euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ihes jokoa: Bordaleko Euskal Etxeko Gau Eskolak joko interaktibo hau sortu du pandemian euskara lantzeko

2021/07/09

Ihes jokoa: joko interaktibo dibertigarria eta dinamikoa euskara ikasleentzat, egizu zeuk ere aproba!
Ihes jokoa: joko interaktibo dibertigarria eta dinamikoa euskara ikasleentzat, egizu zeuk ere aproba!

PUBLIZITATEA

Bordele, Frantzia. Bordaleko Euskal Etxeak eutsi egin die bere euskara klaseei pandemia kari oso urte konplexua izan den honetan. Iazko urriaren amaierako bigarren konfinamendutik aurrera, klase guztiak online eman behar izan zituzten, eta ikasturtea amaitu baino lehen, ekainean Iparraldean konfinamendua altxatu zenean, aurrez aurreko klase batzuekin bukatu ahal izan zuten. Gau Eskolako arduradun Patrick Urruty-k EuskalKultura.eus-i aitortu dionez, motibazioa berreskuratzeko eta sakabanatutako ikasleak eta taldeak urtea amaitu aurretik biltzeko asmoz, "Ihes jokoa" sortu zuten.

Escape game motako joko interaktiboa da, eta euskal etxearen webgunean dago eskuragai. Xedea kode bat lortzea da, proba batzuk gaindituz eta galderei erantzunez. Kodea zuzena bada, jokalariak kutxa bat ireki ahal izango du eta jokoa irabazi. Hasi aurretik euskara maila aukeratu beharko du: A1, A2 edo B1. Lau proba dira eta proba bakoitzean euskal etxeko hainbat jarduera agertzen dira, Euskal Herriko geografia eta ohiturak, eta baita ikasleek beraiek egindako bideoak ere. Ikasturtean ikusitako gramatika eta ulermen edukiak ere errepasatuko dituzte.

Euskara klaseak izan dira konfinamendu garaian Bordaleko Euskal Etxean aktibo egondako ia gauza bakarra. Urtero, Gau Eskolak 70 eta 80 ikasle inguru ditu, zortzi taldetan banatuta. Urrutyk dioskunez, ikasturteari Ihes Jokoarekin amaiera emateko ideia sortzaile hori oso tresna erabilgarria eta egokia izan da. Ikasleek taldean parte hartu izan dute, oso gogo handiz.

Jokoa eskuragarri dago webgunean, bakarka edo taldeka aritzeko, norberak euskaraz dakiena probatzeko, modu dinamiko eta entretenigarrian. Edonork egin dezake. Animatu eta ekiozu, hemen klikatuz.

Zorionak Bordeleko lagunei ekimenagatik! Eta mila esker abisatu eta partekatzeagatik!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia