euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaialdi 2025: Egun gutxi falta ekitaldia uztailaren 29an has dadin, Boisen euskal diasporaren munduko hiriburu bihurtuz

2025/07/17

Jaialdi 2025 uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean egingo da Boisen. Saileko zortzigarrena da eta jendetsuena izatea espero da
Jaialdi 2025 uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean egingo da Boisen. Saileko zortzigarrena da eta jendetsuena izatea espero da

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Luze egin diren hamar urte joan dira azkeneko Jaialditik. Normalean Boisek bost urtean behin egiten duen jai hau bete-betean harrapatu zuen 2020an Covidaren pandemiak, eta 2021ean eta 2022an egiten saiatu baziren ere, berehala konturatu ziren batean zein bestean zuhurtzia zela egun horietan ondoan izateko lagunik onena, eta hala kantzelatu zituzten bi saiakera horiek ere hurrenez hurren. Itxaropen handiak eta Jaialdi-gose bat iragarri da beraz, egun gutxi barru ateak zabalduko dituen Jaialdi 2025en inguruan. Edizioro bezala, EuskalKultura.eus-ek presentzia izango du bertan, eta gertatzen denaren berri emango du bertatik bertara. Baita hitzorduaren aurretik ere, elkarretaratzearen inguruko hainbat arlo eta alderdi desberdin jorratuz.

Gogoratu Jaialdiko programa ofiziala uztailaren 29tik abuztuaren 3raino gauzatuko dela, eta Boiseko "Basque Block" (Euskal auzoa) izango duela esparru nagusi, hiriaren bihotzean, eta horrekin batera "Expo-Idaho" eremua, hirigunetik kanpo. Autobusak egongo dira. Beste ekitaldi jakin batzuk hirigunean egingo dira, Basque Block-etik kanpo, baina oinez joateko distantzian: "Sports Night" (Kirolen Gaua), "Festara!" (sic)  harrera-jaialdi artistikoa edo "Dantzaldia" (erromeria edo berbena), "Idaho Central Arena" polikiroldegian egingo dira, Basque Block ondo-ondoan; eta oinez joan ahal izango da baita ere igandean San Ignazio meza nagusia egingo den Saint John Katedralera, euskal koru, dantzarien prozesioarekin San Ignazioren irudiarekin eta eliz-barruan ere dantzariak partaide.

Estatu Batuetako euskal etxe eta komunitateetatik, bertako hainbat kantu, dantza eta talde artistiko Jaialdiratuko dira. Dantza taldeetan, Battle Mountain-go Oberenak (Nevada), Elko Arinak Dantzariak (Nevada), Chinoko Gauden Bat (Kalifornia), San Frantziskoko Zazpiak Bat (Kalifornia), Utah-ko Triskalariak (SLC, Utah), eta Idahoko: Herribatza Dantzariak (Homedale), Gooding Gazteak (Gooding) eta Boise bertako Oñati Dantza Taldea, Boiseko Gazteak eta Oinkari. Abesbatzetan, Boiseko Biotzetik Basque Choir. Eta musika taldeetan, Boiseko Amuma Says No eta Txantxangorriak.

Euskal Herritik etorrita, honako musika eta dantza talde eta bertsolariak arituko dira: musikarietan, Gatibu, Neomak eta Xabi Aburruzaga; bertsolari, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya, eta dantza talde, Añorgako Arkaitz Dantza Taldea, eta Tio Teronen Semeak euren ikuskizunarekin. Tartean eta programatik kanpo, musikari eta talde gehiago ere arituko dira, festari giroa ipintzen.

Herri kirolen munduak ordezkaritza zabala izango du, Boisen zale asko baititu eta gauetako baten protagonista osoa eta Expo Idahon ere erakustaldi ugari emaile izango baitira. Boiseratuko dira Inhar Urruzuno (harria), Iker Vicente Saralegi (aizkora), Mikel Lopetegi (harria), Mikel Larrañaga (aizkora), Julen Alberdi (aizkora), Aitzol Atutxa (aizkora), Kerman Pérez de Heredia (txinga, trontza, sokatira), Jose Martin Bustintza (lasto jaurtiketa), Nerea Egurrola (txinga, ingudea, trontza, sokatira), Nerea Arruti (aizkora pentatloia), Karmele Gisasola 'Zelai' (harria pentatloia, ingudea, aizkora), Gari Garmendia (harria, aizkora) eta Paulo Azpiazu (harria).

Jaialdiko programa orokorra hemen jaitsi daiteke pdf-n.

Datozen egunetan joango gara artikuluz artikulu detaile gehiago ematen, baina gaurkoan esan dezagun, programa ofizialetik kanpo, beste bi elkarretaratze aipagarri egingo direla Jaialdirekin batera Boisen. Batetik eta delegatu eta Ipar Amerikako euskal etxeen ordezkarientzat, NABOk bere 2025eko "Convention" edo Biltzar Nagusia egingo du abuztuaren 1ean, ostirala, hiriko "Boise Centre"n. Gogoratu NABO Ipar Amerikako euskal etxe eta elkarteak biltzen dituen federazioa dela, eta urtero udan egiten duela urteko bere bilera nagusia duen "Convention", Estatu Batuetan, Kanadan eta Saint Pierre eta Mikelunen dituen euskal etxe afiliatuen ordezkariak deituta.

Bestetik, alor akademiko eta zabalkundekoan, "Zortziak Bat" Sinposioa egingo da uztailaren 30 eta 31ean BSU (Boise State University) unibertsitatean, "Rowing Together, International Symposium on the Basque Diaspora and Cultural Expressions" leloarekin, edo euskaraz esanda (euskara ere Sinposioko hizkuntza ofiziala da), honakoa "Elkarrekin arraunean, euskal diaspora eta kultura adierazpenei buruzko nazioarteko sinposioa", egoitza BSUko "Micron Business and Economics Building" (MBEB) delakoa duela. Sarrera librea izango du eta bihar artikulu aparte batean eskainiko ditugu honen programa eta xehetasunak. Antolatzaile, bertako "The Basque Studies Foundation", lankide dituela San Frantziskoko The "Basque Educational Organization" (BEO) eta BSU unibertsitatea bera.

Herriko administrazioak ere bertaratuko dira, eta Imanol Pradales lehendakaria izango da Eusko Jaurlaritzaren delegazioko buru. Beste erakunde batzuk ere bilduko dira, foru aldundiak kasu eta bereziki Bizkaiko Foru Aldundia.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia