Trelew, Argentina. Trelewek euskal kulturari eskainitako gune berri bat zabaldu du herrian. Izan ere, bertako Haraneko Euskal Etxeko ehun liburutik gora 'Agustín Álvarez' Herri Liburutegiaren apaletara pasatu dira ofizialki, esan nahi baita hiri patagoniar honetako liburutegi prestigiotsuenean daude egun. Eta euskarazko, gaztelaniazko zein ingelesezko lanak biltzen dituen euskal funts espezializatu honek ateak ireki dizkie bertako irakurleei, tartean ikasleei eta Euskal Herriko historia, literatura eta politikaz interesatutako ikertzaileei. Entrega ofiziala urriaren 21ean, asteazken arratsaldean, egin zen.
"Haraneko Liburutegia" deitu duten sail berriaren sorrera Haraneko Euskal Etxeak bultzatutako lankidetza bilatze lanari zor zaio. EEko Virginia Echeverría bazkide eta liburuzainak gidatu du lan tekniko osoa: inbentarioa, sailkapena eta erregistro digitala koordinatuta, Euskal Herriko instituzioek, Argentinako euskal etxeek, bazkideek eta partikularrek egindako dohaintzez osatutako funtsa balioan jarriz.
Eskuragarritasuna eta hazkundea
Aldaketa honen bidez, ikusgarritasuna eta eskuragarritasuna lortuko dute orain arte kutxetan gordeta zeuden materialek. Haraneko Euskal Etxeko idazkari Iñaki Esquirozek EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, urratsa oso esanguratsutzat jotzen dute. “Zor bat genuen kitatzeke. Orain, liburuek Euskal Etxearen jabetzapean segituko dute, baina 'Agustín Álvarez' liburutegian egoteak guk nahi genuen eskuragarritasuna emango die. Bere material bibliografiko guztia herritarren eskura jartzen duen Trelew-ko lehenengo kolektibitatea gara. Urrats erraldoia dela uste dugu”, baitetsi du.
Hori lortuta, zuzendaritza batzordeak adierazi du aurrera jarraituko duela atal espezializatu hau handu eta zabaltzen.
Euskal gaiei buruzko liburuak dohaintzan eman nahi dituztenek, Haraneko Euskal Etxearekin harremanetan jar daitezke sare sozialen bidez edo, WhatsAppez, +54 9 280 5022686 zenbakira idatziz.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


