euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak arrakasta handiz zabaldu dizkio ateak gero eta sendoagoa dagoen Museoen Gauari

2026/06/01

Ezkerretik eskuinera: Gure Txokoako Hilda Zubeldia lehendakariordea; María Inés Etchevers lehendakaria; eta Evelia Bianchi batzordekidea. Erakusketako objektuak eta pintxo eskaintza. EEko Cynthia Uberuaga idazkaria eta Francesca eta Constanza Sillone
Ezkerretik eskuinera: Gure Txokoako Hilda Zubeldia lehendakariordea; María Inés Etchevers lehendakaria; eta Evelia Bianchi batzordekidea. Erakusketako objektuak eta pintxo eskaintza. EEko Cynthia Uberuaga idazkaria eta Francesca eta Constanza Sillone

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak bat egin du Buenos Aires probintzia erdialdeko kultur ekitaldi jendetsuenetakoen artean kokatzen joan den Museoen Gauaren edizio berriarekin. Joan den maiatzaren 23an, larunbata, arratsaldeko bostetatik gauerdira arte, herritarrek hotzari aurre egin eta ibilbide aberatsa osatu zuten hirian barrena. Besteak beste, López Claro Museoa, Casa Ronco, Squirru Museoa eta Zirkulu Arabiarra bisitatu ahal izan zituzten, euren ateak ere aldi berean ireki zituzten erakunde ofizial eta independente ugarirekin batera, tartean liburutegiak, kultur etxeak, arte tailerrak eta ikastetxeak.

Ronco kaleko 675eko euskal egoitzak ikurrinaren eta Argentinako banderaren kolorez jantzi zuen fatxada bisitariei harrera egiteko. Euskarazko kartelek ongi etorria emateaz gain, euskaraz agurtzera gonbidatzen zuten, eta gau hartako zapore tradizionalen eskaintza iragartzen zuten. Barruan, euskal kultura ondare tradizionalaren lagin zabala erakutsi zuten; lamina eta koadroak, antzinako ikonografia, Arantzazuko Amaren irudia eta jantzi tipikoak jarri zituzten ikusgai, eta herri kirol zein ohiturei lotutako elementuak, tartean aizkorak, enborrak, txapelak eta zahatoak. Horrez gain, euskal nortasunaren hainbat alderdi azaldu zizkioten jendeari, etorkinen oroitzapenak eta familia istorioak partekatuz. Euskal Herriko zazpi lurraldeei buruzko bideo laburrak proiektatu ere ziren, eta doinu tradizionalak lagun, Etxeko neska gazteak “Zazpi Jauzi” dantzatzera animatu ziren.

 
Museoen Gaua hartu zuen aretoa eta erakusketako elementuak

Aipamen berezia merezi du gaueko eskaintza gastronomikoak; "betiko janaria, euskal ukituarekin" lelopean, harrera bikaina egin zioten azulgotarrek proposamenari. Eskainitakoaren artean ez ziren falta izan odolki, udare eta intxaur enpanadak, txerriki eta hirugiharrezko ore-saskitxoak, barazki eta ardotan egositako txoripanak, pintxo aukera zabala eta, nola ez, patata tortilla tradizionala, guztia kalimotxoa lagun. Deialdiaren arrakasta ikusita, ekimena egutegian finkatzea eta gastronomia topaketa hauek hilean behin errepikatzea aztertzen ari dira Gure Txokoako kideak.

Euskal Etxeak antolatutako asteburu kulturala igande arratsaldeko eskaintzarekin osatu zen, 2026ko Euskal Zine Zikloaren emanaldi berri batekin hain zuzen. Kasu honetan, Alauda Ruiz de Azúa zuzendari barakaldarraren "Los domingos" film luzea proiektatu zuen Gure Txokoak. Emanaldia hunkidura eta txalo artean amaitu zen, euskal kulturari hirian ikusgaitasun handia eman zion asteburuari amaiera bikaina emanez.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia