euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hitzaldia eskainiko du bihar Aitor Iñarra NABO Euskara koordinatzaileak Donostiako Heredad de Unanue hotelean

2019/03/20

Aitor Iñarra NABOko Euskara koordinatzailea eta Joseba Etxarri (EuskalKultura.com, Unanue Hotela) Diasporaren hotalearen sarreran
Aitor Iñarra NABOko Euskara koordinatzailea eta Joseba Etxarri (EuskalKultura.com, Unanue Hotela) Diasporaren hotalearen sarreran

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Donostiako Heredad de Unanue Hotelaren kultura programazioaren baitan, hitzaldi bat eskainiko da bihar osteguna, martxoaren 21ean hoteleko aretoetan, "Aitor Iñarra: San Frantziskon bizi den euskaldun baten lekukotasuna".

Hizlaria, Aitor Iñarra (Donostia, 1971) Zuzenbidean lizentziatua da (Udaleko legelaria izan zen), 2005ean iritsi zen San Frantziskora (Kalifornia) eta hirian segitzen du bizitzen ia 14 urte geroago. Bertan zenbait lan eta jardunbide izan ditu, horien artean seguruenik ezohikoena, aktorea, 2012an aktore gisa aritu baitzen HBO kateako "Hemingway & Gellhorn" filman, Nicole Kidman eta Clive Owen protagonista; geroztik ere ekoizpen gehiagotan ere lan egin izan du. Gida turistiko moduan egiten du lan San Frantziskon.

Aitor euskara irakaslea da AEBetan: 2009tik, San Frantziskoko Euskal Etxean, eta 2014tik, NABO euskal etxeen federazio barruan, AEBetako euskal etxeek ematen dituzten euskara eskolen koordinatzaile, Etxepare Euskal Institutua laguntzaile.

Honako puntuak gogoan mintzatuko da:

-Nola bururatzen zaio gazte euskaldun bati Kaliforniara bidaiatu, eta bertan geratzea
-Estatu Batuak eta bertako bizitza euskal gazte baten ikuspuntutik, aukera eta abantailak
-Euskal gazte batek AEBetan bolada bat pasatzeko eman beharreko pausoak, arazo eta zailtasunak
-Estatu Batuetako euskal munduaren aurkezpen orokorra: NABO eta euskal etxeak
-NABO eta euskara, euskara irakastea AEBetan
-Zinema munduan muturra sartzea, lekukotasuna
-Harremanak egoera berean dauden gehiagorekin, Euskal Herriko gazteak AEBetan

Hitzaldia bihar osteguna, martxoaren 21ean, 19:30etan izango da Heredad de Unanue Hotelean, Añorgan (Errotazar Bidea, 142, 20018 Donostia).

Euskal diasporaren egitatearen eta eskarmentuaren zabalkundearen aldeko apustua egina duen Donostiako Heredad de Unanue Diasporaren Hotela da, EuskalKultura.com-ekin batera, hitzaldiko antolatzaile.

Gogora dezagun bere sorreratik Diasporarekiko ekimen sentibera eta engaiatua dela Heredad de Unanue Hotela. Diasporako kide eta lagunek beherapen bat lortzen dute hoteleko egonaldietan, joseba@hotelunanue.com helbidean eska daitekeen kodea erabiliz.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia