euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarari buruzko mitoak desmuntatuz abiatu du Urtzi Reguerok Cordobako Geroraren online hitzaldi ziklo berria

2026/06/04

Urtzi Reguero Ugarte idazleak, “Ni la mitad te creas. Mitos, verdades y algunas curiosidades más sobre el euskera” liburuaren egileak, berrogeita hamar lagun inguru bildu zituen Gerora elkartearen 2026ko lehenengo topaketa birtualean
Urtzi Reguero Ugarte idazleak, “Ni la mitad te creas. Mitos, verdades y algunas curiosidades más sobre el euskera” liburuaren egileak, berrogeita hamar lagun inguru bildu zituen Gerora elkartearen 2026ko lehenengo topaketa birtualean

PUBLIZITATEA

Córdoba, Argentina. Cordobako Gerora Euskal Kultur Elkarteak antolatutako “La Diáspora lee (y escribe) al País Vasco" izenpeko solasaldi zikloa euskal literatura garaikideko egileekin eta lanekin topo egiteko eta ideiak trukatzeko txokoa da. Joan den larunbatean, maiatzaren 30ean, ekimenak beste urrats bat eman zuen Argentina eta Euskal Herriaren arteko literatura-zubia sendotzeko bidean, eta bigarren edizioari ekin zion modu birtualean. Saioaren protagonista nagusia Urtzi Reguero Ugarte zizurkildarra izan zen. Irakasle, ikertzaile eta Euskal Hizkuntzalaritzan eta Filologian doktore den honek berrogeita hamar lagun ingururen aurrean aurkeztu zuen bere lana: “Ni la mitad te creas. Mitos, verdades y algunas curiosidades más sobre el euskera”. Dibulgazio-liburu honek zehaztasun zientifikoz baina modu atseginean desmuntatzen ditu euskararen jatorriaren eta bilakaeraren inguruan entzun ohi diren uste faltsuak.

Gonbidatutzat aukeratzea, ustekabeko aurkikuntza bati zor zaio. Gerorako lehendakari Agustina Madarietak Bilboko liburu-dendetan barrena zebilela aurkitu zuen liburua. "Guztiz interesgarria iruditu zitzaidan egileak ia guztiok noizbait entzun ditugun euskarari buruzko ideiak nola lantzen dituen, guri bestelako begiradak, galderak eta ikuspuntuak proposatuz", azaldu dio Madarietak EuskalKultura.eus-i. Liburua erosi eta eskutik eskura ibili zen euskal etxean, antzinako erara, eta horrela sortu zen idazlearekin solasaldia antolatzeko asmoa, jende gehiagok berarekin hitz egiteko aukera izan zezan. Erantzunak Cordobako mugak gainditu zituen, eta hitzaldiak euskara ikasle zein irakasleak, hainbat euskal etxetako kideak eta, oro har, euskaltzale kopuru polita bildu zuen. Parte-hartzaileak oso toki urrunetatik konektatu ziren; besteak beste, Bariloche, Olavarría, Trelew, Paraná, San Luis, Azul, Buenos Aires, General Rodríguez, baita Ciutat de Valènciatik ere.

Zazpi mito banan-banan desegiten

Topaketa lurralde anfitrioiari egindako keinu batekin hasi zen. Reguerok Pello Mari Otañok ombuari jarritako bertso batzuk gogora ekarriz agurtu zuen publikoa. Hortik aurrera, egileak bere idazlanak biltzen dituen zazpi mitoak aztertu zituen banan-banan: euskararen antzinatasuna, bitxitasuna, hizkuntza ukigabea izatearen ustea, euskalkien jatorria, hizkuntza barbaroa, batuaren sorrera eta euskararen zailtasuna. Bide batez, euskararen iraganari buruzko ezagutza zientifikoa zabaltzearen garrantzia aldarrikatu zuen zizurkildarrak. Galderen txandan, hainbat gai interesgarri mahaigaineratu zituzten ikusentzuleek: liburuak Euskal Herritik kanpo izandako harrera —momentuz euskal lurraldean baino salmenta handiagoa izan baitu kanpoan—, “lingua navarrorum” izendapena, UNESCOk euskara hizkuntza kaltebera gisa sailkatu izana, edota Erdi Aroko monasterioek izandako papera. Teknologia berrien, sare sozialen eta plataformen erronka ere hizpide izan zuten. Oraingoan, izan ere, teknologia horiek alde jokatuta eta distantziak laburtuta, solasaldi interesgarri, dibertigarri eta argigarri batez gozatzeko aukera paregabea eskaini zuten.

- Liburua liburudendetan edo Amazon bidez lor daiteke, herrialdeen arabera



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia