euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Garaiz zaude oraindik Valentziako Euskal Etxeak hil amaieran Calles herrian antolatu duen barnetegian izena emateko

2023/11/09

Asteburu bat euskaraz praktikatzen igarotzeko prezio eskuragarria duen proposamena
Asteburu bat euskaraz praktikatzen igarotzeko prezio eskuragarria duen proposamena

PUBLIZITATEA

Valentzia, Espainia. Euskara erabili eta praktikatzeko barnetegi berri bat antolatu du Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak euskara ikasleentzat, mintza praktika lantzeko helburuarekin, egun batzuk euskaraz bizi daitezen, murgiltze sisteman, beraz, horretarako aukera gutxi baitago bestea Euskal Herritik kanpo. Udazkeneko ikastaro trinko hau azaroaren 24, 25 eta 26an gauzatuko da Valentziako Calles herrian.

Proposamena Valentzia, Alacant eta Castelló-ko Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Valentziako Euskal Etxeko euskara ikasleei dago bereziki zuzenduta, eta oro har euskara ikasle guztiei. Oraingoan, lehenengo maila eginda izatea eskatzen da, euskarazko komunikazioa bermatu ahal izateko. "Ikasturtearen hasieran gaudenez, A1 taldeko ikasleek oraindik ez dute gaitasun nahikorik erabat euskaraz komunikatzeko", adierazi dio EuskalKultura.eus-i irakasleetakoa den Izaskun Kortazar bilbotarrak. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, maiatzean beste barnetegi bat egingo dute, eta horretara bai gonbidatuko dituztela hasierako ikasleak (A1).

Hiru irakasle eskarmentudun

Aurreko edizioetako arrakastaren ondoren etorri da udazkeneko barnetegiaren edizio berria proposatzea, honelako jarduerak maite eta eskatzen dituzten ikasleen eskariari erantzunez. Ostiral arratsaldez hasiko eta itzulera igandean izango da, hamaiketakoa hartu ondoren. Aurreko edizioetan bezala, irakasleak Garikoitz Knörr, Izaskun Kortazar eta Leire Garcia izango dira, Hizkuntza Eskoletako eta Euskal Etxeko irakasleak alegia. Egitarauan, mintza lantzeko klaseez aparte, jolasak eta Calles ezagutzeko ibilaldiak egingo dira.

Izen-ematea esteka honen bidez egin daiteke. Transferentzia edo txartel bidez ordain daiteke. Badakizu non eta noiz den, ez zazula galdu aukera paregabe hau!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia