euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Indianoak 2013 espedizioa Miq'mak herriaren gurari onekin abiatu zen Trois Pistoles-etik

2013/06/19

Trois Pistoles herrian Indianoak 2013 espedizioko trainerua uretaratu baino lehen Miq'mak herriko kideek ontzia babesteko zeremonia bat egin zuten (argazkia ADaraspe)
Trois Pistoles herrian Indianoak 2013 espedizioko trainerua uretaratu baino lehen Miq'mak herriko kideek ontzia babesteko zeremonia bat egin zuten (argazkia ADaraspe)

PUBLIZITATEA

Igandean abiatu ziren Quebec-eko Trois Pistoles herritik Indianoak 2013 espedizioko arraunlariak. Ibaialde elkarte lapurtarrak eta Quebeceko Euskaldunak Euskal Etxeak antolatu duten egitasmo honetan Saint Laurence ibaian gora 500 kilometro egingo dituzte bidaiariek, antzinako baleazaleen antzera. Asteburuan bestea eta zenbait kultur ekitaldi egin ziren Trois Pistoleseko Parc de l'Aventure Basque en Amerique museoan. Horien baitan, Miq'mak herriko emakume batek trainerua babesteko zeremonia bat egin zuen. Gurari on horiekin, bidean dira Indianoak!

Trois Pistoles, Québec. Larunbatean heldu ziren Trois Pistoles herrira Indianoak 2013 espedizioko kideak; gehienak Angelutik, hainbat orduko bidaia eta hegaldiaren ostean; beste zenbait Montrealetik eta azken biak New Yorketik ere. Proiektu honek hainabt lekuetako euskaldunak eta euskaldunen lagunak bildu ditu: batetik, ekimena abian jarri zuten Lapurdiko Ibaialde elkarteko kideak, eta Atlantikoaz bestalde, eurekin bat egin zuten Quebeceko euskal etxeko lagunak. Amaitzeko, Trois Pistoles-en Miq'mak herriko famili bat bildu da arraunlari taldera eta, New Yorketik, hango Euzko Etxea elkarteko bi lagunek ez dute traineru honen tostarteko izateko aukera galdu nahi izan.

Asteburuan Trois Pistoles herriko Parc de l'Aventure Basque en Amerique museoan kultur egitarau oparoa egin zuten, espedizioari agur egiteko. Montrealetik Euskaldunak Euskal Etxeko 20 kide bildu ziren bertara. Elkarteko presidente Adelaide Daraspek ekitaldien berri eman digu.

Indianoak 2013 Trois Pistoles 

[Euskaldunak elkarteko Ernest Behaxateguy eta Adelaide Daraspe, bizkarrez, Trois Pistolesen trainerua herritarrei erakusten (argazkia Indianoak2013)]

Abiatu baino lehen, Miq'mak herriko kideek trainerua babesteko zeremonia antolatu zuten. "Oso berezia zen. Landare batzu erre dituzte eta bakoitzaren gainean kea ematen zuten. Hori egiten zuen emazte haurdun zen eta jantzi tradizionalak zituen soinean", azaldu du Daraspek. "Bere senarrak,  orain dela mende batzu izan diren euskaldunen eta amerindiar populuaren arteko elkartrukeak aipatu ditu".

Indianoak 2013 Trois Pistoles 2

[Paula Charron, espedizioko patroia, Miq'maktarren zeremonian (argazkia ADaraspe)]

Ondoren trainerua babestu zuten kantu amerindianoak kantatuz eta traineruko arraunlariei ere zeremonian parte hartzeko gonbitea egin zieten. "Azkenik trainerua inguratu dugu denok eskuak emanez eta elgarrekin kantatu dugu, ta bakoitza YO TO NO oihukatu behar zuen harnasa behin hartuz eta ahal bezain luzaz atxikiz". Horren ondotik, trainerua uretaratu eta abian jarri zen Indianoak 2013 espedizioa.   

Ibilbideko lehen txanpan Euskaldunen Irlara bisita egin zuten arraunlariek. Isla honetan dira XVI. mendeko bale arrantzaleek egin zituzten hiru labeak. Astelehenean, goizeko bostetan abiatu zen trainerua Trois Pistoles-etik eta arratsaldeko hiruetan heldu zen Tadoussac herrira. Tarte honetan tostartean izan ziren zenbait arraunlari gonbidatu, horien artean Adelaide bera eta New Yorkeko Iker eta Mintxo. 

Indianoak 2013 Trois Pistoles 4

[Arraunean Saint Laurence ibaian Ile des Basque edo Euskaldunen Uhartera bidean (argazkia Indianoak2013)]

"Biziki teknikoa da eta ez batere hain errexa... Arraunaren inklinazioa, erritmoa, gorputzaren mugimendua... eta St Laurent ibaia ainitz mugitzen denez uholde ttikiak ere baziren", agertu du Daraspek. "Lehen ateralditxo hortan, foka bat ikusi dugu. Bere burua uretik ateratzen zuen gu ikusteko. Bikaina zen!"

Espedizioko kideek elkartearen Facebook orrira igotzen dituzte eguneko argazkiak eta kontakizunak. Bidaia egunean egunean jarraitu nahi dutenek, nahikoa dute hemen sartzea esperientzia eder honetako partaide sentitzeko.

Proiektuari buruzko informazio osoa, www.indianoak.fr webgunean.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia