euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikastola, euskal kulturan hezkuntza ematen duen eskola argentinarra, abian da Necochean

2009/06/03

Ikastolaren izena iragartzen duen murala
Ikastolaren izena iragartzen duen murala

PUBLIZITATEA

Ekimena aurten bertan inauguratu dute Necochea hirian, Argentinako Buenos Aires probintzia hegoaldean. Inongo laguntzarik gabe jaio da, Euskal-Argentinar Garapen eta Kooperazio Institutuko zuzendari izan zen Xabier Zubillagaren eta Quime Quipán haur eskolaren kolaborazio eta engaiamenduari esker. "Egoera ekonomikoak aukera eman bezain pronto" ekimenean Euskal Herriko irakasleek ere parte hartzea espero dute sustatzaileek, "euskal-argentinar trukea bultzatzeko eta munduan euskal kulturaren zabalkundea indartzen laguntzeko".

Necochea, Argentina. Hezkuntza proiektu euskal-argentinar honek lehen eta bigarren mailako --6 eta 7 urte-- 30 ikasleekin hasi ditu klaseak, baina helburua urterik urte maila berriekin haztea izango da. Ikastolak Argentinako Hezkuntza Ministerioaren egitarauak jarraitzen ditu baina euskal kulturari buruzko hautazko ikasketak ere sustatzen ditu. Hautazko ikastaro hauetan haurrek, euskal jatorridunak izan edo ez, euskal kulturaren alderdi desberdinak ezagutzeko aukera dute, tartean euskara, dantzak, ohiturak... Xabier Zubillagak EuskalKultura.com-i azaldu dionez ikasgai hauetan gaur egungo Euskal Herrian dauden konplexutasun eta zatiketa politikoak alde batera uzten dira.

Ikastola de Necochea 01

[Necocheako Ikastola, Necochean indar handiz abian jarri duten ekimen euskal argentinarra]

Ikastola de Necochea 02

[Xabier Zubillaga, ekimena sustatu duen euskal-necochearra, Ikastolaren inaugurazio ekitaldian ateko zinta mozten, langile eta ikasleen aurrean]

Ekimena indar handiz abiatu da eta nahiz eta inaugurazio egunetik denbora gutxi pasa den, "dagoeneko badira euskal jatorririk izan gabe Euskal Etxeko dantza taldean sartu diren bost haur eta beste bi EEko saskibaloi taldean ari dira jokatzen. Aldi berean haurrak dantza ikastaroetara eramaten dituzten amak ere euskal dantzak ikasten hasiko dira".

Euskal-argentinar trukea sustatuz

Momentuz Xabier Zubillagak berak ematen ditu euskara, dantza eta euskal kultura klaseak. Zubillaga Necochean jaiotako euskalduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomi Zientzia eta Enpresaritzan lizentziatua, eta Donostiako Goizaldi taldeko dantzari ohia. Epe ertainera, bere helburuak --"egoera ekonomikoak uzten duenean", azaltzen du-- "laguntzera etorriko diren Euskal Herriko irakasleak ere ekimenera biltzea da, Erasmus programaren antzeko truke programak egin ahal izatea eta munduan euskal kultura zabaltzen duten erakundeekin harremanak lantzea".

Ikastola de Necochea 04

[Sustatzailea eta Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak inaugurazio ekitaldian]

Zubillagaren ikuspegitik --Euskal Herrian zein Argentinan bizi izan da bera eta bi munduak ederki ezagutzen ditu-- horrelako ekimenek "euskal kultura ezagutzen ez dutenei zabaltzeaz gain, lagungarri dira euskaldunen ondorengo askok era sendoago batean euren ondare bikoitza jaso eta euskaldun izateaz harro egon daitezen, Argentinan euskaldunen ezaugarri edo baliotzat dauzkaten nekaezintasuna, lanaren kultura eta zintzotasuna ikur hartuta".

Ikastola de Necochea 05

[Necocheako Ikastolaren inaugurazio ekitaldian izan ziren lagunak ikastetxean sartzen hasten]

Zubiak eraiki eta esperientzia arrakastatsuak profitatu

Amets hau finkatzen denean --"egungo nazioarteko krisia gainditzen denean"-- Zubillagak "zubiak eraikitzen" jarraitu nahi du, etorkizunean "Euskal Herriko 'garapen lokaleko' arrakastatsu suertatu diren esperientziak Argentinako edo euskal komunitateak dauden gainerako herrialdeetara ekarri ahal izateko, epe luzean Euskal Herriarentzat ere onuragarriak izango diren harreman sareak sortuz", bukatzen du euskal-argentinar ekimentsu honek.

Ekimen honi buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, bidali e-maila Xabier Zubillagari ondoko helbidera: xzzie@yahoo.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia