Las Flores, Argentina. Urtarrilaren 27an bete zituen 30 urte Las Flores hiriko Loretako Euskaldunak Euskal Etxeak. Udako etenaldiaren ostean, datorren larunbatean egingo dute urteurrena ospatzeko jaia "El Terreno" aretoan. Bazkide eta lagun arteko afariak, topa egiteko aukerak eta, nola ez, euskal dantzek, girotuko dute gaua: txikienek euren naturaltasun eta freskotasuna erakutsiko dute dantza emankizunean eta helduek, berriz, bertaratutako guztiak dantza-errondan sartzera gonbidatuko dituzte.
Ospakizun giroaz haratago, ordea, erabaki garrantzitsuen garaia bizi du elkarteak. Hiru hamarkadako bidea egin eta gero, etxe propioa izatea daukate amets nagusi. Gaur egun Vidaurreta familiak utzitako etxe batean egiten dute jarduna, baina Zuzendaritza Batzordeak behin betiko konponbidea bilatu nahi dio egoera horri. Karia horretara, martxoaren 11an, zortzi kidek osatutako ordezkaritza bat hurbildu zen Udaletxera, Fabián Blanstein intendentearekin biltzearren, lursail baten balizko dohaintza edo erosketa bideratzeko asmoz.
Egoitza eta Euskal Herria Plaza
Udaletxeko batzarrak, gainera, egitasmo enblematiko bati bultzada berria emateko balio izan zuen: Euskal Herria Plaza eraikitzea. Alcorta eta Rosario Vera kaleen bidegurutzean dagoen berdegune hau 2021ean sortu zuten. Federico Inchauspe arkitekto eta EEko zuzendaritzako kideak prestatu zuen aurreproiektua, Las Floresko lurretako euskal identitatea islatzen duena. Diseinuak bidezidorrak, mastak eta zortzi eserleku aurreikusten ditu —zazpi lurraldeen eta diasporaren ikur—, baita haritzak landatzea ere.
Obrek aurreproiektua 2022an aurkeztu zenetik aurrera egin ez badute ere, baikor agertu dira Loretako Euskaldunak-eko lagunak Blanstein alkatearekin hitz egin ostean. Izan ere, Euskal Etxeak herriko bizitza sozialean eta udal-ekintzetan izan ohi duen partaidetza aktiboa dira euren aurkezpen-txartelik onena. Euskal Etxeko kideek itxaropentsu uste dute 30. urteurren hau mugarria izango dela, eta azkenean Euskal Herria Plazako lanak eta etorkizuneko teilatupe propio igurikatua mamitzen hasten ikusteko.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


