euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frankfurteko Unibertsitatean euskara ikasteko bide berriak Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxearen eskutik

2008/04/04

Frankfurteko Goethe Unibertsitatea
Frankfurteko Goethe Unibertsitatea

PUBLIZITATEA

Euskara eta euskal kulturari buruzko jarduerak bueltan datoz Frankfurteko Goethe Unibertsitatera, oporraldien etenaren ostean, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxearen eskutik. Euskal elkarte honen proposamenak aukera zabala dakar: euskara klaseak, internet bidezko ikasketa programa, euskal gaiei buruzko webgune baten sorrera eta urtero bezala Euskal Zinema Arratsaldeak.
Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak jakitera eman du datozen hilabeteetan Goethe Unibertsitatean bultzatuko dituen euskal kulturari buruzko ikastaro eta ekitaldiak. Hasteko, hilabete honetan Romanistika Institutuan eskaintzen den Euskal Herriari buruzko ikastaroaren bigarren zatiari ekingo diote. Ikastaro honetan alemaniar ikasleek Euskal Herriko geografia, musika, kirol, arte, ohitura, mitologia edo politikan sakontzeko aukera dute, besteak beste.

Bestalde, Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak ikasle horiei laguntzeko Euskal Herriari buruzko alemanierazko webgune bat sortzeko asmoa agertu du. Webgune hau egiteko unibertsitateko Euskal Liburtegiko 1.500 liburu eta multimedia artxiboak baliatuko dituzte. Helburua zera da, www.romanistik-online.com helbidean kokatuko den webgune hau erreferentzia bihurtzea Euskal Herriarengan interesa duen alemaniar publikoarentzat.

Euskal Zinema Arratsaldeak

Euskal ikasketa zentroak urtean zehar egiten dituen Euskal Zinema Arratsaldeak saioarekin jarraituko du datozen hilabeteetan. Proposamen berria ETBek ekoizturiko 'Euskal Herriko kronikak' erreportaia saila da. Dokumental hauekin ikasleek euskal gaiei buruz duten ezagutza areagotzea espero dute. Seihilabeteko bukaeran, bestalde, ezusteko film baten emanaldia egingo dute klaseen bukaerako jaian.

[Frankfurteko Goethe Unibertsitateko sarrera]

Euskara ikasteko online plataforma

Hilaren 9an hasiko dira berriz euskara klaseak, Mercedes Perez irakaslearen gidaritzapean. Aurreko seihilabetekoan hasi zirenek Euskara II emango dute orain eta orain dela hiru seihilabete hasi zirenek irakurketa ikastaroarekin jarraituko dute (Euskara IV). Azpimarragarria da urte hauetan Mercedes Pérezek ikasketa material asko prestatu duela klase hauetarako eta horren emaitza izan da bereziki ikasle alemanentzat prestaturiko ikasketa liburua, aurten argitaratuko dena.

Bestalde ikasleek unibertsitatearen E-learning plataforma erabili ahal izango dute euskara ikasteko. Etorkizunean plataforma hau ireki eta unibertsitateaz kanpoko ikasleek eta gaian interesa duen edonork erabili ahal izatea da arduradunen helburuetako bat. Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, bidali e-maila hona.


Lotura interesgarriak

Euskal Liburutegia, Frankfurt am Main Unibertsitatea
http://titus.uni-frankfurt.de/basklib

Euskal literatura Frankfurteko kaleetan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 17an

Euskal musikaria Frankfurteko Museoen Jaian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia