Gardnerville, Nevada, AEB. 2013 urte amaieran Renon estreinatu zenetik pare bat aldiz ekarri ditugu orrialde honetera Katherine Fulwider eta "The Last Sheepherders" izenpean Nevadako Borda familiari eta euren arrantxu eta ardi-negozioari buruz grabatu zuen dokumentala. Garai batean lurrotan bizi-bizirik egon zen eta Euskal Herritik AEB Mendebaldera milaka eta milaka euskaldun ekarri zituen jardueraz ari gara, lehen nagusi zen Mendebaldeko hamaika parajetatik egun desagertzear dagoen artzain-munduaz.
Dokumentaleko zuzendariak abisatu du filma Youtuben ipini duela ikusgai libre, eta horregatik ekarri ahal izan dugu hona, eskerrik asko Katherine. Hau da dokumentala:
'The Last Sheepherders' filmak inguruan azkena den Bordatarren ardi-negozioa islatzen du
Gogora dezagun Katherine Fulwider joan den abenduan aurkeztu zuela 15 minutu pasexe dauzkan lan hau Renoko Reno Little Theater aretoan, Nevada-Renoko Unibertsitateko Reynolds Kazetaritza Eskolako ikasleen beste bost laburmetraiarekin batera. Eta urtarrilaren hondarrean pantailaratu zutela Carson Valley Cinemas aretoetan Mindenen, Gardnerville ondoan, dokumentala grabatu zen eskualde berean.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



