euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fresnon abiatuko da maiatzaren 4an 2024ko AEBko euskal festen sasoina eta urriaren 12an bukatuko Rocklinen

2024/04/29

Kalifornia: Fresnoko Euskal Etxearen 2024ko Euskal Besta iragarriz. Argazkia
Kalifornia: Fresnoko Euskal Etxearen 2024ko Euskal Besta iragarriz. Argazkia

PUBLIZITATEA

Fresno, Kalifornia, AEB. Urtero maiatzean gertatu bezala, prest daude Estatu Batuetan, bertako euskal komunitatearen euskal piknik eta festen sasoinari ekiteko, eta ekin ere datorren larunbatean, maiatzaren 4an, Kaliforniako Fresnon, herriko Euskal Etxea antolatzaile egingo den lehenengoarekin ekingo zaio. Ohi bezala, jaia Campos Anaienean (Campos Bros Farms) egingo da, ateak goizeko 9etan zabaldurik, meza 10etan eta barbakoa bazkaria 12:30etatik aurrera. Meza sarreran kabalkada edo desfile modukoa egingo da, egunean jardungo diren dantzari, musikari, kirolari eta gainerako arizaleekin. Dantzaldi publikoan, Jean Flesher buru duen Amerikanuak bandak alaituko ditu bazterrak. Igandean, biltokia Etchechurytarren Fresnoko Santa Fe euskal ostatua izango da, eta bertan goizetik abiatuta egingo den euskal gosaria.

Ondoko euskal piknika Los Banosekoa izango da, Kalifornian baita ere. Ohi bezala, jaia herriko Fairgrounds edo azokagunean egingo da, programa goizeko 9:30ean mezarekin hasiz, 12:30ean barbakoa bazkaria, 15:00ean emanaldiak San Frantziskoko Klikarekin eta SFO eta Los Banos bertako dantzariekin, 16:00ean txingak eta herri kirolak, eta ondoren dantzaldi publikoa, Jean Flesherren Amerikanuak bandarekin erritmoekin. Maiatzeko azkeneko asteburua, urtero Bakersfieldeko Euskal Besta egunak dira, baita aurten ere, hilaren 24tik 27ra (astelehena jai publikoa, Memorial Day), baina bertako Kern County Basque Club euskal etxeak aurten 80 bete eta bere festarekin batera NABOren urteko Biltzar Nagusiko anfitrioi izango denez, hemen bakarrik hori baieztatu eta xehetasunak horretaz propio argitaratuko dugun artikuluan bilduko dugu.

Baina hona sasoin osoko euskal festen zerrenda (maiatzekoak ere barne):

MAIATZA

- Maiatzaren 4an, Fresnoko Euskal Besta (CA), Fresno Basque Club antolatzaile
- Maiatzaren 19an, Los Banosekoa (CA), Los Banos Basque Club antolatzaile
- Maiatzaren 24tik 27ra, Bakersfield-eko (CA) NABO Convention eta Euskal Besta, KCBC antolatzaile

EKAINA

- Ekainaren 2an, San Frantziskoko (CA) Besta, SFBC antolatzaile (kasu, aurten Petalumatik Penngrovera aldatu da)
- Ekainaren 7-9an, Winnemucca-ko (NV) Euskal Jaia, Winnemnucca Basque Club antolatzaile
- Ekainaren 22an, Homedaleko (ID) San Juan Euskal Jaia, Toki Ona Euskal Etxearen eskutik
- Ekainaren 23an, Salt Lake Cityko (UT) Euskal Festa, Basque Club of Utah antolatzaile

UZTAILA

- Uztailaren 5-7an, Elkoko (NV) Euskal Jai Nazionala, Elko Basque Club antolatzaile
- Uztailaren 7an, Chinon (CA) Euskal Besta, Southern California Basque Club antolatzaile
- Uztailaren 20an, Reno (NV) Basque Festival, hiriko Zazpiak Bat Euskal Etxea antolatzaile
- Uztailaren 21ean, Gooding (ID) Basque Festival, Gooding Basque Association antolatzaile
- Uztailaren 26-28an, Boiseko (ID) San Inazio Euskal Jaiak, Euzkaldunak antolatzaile

ABUZTUA

- Abuztuaren 3an, Mountain Home-ko (ID) Euskal Jaia, Euskal Lagunak euskal elkartearen eskutik
- Abuztuaren 4an, Seattle-n (WA) Basque Festival, Seattle Euskal Etxea antolatzaile
- Abuztuaren 10ean, Gardnerville-ko (NV) Euskal Piknika, Mendiko Euskaldun Clubaren eskutik
- Abuztuaren 17an, Buffaloko (WY) Euskal Besta, Big Horn Basque Club antolatzaile

IRAILA

- Irailaren 1ean, Chinoko (CA) Euskal Besta, Chino Basque Club antolatzaile
- Irailaren 7an, New London (CT) Marinel Eguna Euskal Jaia, New England Basque Club-en eskutik
- Irailaren 21ean, Grand Junction (CO) Euskal Besta Urrutia Plazan, Colorado Euskal Etxearen eskutik

URRIA

- Urriaren 12an, Rocklineko (CA) Euskal Besta eta Kantari Eguna, Iparreko Ibarra Euskal Etxearekin

Estatuak, CA, California; NV, Nevada; ID, Idaho; UT, Utah; WA, Washington; WY, Wyoming; CT, Connecticut, CO, Colorado

[OHARRA: zerrenda artikulua idazterakoan eskuragai zeuden datuekin osatu da]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia