euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur eta bihar aurkeztuko da ‘Piano bat bertsotan’ ikuskizuna Mar del Platan; urtarrilean, Bahian eta Chascomusen

2015/12/28

'Piano bat bertsotan' ikuskizuneko flyer-a
'Piano bat bertsotan' ikuskizuneko flyer-a

PUBLIZITATEA

‘Piano bat bertsotan’ du izena inprobisazio saioak eta baita ere ikuskizuna aurrera eramaten duen euskal elkarteak. Taldea osatzen duten musikariak Argentinan dabiltza egunotan eta biraren baitan Necochean eta Tandilen jo zuten larunbatean eta igandean. Gaur eta bihar Mar del Platan izango dira; urtarrilaren 2an Bahia Blancan, eta 4 eta 5ean Chascomusen, Udalekuren programa barruan.

Necochea, Argentina. Necochean izan zuten euren lehenengo emanaldia ‘Piano Bat Bertsotan’ osatzen duten Sebastian Ustarroz necocheatarrak, Jagoba Astiazaran Korta zestoarrak eta Joana Ortega Barrenetxea hernaniarrak; izan ere, Euskal Herriko taldeak kide argentinarra ere badu, Necocheako Euskal Etxekoa hain zuzen, eta oraingo bidaia honetan, lagunak eta familia bisitatzeaz gain, bere taldearekin egiten duen ikuskizuna aurkeztera ere etorri da Ustarroz.

‘Piano bat bertsotan’ ikuskizuna inprobisazio-ikuskizuna da; publikoak euskal kantutegiko abestiak hautatzen ditu eta musikariek momentuan jotzen dituzte pianoan. “Asmoa da erakustea bertsolaritzan bezala, abesten ere egin daitezkeela bat-bateko saioak. Publikoaren partaidetza ezinbestekoa da kantak eskatzeko –bakoitzak abestu nahi duen kanta idatziko du papertxo batean– eta baita abesteko ere. Musikariek hartuko dituzte papertxoak eta inongo tranparik gabe, eskatutakoa abestuko dute. Asmoa da kontzertu goxoa egitea, artistak eta publikoa hurbiltzeko”, adierazten dute ‘Piano bat bertsotan’eko Joana Ortega, Sebastian Ustarroz eta Jagoba Astiazaranek

Argentinako ibilbidea

Biraargentinarrari dagokionez, abenduaren larunbatean, 26an, hasi zen Necocheako Euzko Etxean et, atzo, 27an, Tandilgo Gure Etxea bisitatu zuten. Gaur eta bihar, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean eskainiko dituzte emanaldiak eta urtarrilaren 2an Bahia Blancako Union Vasca izango da helmuga. Ibilbidea Chascomus hirian bukatuko da, Udalekuren baitan. Bertan kontzertu bat eskainiko dute urtarrilaren 4an, gaualdera eta 5ean, musika tailerra eskainiko diete eguerdian Udalekuaren partaideei.

8 urteko jardunbidea

‘Piano bat bertsotan’ proiektua duela bederatzi urte jaio zen eta 2006 eta 2011 urteen artean hamaika kontzertu eskaini ziren Euskal Herriko berrogeita hamar bat bat herritan. Garai hartan Ainhoa Ansa abeslariak, Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Jagoba Astiazaran piano-jotzaileak osatzen zuten hirukotea. Hiru urteko isiltasuna pasa ondoren, 2014ko udazkenean, ikuskizuna tauletara bueltatu zen Joana Ortegari (piano eta ahotsa), Sebastian Ustarrozi  (gitarra, perkusio eta ahotsa) eta Jagoba Astiazarani (piano eta ahotsa) esker.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia