de la Sota batek txoferraz gainera zer pertsonal zuen bere zerbitzuan?

Neskameak zituen, sukaldariak eta zerbitzariak. Ibaiganen gehiago izango zituzten, baina Biarritzen bederatzi pertsona zituzten guztira. Ni txoferra nintzen, baina behar zutenean zerbitzari lanak ere egiten nituen. Nik Sotatarrekin euskaraz hitz egiten nuen beti eta nik bezala beste zerbitzari guztiek.

-Zertarako eman zenuen Pariserako pausoa?

Gaztea nintzelako eta adin horretan abentura pixka bat ere ongi dagoelako. Gaur ez nintzateke joango joan nintzen bezala, aldez aurretik ezer seguru eduki gabe, baina orduan bai, 26 urte nituen. Parisera iritsi eta aste batzuk eman nituen lanik gabe, baina oso azkar hasi nintzen Rothschild familiarekin lanean eta bi urte egin nituen. Nire patroia Rothschildarren artean aberatsena zen. Bera zen, Edmond Adolphe Rothschild baroia, Suitzan bere bankua zuen bakarra. Orain semea bizi da Parisen, Benjamin Rothschild. Hor hasi nintzen gerora gehienbat landu dudan ardura lantzen: zerbitzuaren buru nintzen, beste era batera esateko, maiordomoa. Maila honetako jendeak ez du astirik etxeko martxarekin arduratzeko eta hori da nik egiten niena. Sei langile ginen eta nire gainetik beste bat nuen artean, baina maiordomo baten zereginak zein ziren ikasten hasita nengoen. Hor lanean ari nintzela atera zitzaidan Washingtonera joateko aukera.

-Kultura bat ere bereganatuko da jende horren ondoan.

Rothschildarrekin, esate baterako, arteari buruz asko ikasi nuen. Jende honek guztiak arte bilduma ikusgarriak ditu etxean eta hori miresten ikasi nuen. Tratatzen duten jendea ere kultura maila handikoa da gehienetan. Negozioei buruzko informazio asko biltzen duzu nahi gabe ere. Ekonomia eta politika oso lotuta daude eta politikari buruz ere asko ikasi dut.

-Zerbitzariekin eta langileekin tratuan atseginak al dira?

Bakoitzak bere lekuan egon behar du, noski, baina tratuan atseginak dira. Nik aberastu berriak eta lehendik diru asko dutenak bereziko nituzke, ikusi dudanagatik. Zineman karrera egin duen jendea edo beste zenbait kultur alorreko famatu aberastu berriak lehen belaunaldiko aberatsak izaten dira. Nik ezagutu ditudanak, aldiz, laugarren edo bosgarren belaunaldiko aberatsak dira. Seguru nago aberats berriekiko tratua eskasagoa dela. Emaztea ezagutu eta ezkondu nintzenetik aberats berri gehiago ezagutu dut. Berak itsas bidaiak antolatzen dituen Queen Mary enpresan egiten du lan. Berak badauka, esate baterako, bezero bat Eguberritan bakarrik 700.000 dolar gastatzen dituena bere familiarekin kruzero bat eginda. Orotara 30 bat lagun joaten dira, baina guztiak suite handitan. Orain dela 30 urte aberastu zen eta seguru nago zerbitzariekin beste tratu bat duela. Lehendik diru asko duenak ez du erakustaldirik egiten, ez duelako erakutsi beharrik ere. Ez dira despotak ere. Zerbait gaizki egin baduzu, modu onean esaten dizute.

-Negozioei buruzko informazioa biltzen zenuela esan duzu. Ez al da haientzako arriskugarria hori?

Zurekin konfiantza dutenean ez dira informazioa ezkutatzen ibiltzen. Badakite ez duzula informazio hori zure mesedetan erabiliko.

-Paristik Washingtonera joan zinen ondoren.

John Kennedy presidentearen koinatua, Robert Sargent Shriver, Arnold Schwarzenegger ezagunaren aitaginarreba alegia, enbaxadore zegoen garaiotan Parisen, eta nik berarekin lan egiten zuen lagun min bat nuen. Baina soldaduskarik egin gabe zegoenez, ez zioten AEBetan sartzen uzten. Robert Sargent Shriverrek Washingtonera joatea erabaki zuenean, niri galdetu zidan emigratu nahi al nuen. Bost seme-alaba zituzten eta Europako bi txofer eraman nahi zituzten. Elkarrizketan zerbitzari bezala lan egiten ba al nekien galdetu zidaten eta nik lan egindako lekuen berri eman nien eta hartu egin ninduten. Urtebeterako hitzarmena egin genuen eta joan nintzen Washingtonera. Paristik Washingtonera egin nuen bidaia ere kontatzekoa da, alabari behitzat grazia ederra egiten dio. Bilbotik Londresera joan nintzen eta Dallasera zihoan hegazkin bat hartu behar nuen, baina Iberia, behingoagatik, berandu iritsi zen eta hegazkina galdu egin nuen. New Yorkera zihoan beste bat hartu behar izan nuen, baina Kennedy aireportuan jaitsi nintzen. Handik, ordea, Laguardiako aireportura joan behar nuen eta nire ingelesak ez zuen ezertarako balio, hiztegi bat eskuetan nuela hitz egiten bainuen. Gizonezko bati nire patroi berriaren helbidea erakutsi nion eta Robert Kennedy hil berria zelako edo, oso azkar jakin zuen nora bidali behar ninduen eta ume bat eramaten den bezalaxe, ia-ia eskutik helduta eraman ninduen beste aireporturaino. Bi urte eman nituen Washingtonen. Oso gustura nengoen, hiri bezala oso interesgarria da, baina probintziala da erabat, Parisekin alderatuta batez ere. Nik 29 urte nituen eta beste zerbait nahi nuen.

-Kennedytarren klanetik zein adar ezagutu duzu zuk?

Denak ezagutu ditut. Askotan elkartzen zen familia bat zen, ama bizi zen bitartean behintzat. Udan Hyunnis Port ezagunean biltzen ziren guztiak. Leku horretan Kennedy Compaund izeneko etxe multzo bat zuten, elkarrekin egoteko. Amaren etxean zine areto bat zuten eta yate bat ere bai. Astean egun batean, asteazkenean edo ostegunean, etxe guztietako enplegatuei uzten ziguten yatea. Ontzian egiten genuen egun-pasa. Garai horretan bederatzi anai-arreba ziren familian. Eunice Mary Kennedyrekin egiten nuen lan nik, baina guztiekin izan nuen tratua. Tartean, noski, John Kennedy zegoen. Presidentearekin semeari, John Johni, nik erakutsi nion itsasoan motora batean ibiltzen. Nik alde egin nuenean 11 urte zituen. Esan dudan bezala, oso familia batua zen. Hilean behin barbakoa bat antolatzea gustatzen zitzaien eta familia osoarekin batean enplegatuak ere biltzen gintuzten. Ehun bat lagun biltzen ginen barbakoa horietan eta han denek egiten zuten zerbait. Oso jende jatorra zen tratuan.

-Irakurri elkarrizketa osoa hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia