euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gau magikoa bizi izan zuten Necochea eta Buenos Airesko euskaldunek San Juan Suaren inguruan

2011/07/01

Sorginak arduratu ziren Iparraldeko euskal etxeko ospakizunaz (argazkia EuskalKultura.com)
Sorginak arduratu ziren Iparraldeko euskal etxeko ospakizunaz (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Badaude sorginkerien fededun itsu-itsu direnak eta badaude arrazionaltasunetik kontu horiek serio hartzen ez dituztenak. Haatik, ekainaren 24a heltzen denean, desadostasunak aldean utziz guztiak biltzen dira San Juan suak erakarrita. Euskal Herriko antzinako ohiturei jarraiki, Argentinako hainbat euskal etxetan San Juan edo Jondonane Gaua suarekin lotutako ekitaldiak egin dira azken egunotan. Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kideek sorginez inguratuta ospatu zuten. Necochean, berriz, sua eman zion sorgin bati, eta suaren inguruan Euzko Etxea euskal etxeko dantzariek Lantzeko Inauteria dantzatu zuten.

Necochea, Argentina. Aurtengo euskal astearen egitaraua antolatzen ari diren bitartean, betiko jaiak ere ospatuko dituzte 2011 honetan Necocheako euskaldunek. Hori dela eta, eta urtero bezala, San Juan sua piztu zuten joan den larunbatean hiriko 58 eta 65 etorbideen elkargunean.

San Juan Gaua Necochean 2011 01

[Necocheako dantzariek jantzi koloredunak jantzi zituzten San Juan Gauean (argazkia Ecos Diario egunkaria)]

Hotza gorabehera, lagun anitz bertaratu ziren izkin tradizionalera. Hor, Probintziako 500 zenbakidun Arte Eskolako ikasleek egindako sorgin itxurako panpina erre zen, eta suaren inguruan, euskal etxeko Gazte Alai taldeko kideek Lantzeko Inauteria interpretatu zuten.

San Juan Gaua Necochean 2011 02

[Necocheako Gazte Alai Dantza Taldeko kideek euskal dantzak egin zituzten suaren inguruan (argazkia EE)]

Ikuskizuna bukatuta, erromeria burutu zen euskal etxeko egoitzan. Neguko plater tipikoak partekatu zituzten gonbidatuek, gaueko hotzari aurre egiteko.

Iparraldeko sorginak

Buenos Aires hiriburuan ere ospatu da San Juan gaua ekainaren 25ean. Gaueko 9ak aldera eta Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak gonbidaturik, beltzez jantzitako gizon eta emakumeek bete zuten etxeko kintxoa.

San Juan Gaua IEEan 2011 03

[Iparraldeko euskal etxeko dantzariek ere egin zituzten pieza batzuk (argazkia EuskalKultura.com)]

Ilunpean dastatu zituen pintxo eta babarrunak sorgin taldeak eta afalostean, Juan Carlos Ibarrolak azaldu zuen jaiaren esanahia. Ondoren, pertsona bakoitzak bere desio bat idatzi zuen paper batean eta suaren aurrean arao bat egin ondoren, paper guztiak sutan erre ziren, laster errealitate bihurtuko direlakoan.

San Juan Gaua IEEan 2011 04

[Iparraldeko euskal etxeko sorgin taldea (argazkia EE)]

Erritua bukatuta, jolas batzuk egin ziren trinketean. Sorgin mozorroa kendu gabe, “akelarreko” protagonistek abestu, dantzatu eta beste hainbat trebetasun erakusteko aukera izan zuten. Jaiari amaiera emateko, Iparraldeko Euskal Etxeko dantzariek pieza batzuk oparitu zizkieten bildutako lagunei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia