euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki & Maialenek Buenos Airesen hasiko dute 'Hemen Gaude', 25.000 kilometro, 9 herrialde eta Diaspora protagonista

2022/09/23

Maialen eta Iñakik Buenos Airesen hasiko dute euren ostera eta Macachingo Euskal Astean hartuko dute parte
Maialen eta Iñakik Buenos Airesen hasiko dute euren ostera eta Macachingo Euskal Astean hartuko dute parte

PUBLIZITATEA

Iñaki Goikoetxea eta Maialen López irundarrak datorren igandean, irailaren 25ean, abiatuko dira Buenos Airesera eta hurrengo sei-zazpi hilabeteetan Hego Amerikako 9 herrialde zeharkatuko dituzte. Euskal Herritik bidalitako auto zahar batekin, euskaldunekin eta euskal kulturarekin lotura duten lekuak bisitatuko dituzte eta elkarrizketatzen dituzten protagonisten eta ibilbidearen inguruko bideoak eta edukiak elkarbanatuko dituzte sare sozialetan.

Irun, Gipuzkoa. 'Hemen gaude, Hego Amerikako euskaldunen urratsetan' du izena Maialen eta Iñaki Hego Amerikara eramango dituen proiektuak, 'road trip' kultural moduan 25.000 bat kilometro eginez, eskualde hartan euskaldunekin lotura gehien duten herrialdeetako batzuetan barrena, esan naho baita Argentina, Txile, Uruguai, Paraguai, Brasil, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbian, Buenos Airesen hasita eta Cartagenan (Kolonbia) bukatuz, ibilian planak egokitzen eta moldatzen joan badaitezke ere.

Euren helburu nagusia Diasporari buruzko jakinmina piztea da, bertako euskaldunen istorioak zabalduz, sare sozialetan elkarbanatzeko pentsatutako bideo eta edukien bidez: bertan garatzen duten lanean islatzea euskara ikasleak, euskal etxeen inguruan dauden komunitateak, musikariak, dantzariak, kirolariak, irakasleak, artista eta sortzaileak, kooperazioan ari direnak...

"Euskaldunok Hego Amerikan izan dugun eta egun izaten segitzen dugun presentzia kontatu nahi dugu bizi dugun mundu globalizatu honetan, hemendik joandako emigranteen bizipenak berreskuratuz eta lotura historiko, sozial eta artistikoak aipatuz. Bibliografia asko idatzi da, webguneak daude, bereziki euskalkultura.eus edo euskaletxeak.eus, eta dokumental eta telebistako saioak egin dira, baina ez dago hainbeste materialik, are gutxiago euskaraz, bereziki gazteek hainbeste erabiltzen dituzten sare sozialetan", azaltzen dute.

Zeharkaldia egin ahal izateko Euskal Herritik ontziz bidalitako 16 urteko auto txiki bat erabiliko dute, honelako bidaia bat egiteko ondo prestatu duten Nissan Micra bat. Berarekin Andeak gurutzatuko dituzte, Patagoniako hegoalderaino jaitsiko dira eta Amazoniako errepideak zeharkatuko dituzte. Euskaldunekin lotura duten lekuak ezagutzeaz gain, naturguneak, toki historikoak, monumentuak eta Munduko Gizateriaren Ondare diren lekuen bisitari izango dira.


Hemen Gaude-ko lagunek egin xede duten ibilbidea, Buenos Airesen hasi eta Cartagenan bukatuz

Dagoeneko aktibatu dituzte sareetako euren profilak eta proiektuaren gaineko lehen edukiak igo dira: @hemengaude.eus Instagram, Facebook eta Tik Token eta Twitterren. Igoko dituzten mezuetan, ahal duten guztietan, lehentasuna emango diote euskarari.

Alde grafikoa eta diseinuak ere poliki landu dituzte, eta hor ekarle handia izan dute Leire Ruiz de Angulo diseinatzailea, berak sortu baitzuen 'Hemen Gaude'ren jatorrizko logoa, eta MissBermi (Nerea Bermejo Olaizola) ilustratzaileak, berriz, lan horri segida eman eta irudiak eta posterrak garatu ditu.

Euskal kulturaren graduondo baten proiektuaren emaitza

Iñaki Goikoetxea kazetari eta kultur kudeatzailea eta Maialen López abokatua bidaiari amorratuak dira eta bien artean 50 herrialde baino gehiagotan ibiliak dira, baina oraindik ez ziren joanak Hego Amerikara. Iñakik euskal diaspora ezagutzeko aukera izan zuen orain dela urte batzuk 2012tik 2014ra Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan bekaduna izan zenean eta Estatu Batuetako hainbat euskal etxetara bidaiatzeko aukera izan zuenean,eta geroago baita 2015eko Boiseko Jaialdira ere. 2020-2021 ikasturtean, ostera, Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren (EKT) graduondoaren 8. edizioan hartu zuen parte eta ikasketak bukatzeko proiektua 'Hemen Gaude' sortzea izan zen. 2022ko martxoan defendatu zuen 82 orrialdeko lana. Orain proiektu horretan egiten zen planteamendua gauzatzeko unea iritsi zaio.

Ez da antolatzen duten mota honetan lehenengo jarduera. Ez dago gogoratu besterik 2010eko 'Dancing in the Basque Country” bideoa eta honek garai hartan lortu zuen biraltasuna, gaur egun Youtuben 570.000 ikustaldi dituela ohartuta. Donostia 2016ko Energia Olatuak programaren barruan “GipuzkoAround” bideoa prestatu zuten eta 2017an “LapurdiAround”, Bitamine Faktoriaren mugaz-gaindiko programaren laguntzarekin. 'Hemen Gaude'ren helburua ez da hain bestelakoa: bideoen bitartez txokoak erakutsi eta istorioak kontatzea, baina oraingoan Euskal Herritik kanpoko euskaldunen marka eta ekarpena islatuz.


Aurretik garatu zuten proiektu lar arrakastatsu bat, 'Dancing in the Basque Country'

Orain arte egindako bideo proiektuak lagunen artean antolatu izan dituzte, baina egitura sendoagoa ematea xede, 2022ko hasieran Hemen Gaude Euskal Kultura Sustatzeko Elkartea sortu zuten proiektuan Irundik laguntzaile izango dituzten kideekin: María Rubio, Javier Iribarren, Iker Zaballa, Ion Martínez eta Aitor García, inguruan dauden beste senide eta lagunak batere ahaztu gabe..

Hau da gaurko eguneko planetan, hurrengo hilabeteetan egin nahi duten ibilbidea:

- 2022ko iraila: Buenos Airesera iritsi.
- 2022ko urria: Macachingo Euskal Astea (Semana Nacional Vasca), Córdoba, Mendoza eta Txilera pasa: Santiago, Valparaíso eta Pazko Uhartea/Hanga Roa.
- 2022ko azaroa: Txileko hegoalderantz jaitsi eta gero Ushuaiaraino.
- 2022ko abendua: Atlantikoko kostaldetik berriro igo Buenos Aireseraino, Uruguai eta Brasilen sartu Iguazuraino igotzeko.
- 2023ko urtarrila: Paraguai, Argentina eta Txileko iparraldeak eta Bolivian sartu.
- 2023ko otsaila: Bolivian jarraitu eta Perun sartu.
- 2023ko martxoa: Peruko Amazoniara hurbildu ondoren, Ekuador bisitatu.
- 2023ko apirila: Kolonbia, Cartagenara iritsiz.

Informazio gehiago jasotzeko, ekarpenak egiteko edo babesa emateko, zuzendu Maialen eta Iñakirengana:

IÑAKI GOIKOETXEA ARRUFAT & MAIALEN LÓPEZ IÑARRA
-info@hemengaude.eus | +34 630840973 | +34 685781997
-Instagram: www.instagram.com/hemengaude.eus
-Facebook: www.facebook.com/hemengaude.eus
-Twitter: https://twitter.com/hemengaude_eus
-Tik-Tok: www.tiktok.com/@hemengaude.eus
-Webgunea: www.hemengaude.eus
(abiatu bezain laster hasiko zaizkio edukiak sartzen webguneari)



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia