euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguna Madrilgo Euskal Etxean: Bertso afaria Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeitarekin, animatzen?

2023/11/17

Madrilgo Euskal Etxeak euskararen egunerako gonbidapena luzatuko die hiriko euskaldun guztiei
Madrilgo Euskal Etxeak euskararen egunerako gonbidapena luzatuko die hiriko euskaldun guztiei

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. Ia bi aste besterik ez Euskararen Nazioarteko Egunerako eta, ohi denez, munduan zehar euskal etxeak aurtengo ekitaldi eta ospakizunak prestatzen ari dira abenduaren 3aren inguruan bat egiteko. Madrilgo Euskal Etxeak proposamen berezi bat luzatu du aurten, deialdi bateratua eginik espainiar hiriburuko Complutense Unibertsitateko Euskal Ikasketen Sailarekin eta hiri bereko Jesus Maestro Hizkuntza Eskola Ofizialeko Euskara Sailarekin, Etxepare Euskal Institutua lagun.

Izan ere luxuzko bertso afaria antolatu dute, halakoak baitira bi bertsolari gonbidatuak, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita. Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994) bertsolaria, idazlea eta kazetaria da. 2022an finalista izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusian eta urte hartanxe, irailean, bere lehenengo eleberria argitaratu zuen: 'Bar Gloria'. Onintza Enbeita (Muxika, 1979), berriz, bertsolaria eta kazetaria da, eta diputatua izan zen Bizkaitik 2012-2016an Espainiako Kongresuan. 2018an Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Gaur egun, hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du, eta zutabe ezagun baten sinatzaile da Berria egunkarian.

Ez geroratu, plazak mugatuak dira

Deialdia abenduaren 4rako da, astelehena. Madrilgo euskaldun guztiak euren bertsoak entzutera eta disfrutatzera gonbidatuta daude. Afariko menua Madrilgo 'kozido' tradizionala izango da eta hala nahi dutenek barazki menua ere izango dute. Hitzordua, Euskal Etxean (Jovellanos, 3), gaueko 8etan. Lehenik bertsolariak aurkeztuko dituzte, gero afaldu eta afalostean, bertso saioa. Sarrerak Euskal Etxeko Idazkaritzan eros daitezke: 20€na bazkideentzat eta 25 €, bazkide ez direnentzat. Ez gerorako utzi, plazak mugatuak baitira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia