euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikastaroa emango du Buenos Airesko Udako Euskal Unibertsitatean John Bieter historialari euskal amerikarrak

2011/01/26

John Bieter, iaz New Yorken Ellis Island-eko euskal erakusketa zabaltzeko ekitaldian (argazkia EuskalKultura.com)
John Bieter, iaz New Yorken Ellis Island-eko euskal erakusketa zabaltzeko ekitaldian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Dena prest dago datorren otsailaren 1ean Buenos Airesen, Argentinako Udako Euskal Unibertsitatearen edizio berri bati ekiteko. Aurten ikastaroek irakasle berezi bat izango dute : John Bieter historialari euskal estatubatuarra, bere sorterriko euskal historia ikertu duen pertsona eta Idahoko euskal komunitateko kide ezaguna. Bieterrek 'Euskaldunak AEBetan' izeneko mintegi berezia eskainiko du eta berak itxiko du unibertsitatearen hirugarren edizio hau Idahoko euskaldunei buruzko hitzaldi berezi batekin.

Buenos Aires, Argentina. Enrique Aranburu Buenos Airesko Udako Euskal Unibertsitateko koordinatzaileak hirugarren edizio honetan euskal kultur ikastaroak AEBetatik etorritako partaide berezi bat izango duela iragarri du, hala nola John Bieter historialaria eta Boiseko Unibertsitateko irakaslea. Bieterrek 'Euskaldunak AEBetan' izeneko mintegi berezia eskainiko du, otsailaren 7tik 10era.

Mintegian historialariak euskaldunek Estatu Batuetan izan duten ibilbidea aztertuko du; Udako Euskal Unibertsitatean jorratzen diren euskal kultura eta Diasporari buruzko ikuspuntua zabaltzeko aukera bikaina izango da. Mintegian Unibertsitatean izena ematen duten ikasleek bakarrik parte har dezakete, baina unibertsitatetik kanpokoek ere izango dute Bieterren hitzaldirik entzuteko aukera. Hain zuzen ere, boisetarrak Idahoko euskaldunei buruzko hitzaldi ireki bat emango du otsailaren 11ean, ostiralean, eta horrekin itxiko da aurtengo ikastaroa. Hitzaldia 12:00tatik 13:00tara izango da, Unibertsitateko ikasleek euren lanak aurkeztu ostean.

Historialari, idazle, dantzari...

John Bieterrek Saint Thomas Unibertsitatean eskuratu zuen graduazioa eta doktoretza Boston College-n egin zuen. Gaur egun Boiseko Estatu Unibertsitatean Historia saileko irakasle elkartua da. 'Ondare iraunkor bat: euskaldunen historia Idahon' liburua idatzi zuen anaia Markekin batera (Idaho AEBetan euskal komunitate esanguratsuena duen estatuetako bat da). Boiseko Cenarrusa Center for Basque Studies delakoko zuzendaria da, erakundea bera sortzen lagundu zuten eragileetakoa izateaz gain.

Bieterrek bere baitara biltzen ditu berez Boisen euskaldun jaio eta biografia pertsonalean euskal komunitateko kide aktiboa izatea eta bizitza akademikoan ere Estatu Batuetako eta zehatzago Idahoko euskal ondare eta presentziaren ikertzaile eta aztertzaile izatea. Sorleku izan zuen Boise hiriko euskal komunitatean makina bat ekimen eta proposamenetan ibili da. Txikitandik euskal dantzari, Boiseko Oinkari eta Oñati dantza taldeetako kide eta buruzagi izan da, Biotzetik euskal abesbatzako kide bere aita zenarekin eta anaiekin batera, eta sostengatzaile eta laguntzaile Boiseko Euskal Museoan, Ikastolan, Euskal Etxean eta euskal komunitatearen barnean sortu diren hamaika ekimenetan. Euskal gaiez aparte, bere egungo ikerketa esparruak immigrazioa, AEBetako mendebaldea, erlijioa eta bigarren hezkuntza ere biltzen ditu.

'Euskal Echea Asociación Cultural y de Beneficencia' erakundeak antolatzen du Buenos Airesko Udako Euskal Unibertsitatea. Ikastaroari buruzko informazio gehiago euren webgunean edo www.euskalechea.org.ar webgunean. Antolatzaileekin harremanetan jartzeko idatzi e-maila uvv2011@yahoo.com.ar edo infouvv@euskalechea.org.ar helbideetara, edo telefonoz deitu 4308 5401 zenbakira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia