euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joan Mari Torrealdai: "Euskara, partikularra den bezala, unibertsala behar dugu egin"

2010/12/02

Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942)
Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942)

PUBLIZITATEA

Bihar jasoko du Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen Lauaxeta saria, euskara eta euskal kultura sustatu, hedatu eta normalizatzeko lanetan egindako ahaleginengatik. Saria Euskararen Nazioarteko Egunean jasotzeak bere gogoa asebetetzen duela aitortu dio EuskalKultura.com-i, euskara izan baita bere bizitzako motorra. "Euskaraz bizitzea eta euskara sustatzea hizkuntza handietako hiztunek apenas uler dezaketen irrika da". Ahalegin horretan hamaika proiektu berri ditu buruan jada, adibidez euskal pentsalarien lanak biltzea, ez bakarrik euskaraz eta Euskal Herrian egindakoak, munduan zehar egindakoak ere baizik.

Donostia-San Sebastián. Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) kazetari, soziologo eta euskaltzainak bere ibilbide luzeari sari berri bat gehituko dio bihar, Euskararen Nazioarteko Egunean: Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen Lauaxeta saria.

"Erabat ustekabekoa izan da, baina bizkaitarra izanik, lurraldeko erakunderik gorenak saria ematea estimo handian daukat. Gainera bibliografiaren historian Bizkaiko Aldundiak garrantzia dauka, Euskal Liburutegi Nazionalaren proposamena eta Euskaltzaindia bera sortzeko proposamena erakunde honek egin baitzuen. 1917an abertzaleak boterera heldu zirenean euskal kultura eragiteko asmoa izan zuten, ez Bizkaian bakarrik, baizik eta Euskal Herri osora begira", esan digu.

Datuen indarra

Oraina eta anekdota historiarekin eta euskal kulturarekin uztartzeko aparteko abilezia du Torrealdaik; kazetaritzan, euskalgintzan, euskararen bibliografian eta beste hainbat alorretan eginiko lanaren emaitza. Berak, notario lana egitera mugatzen dela dio, eta datuak bildu eta interpretazio ideologikorik gabe irakurleari eskaintzen dizkiola, euskararen zentsurari buruzko lanetan bezala. 

Baina datuek ozen eta argi hitz egiten dute batzuetan. "Hizkuntz politikaren azterketan kulturala ala politikoa, zein da gehiago aztertu behar da. Argi dago planteamendu politikoak izan direla. Nik materialen azterketa egiten dut, frankismoak euskara nola tratatu duen aztertzen dut. Batzuk ukatu egiten dute frankismoak euskara jazartu duenik; nik datuak eskaintzen ditut. Horrek dauka indarra, horrek egiten du min", adierazten du.

Egunik latzenak

Euskalgintzan egindako lanak pozak eta atsekabeak ekarri dizkio Torrealdairi. Ezin ditu ahaztu, noski, 2003an Egunkariaren auziarekin eta bere atxiloketarekin igarotako egun latzak. Ezin ulertu euskara sustatzea helburu zuen kultur proiektuak sufritu zuen jazarpen politikoa. "Egun horietatik ezin dut ezer onik atera, pertsona batek zenbat aguantatu dezakeen jakitea baino ez. Gero, erreakzioan, hor bai izan ziren alde positiboak: jendearen estimoa, atxikimendua eta maitasuna jaso genuen, bidegabekeria egon zela salatuz. Horrek jarri gaitu zutik", aitortzen du.

"Gu bost pertsona ahul ginen, baina ikaragarri babestu gaituen jendea izan dugu. Jendeak eskua sorbaldan jarri eta agurtu egiten ninduen kalean, gasolindegian...", gogoratzen du. "Beti komentatu izan dugu gure artean ze gaizki bizi behar diren tortura ondoak, plaza publikoan egiten den epaiketa, defendatzeko aukerarik gabe...; ze gogorra izan behar duen guk izan dugun babesa ez duenarentzat".

Euskal pentsalarien bibliografia

Euskal gizartearen babesa eta erakundeena ere jaso zuen Torrealdaik, eta inoiz aipatu izan du horrela sentitu zuela Euskaltzaindiak 2007an euskaltzain oso izendatzea. Bihar jasoko duen Lauaxeta saria ere bere ibilbidearen beste errekonozimendua izango da, baina ospatzeko astirik gabe, hamaika proiektu ditu jada buruan. Horien artean momentuz ametsa baino ez den bat: Euskal Herriko pentsalari guztien lanen bibliografia egitea.

"Ez bakarrik Euskal Herrian eta euskaraz idatzi denari buruzko bibliografia, baizik eta mundu osoan zehar egin denari buruz. Euskaldunak filosofatzeko ez dugula balio esan digute, 'corto en palabras, largo en hechos' (hitzez labur, egitez ugari) bezalako esaldiekin, eta guk sinistu egin dugu. Ez dugu errealitate hori ezagutzen, baina historian zehar izan dira pentsalari euskaldun asko, gorteetan, ordena erlijiosoetan... XII. mendean Parisen Sorbonne unibertsitatea sortu zenean bazegoen euskaldunik tartean, hor dira San Inazio Loiolakoa, Elhuyar zientzialaria, Azpilikueta... batzuk aipatzearren. Joxe Azurmendik lan handia egin du arlo honetan. Euskal Liburutegi Nazionalaren perspektiban horien guztien zerrenda egin, lanak inbentariatu eta Euskal Herrira ekarri nahiko nituzke".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia