euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Ameriketako hamar gaztek parte hartu dute Zuberoan 'Euskamerika' truke egitasmoan

2009/07/30

Irudiaren erdian Marcel Gaztambide, jatorri baxenabartar eta bizkaitarreko gazte amerikarra, Ardakotxeara egindako bisitan
Irudiaren erdian Marcel Gaztambide, jatorri baxenabartar eta bizkaitarreko gazte amerikarra, Ardakotxeara egindako bisitan

PUBLIZITATEA

'Euskamerika' izeneko NABOren egitasmoak Ipar Ameriketako euskal etxeetako gazte talde bat eta Zuberoako gazteak elkartzea eta bi komunitateen arteko harremanak sustatzea du helburu. Lehenengo eta behin, ekainaren 25etik uztailaren 11era arte Ipar Ameriketako hamar gaztek egin zuten Euskal Herrirako bidaia. Anne Mari Etxeberri izan da arduradun xiberotarreko bat. Berarekin, eta NABOren partez arduradun izan den Valerie Arrechearekin mintzatu da EuskalKultura.com. Guztiz ados adierazi dute biak esperientzia arras baliosa izan dela eta irrikaz espero dutela bi aste pase barru gauzatuko den bigarren partea, Zuberoako gazte taldeak Ipar Ameriketarako bidaia egiten duenean, abuztuaren 18tik irailaren lehenera.

Maule, Zuberoa. Ipar Ameriketako hamar euskal gaztek osatutako taldea Zuberoan izan da ekainaren 25etik uztailaren 11ra bitartean. Bisita hau 'Euskamerika' NABOren truke programari esker burutu da. Ipar Ameriketako eta Euskal Herriko gazte euskaldunen arteko harremana sustatzea helburu, lehenik amerikarrak Euskal Herrian izan dira eta ondoren, abuztuan, bertakoek Ameriketara egingo dute bidaia. Anne Mari Etxeberri, arduradunetakoa Zuberoako partetik, eta Valerie Arrechea, NABOrenetik, bat etorri dira EuskalKultura.com-i 'esperientzia aberasgarria eta arras polita' izan dela aitortzen.

Euskal Herrira egindako bidaian euskal amerikarrek Zuberoa ikusi eta ezagutzeko parada izan dute 'Xiberoko hainbat leku bisitatu ditugu eta Hegoaldean gaindi ere itzulñoak egin ditugu Gernika eta Urdaibaira, eta Donostiara, esaterako Chillida-leku bisitatuz'. Baina turismoa praktikatzeaz gain, gazteek euskal kanta eta dantza tradizionalak ikasi eta euskaraz zein frantsesez trebatzeko aukera izan dute euren egonaldian.

Cassie Etxeveste Pixtako ur-jauzian

[Irudian Cassie Etxebeste, Los Banos-ekoa, Pixtako ur-jauzira egindako ibilaldian]

Agorrilean 'Euskamerikan artzain' pastorala emanen San Frantziskon

Zenbait familiek euren etxeetan hartu dituzte gazte euskal amerikarrak eta egonaldiak iraun bitartean, Anne Mariren esanetan, 'familiek hanitx eman dute', egonaldi eroso bat eskaintzeaz gain, euskal kulturaren inguruko heien lekukotasuna ematen saiatu direlako. 'Hein handi batean ere heieri eskerrak ekimena arrakastatsu jalgi da', onartzen du arduradun xiberotarsak. Honen guztiaren barnean, ezin ahantzi Mixel Etxekoparen lana, lehenengo parte huntan zein heldu den bigarrenean.

Izan ere, abuztuaren 18an, ekimenaren Kaliforniako partea heldu da. Euskal Herritik San Frantziskora joango dira 21 lagun, 15 gazte eta hauen arduradun 6 heldu, irailaren 1era arte luzatuko den bisitan. Kalifornian taldeak turismo pixkat egiteko parada izango du. 'Hala ere, Zuberoako gazteek eginkizun jakin eta arras berezi bat ere badute eskuartean: San Frantziskoko euskal festibalean, agorrilaren 28an, Mixel Etxekoparren 'Euskalamerikan artzain' pastorala aurkeztea', iragartzen du Kaliforniatik Varie Arrecheak. 'Gazte xuberotarrak pastorala prestatzen jardun dira egunotan, jaialdian dena ondo irten dadin', baieztatu du bere aldetik Anne Mari Etxeberrik Mauletik.

-Gazte iparramerikar eta zuberotarren esperientzia Ametsaren lana blogean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia