euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaztezulo.com webgune berriak erreferentzia erabilgarria izan nahi du munduko gazte euskaldunetzat

2007/07/07

Gaztezulo aldizkari berrituaren maiatzeko alea  interneten ere irakur daiteke
Gaztezulo aldizkari berrituaren maiatzeko alea interneten ere irakur daiteke

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko gazteen nahiak, kezkak, joerak eta bizimodua ezagutu nahi dituenak badu leiho zabal eta gardena Gaztezulo.com-en. Duela zazpi urte Donostia aldeko Irutxulo aldizkariko gehigarri gisa sortu zenak erronka berriak lantzeari ekin dio. Apirilaz geroztik garai berri bati hasiera eman zioten paperezko aldizkaria berritu eta web gune oso bat kaleratuz. Paperezko aldizkariari dagokionez, 6.500 harpidedun dauzkate eta hilabetero orotara 10.500 bat ale inguru banatzen dituzte. Orain, webgunea jadanik plazan, Euskal Herri geografikoko gazteengana ez ezik, mundu osoko gazte euskaldunengana iritsi nahi dute Gaztezulokoek. Horregatik euren mezua: 'bisita ezazu gure webgunea'.
Ausartki heldu diote Gaztezulokoek euren bigarren garaiari, baina itxura edukirik gabe ezer gutxi denez, sailak birmoldatu eta beste hamaika atal berri gehitu dizkiote webguneari. Sei laguneko taldea dira erredakzioan, eta kolaboratzaileak, aldiz, ugari, gazteen kezken isla izateko sortutako aldizkariak ezinbestekoa baitu irakurle dauzkan gazteekiko etengabeko komunikazio eta feed-backa. Bestetik, lan mardula burutu dute azken zazpi urteetako aldizkari guztiak digitalizatu eta eskuragai ipintzen. Hortaz, une honetan, aldizkariak bere ibilbidean argitaratu dituen elkarrizketa eta erreportaia guztiak webean ere irakur daitezke.

Webguneko protagonistak irakurleak direla azpimarratu digute Gaztezuloko kazetariok, izan ere, garrantzi handia eman baitiote interaktibitateari eta praktikotasunari, irakurleekiko komunikazioari. Esate baterako, sexu eta informatikari buruzko kontsultak online egin ditzake webgunera sartzen den irakurleak; pisua alokairuan hartu edo jarri nahi duenarentzat ere helbide baliagarria gerta daiteke Gaztezulo; lagunekin komunikatu eta hitzorduak jartzeko aukera ere badago eta harpidedun izanez gero, mezuak uzten ahal dira eta Euskal Herriko agenda kulturalaren azken berriak ere topa daitezke. Eta kasu! hemendik aurrera ordagoak eta enbidoak lasai botako dituzte unibertsitateko kafetegiko mus partidak maite dituztenek, bi klik eginda apunteak jaitsiko dituztelako barren-kezkarik gabe, Gaztezuloko webetik, bertatik esaten zaigunez.

Donostiatik mundura

Gaztezulo mundura zabaltzeko bokazioz sortutako gunea denez gero,Euskal Herri geografikotik kanpoko euskaldunei ‘xagua’ luzatu nahi diete parte aktiboa har dezaten: agendan euren herrietan antolatzen dituzten ekitaldien berri emanez, argazkiak zintzilikatuz edo proposamenak luzatuz. 'Gauden tokian gaudela, euskaldun gazteentzat erreferentzia birtual mamitsua da Gaztezulo.com'.


Lotura interesgarriak

Gaztezulo web orria
www.Gaztezulo.com

Publicado en EuskalKultura.com el 2 de abril de 2007


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia