euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joxan Goikoetxea soinujoleak euskal musika eskainiko du Frankfurteko Museumsuferfest jaialdian

2008/08/26

Joxan Goikoetxea soinujole hernaniarra
Joxan Goikoetxea soinujole hernaniarra

PUBLIZITATEA

Aurten ere euskal musikari bat arituko da Frankfurt hiri alemaniarrean egiten den Museumsuferfest jaialdian, Euskal Ikasketen Alemaniako Etxeak eta Radio X irratiak gonbidatuta. Joxan Goikoetxea izango da musikari hori eta ostiral honetan taula gainera aterako da bere abesti eta euskal kanta tradizionalak erakusteko asmoz. Abuztuaren azken asteburuan egiten den Museumsuferfest jaialdiak 2 eta 3 milioi bisitari inguru biltzen ditu urtero. Aurtengoan, bertan dauden entzuleez gain, Radio X irratiko mundu osoko entzuleek ere gozatu ahal izango dute Goikoetxearen musikaz, zuzenean irratiz eta internet bidez emango dutelako kontzertua, www.radioX.de webgunetik.

Frankfurt, Alemania. Euskal kulturak ordezkaritza izango du aurten ere Frankfurt hiriko Museumuferfest jaialdian, Goehe Unibertsitateko Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeari eta Radio X irratiari esker. Joxan Goikoetxea soinujole hernaniarra izan da ordezkaritza horren buru eta ostiraleko arratsaldeko seietatik aurrera Radio X-en eszenatokian emanaldia eskainiko du.

Ekitaldia Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak hilabete hauetarako prestatu duen egitarau mardularen zati bat baino ez da.  ‘Gero eta gehiago gara euskal gaietan interesa dugunok’, azaltzen dio EuskalKultura.com-i Martin Petrusek, euskal-alemaniar elkarteko koordinatzaileak. ‘Azkenaldian Frankfurt inguruan bizi diren euskaldunak batzen ari gara eta Alemaniako beste lekuetatik ere interesa agertu duten lagunak gurekin harremanetan jarri dira’. 

Elkartearen hurrengo ekitaldien artean aipagarriak dira, besteak beste, Frankfurteko Liburu Azokan eta Berlingo Expolingua azokan partehartzeak eta hainbat euskal zinemagile eta aktoreen bisita Wiesbaden eta Frankfurteko Exground Zinemaldira, besteak beste. Honezaz gain urtero legez Frankfurteko Unibertsitatean euskara ikastaroak emango dituzte urrian hasita.

Donostia-Wiesbaden senidetzearen 25 urteak

Bestalde, joan den ostiralean Donostia eta Alemaniako Wiesbaden hirien senidetzearen 25. urteurrena ospatu zen. Harreman honi esker azken mende laurdenean bi hirien arteko bisita eta ekimen amankomun ugari egin dira. Horien artean aipatu daitezke, adibidez, urtero Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Wiesbadeneko udaletxean egiten duen erakusketa, edota Käfers jatetxeko Euskal Gastronomi Astea. Aurten, Wiesbadeneko sei lagunek Donostiako maratoi-erdian parte hartuko dute.

Ute Bleissner, Partnerschaftsverein Wiesbaden - San Sebastian e.V. (Anaitasuna Wiesbaden - Donostia) elkarteko lehendakariak, senidetzearen 20. urteurrenean Donostiako Orfeoiak Rheingau-Musikfestival jaialdia inauguratu zuela gogoratu zuen, eta urtero Txakolina eta Riesling ardoaren jaialdia egiten dutela hirian, harreman estu hau ospatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia